Surflari ernegatua

Klima aldaketaren aurrean, kontsumitu

Ez dut ikusi “Stars Wars” filma, baina bertan agertzen diren «sith» izeneko pertsonaia ilunen profila ezagutzen dut. Ezagutzera behartua nago, mendebaldeko gizateria eskas honetako parte bainaiz. Kapa beltza, ukimenezko xafla azalean eta bozgorailu maskara muturrean. Antzeko ur-jantzi bat egin dute Surfrider Foundation-ek eta Vissla arropa markak elkarlanean.

«Rising Seas» deitu dute etorkizuneko modeloa. Itzulpen literala «handituz doan itsasoa» edo antzeko zerbait litzateke, baina ez dakit izen horrekin zehazki zer adierazi nahi duten.

Ur-jantzi honek «biodefentsa sistema» bat omen du, surflaria «gero eta kutsatuago dagoen itsasoko uretatik babesteko». Ur-jantzi futuristak kutsadura mailaren, petrolio kantitatearen eta bakterio kaltegarrien inguruko informazioa ere emango dio surflariari, beso aldean jantziak duen pantaila baten bidez.

Aurpegia eta burua guztiz estaltzeko maskara bat ere badu ur-jantziak. Horrela, LED pantaila baten bitartez surflariak une oro jakin ahal izango du eguzki-erradiazioa zenbatekoa den, ura zenbat gradutan dagoen, eta abar.

«Surf egiteko ur-jantzi hau beharko dugula pentsatze hutsak beldurra sortzen du; horregatik egin dugu, planeta osasuntsu bat nahi duen orok lagun gaitzan ur jantzi hau inoiz ez merkaturatzen», azaldu zuen Vissla markako ordezkari Paul Naudek aurkezpen ekitaldian. Hau da, diseinua egin dute. Diseinua baino gehiago, ur-jantzia egin eta bideo baten bitartez erakutsi dute, eta horretarako, noski, dirua eta lanorduak inbertitu dituzte. «Atentzioa emateko», azpimarratu zuen Naudek.

«Rising Seas ur-jantzia gure errealitatea izango da klima aldaketari eta kutsadurari aurre egiteko berehalako neurriak hartzen ez baditugu», nabarmendu zuen Eddie Anayak, Surfrider fundazioko marketin zuzendariak.

Errealitatea hau da. Surflarien izenean, marka izenen ordezkariak eta elkarte ekologistetako marketin zuzendariak ari dira klima aldaketaren kontrako borrokaren lehen lerroan. Aukeran nahiago hamasei urteko ordezkari suediarra. Greta Thunbergek hitzekin esan eta ekintzekin erakusten du, marketin kanpaina garestien beharrik gabe. Aitzitik, surflariak, egiten dituzten hegazkin bidaiak soilik kontuan hartuta, gehien kutsatzen duten komunitateetako bat dira.