Izena ABIZENA
LEKUA
ESPEDIZIOA

Utah-ko basamortuko infernuan artifizialeko hiru bide berri

Iragan abuztuan, Joan Gilbert eta David Palmada katalanek Mystery Towers-en «Three from Hell» xedea biribiltzea erdietsi zuten.

Ez dago zalantzarik: David Palmada “Pelut” Utah-ko (AEB) Mystery Towers delakoekin liluratuta dago. Eskalada artifizialean jarduten duen espezialista bikain honek hainbat bidaia egin ditu basamortu horretan dauden harea-buztinezko dorre horietara. Joan den udan Joan Gilbert kidearekin itzuli zen. Eta ia hilabeteko espediziotik “Three from hell” izeneko xedea ekarri du etxera. Beste era batera esanda, sokada katalan horrek hiru bide berri zabaldu ditu: “Desert Monkeys” (A4+/V, 215 m) Gothic Nightmaren, “Empebrats from hell” (A5/6a), 105 m) Doric Columnen eta “Muerte Destrucción” (A4/6c, V+ halabeharrez) bidea Fortalezan.

Zenbakiei zein letrei begiratzen badiegu, ez dira Pelutek ingurumari horretan zabaldu eta eskalatu dituen bide zailenak. Alabaina, beste bidaia batzuetan ez bezala, azkenengo agerraldi horretan oso eraginkorra izan da. Ia-ia ez zuen atsedenik hartzeko betarik izan. Eta basamortu horretako baldintzak ikusita, bi protagonistok egin dituzten jarduerak azpimarragarriak dira.

Pelutek berak onartu digunez, Gilbertek lehen eskarmentua izan du dorre horietan, eta ateratako “nota” oso altua izan da. Eta GARAri azaldu dionez, hori ez da batere ohikoa, batez ere eskalada estilo horrek bere baitan jasotzen duena kontuan hartzen badugu: «Eskalatu ditugun hiru bide horiek infernutik sortzen dira. 45 gradutan dagoen labe bat da, eta muturreko lehortasunak sudurreko zainak leherrarazi eta airean dauden partikulek begiak kaltetzen dizkizute. Horretaz guztiaz gain, tenperatura altuek erabat deshidratatzen zaituzte».

Katalanak gai izan dira hiru dorretan hiru bide zabaltzeko; Pelutek berak aitortu duenez, «arrokazko munduko dorre ezegonkorrenetan». Eta, gainera, abuztuan egon dira! Bertako eskalatzaileentzat sasoi hori erabat debekatuta dago: «Behin baino gehiagotan galdetu digute zergatik joan garen udan. Oporrak direla erantzun dezaket, baina garai horretan dorre horietan eskalatzeak badu berezitasunik. Ez duzu gizabanakorik ikusten, bakar-bakarrik zaude, estaldurarik ez duzu… Horrek guztiak eta egiten duen bero sargoriak konpromiso handia eskatzen dute. Jakina, motibazioari eustea ez da batere erraza, baina tira…».

Logistika kontuengatik, Gothic Nightmaren hasi ziren; hain zuzen ere, dorre handienean: «Gure lehen bidea hor zabaldu nahi genuen. Estrategia zein antolaketa oso zehaztuta eraman behar duzu, besteak beste, jarduera horiek egiteko ez genituelako egun asko eta klimak den-dena baldintzatzen dizulako. Egiten duen bero izugarriagatik likido asko eraman behar duzu. Gure kasuan, bakoitzak egunero zortzi litro ur edaten genuen».

Katalanok paretaren marra akrobatikoena hautatu zuten. Hasteko, sabai handi batzuen bila joan ziren, eta horiek amaitu zirenean hala moduzko artesi bat hartu eta amaieran, bai, benetako artesi batetik irten ziren. Lehen marra hori zabaltzen ari ziren bitartean, bestalde, ekaitzen mamua agertzen hasi zen: «Tximistak eta trumoi hotsak: izua erabatekoa zen! Une jakin batean, Joan bilera batean zegoela, jaistea eskatu zidan. Jakina, onartu nuen».

Egoera lasaitu zenean paretara itzuli ziren eta, Pelutek esan digunez, luze epikoak, intentsoak, beldurgarriak, akatsik onartzen ez dutenak… ireki zituzten. Horietako bat opari gisa hartu zuten: «Kanal bat zen: oso-oso zikina, iluna, aurrera egiteko zaila, hauskorra… Jarritako seguruak justu-justu mantentzen ziren… Lasaitasunari eustea ezinbestekoa zen. Azkenean, tormentu hori bukatu eta amaierako artesian sartu ginen».

Beste bi

“Desert Monkeys” bide berritik leher eginda jaitsi ziren, baina motibazioak bere horretan segitzen zuenez, Doric Columnera abiatu ziren. Ipar horma aukeratu zuten. Pelutek aipatu duenez, goi mailako balizko marra bat zain zuten: «Artesi txiki-txiki batean sartu ginen. Ondo eta erritmo onean eskalatzen ari nintzen, baina onartu behar dut aurreko jarduerak eragina izan zuela. Ez nuen beldurrik eta ez nuen minik sentitzen; soilik eskalatu egin nahi nuen. Moaben erosketa batzuk egin eta gero, berriro gure xedera joan ginen. Sartu eta bukatu arte ez ginen jaitsi. Une zirraragarriak bizi izan genituen».

Luze zail batzuk gainditu ondoren, harlauza-artesi batekin egin zuten topo. Ukitzen zuten guztia eroriko zela zirudien, baina egiturak, zorionez, ez ziren puskatu. Bloke arriskutsu batzuk librean eskalatu eta gero, gailurra gertu zuten. 15 metro besterik ez ziren, eta horiek dorre horretan dagoen marra klasikotik egin zituzten. Era horretan, katalanok “Emprebats from hell” sortu zuten.

“Three from hell” xedea biribiltzeko bide bakarra falta zitzaien. Berez, Citadelera joan nahi zuten; izan ere, Pelutek duela pare bat urte bide zuzen eta oso tekniko bat ikusi zuen. Baina urte berean Jim Beyer eskalatzaile historikoa aurreratu zitzaion A6 zailtasuneko proposamen berria zabalduz.

B plana Fortaleza izan zen. Pelutek aipatu digun bezala, murru horretan soilik bide bakarra zegoen: «Inoiz zabaldu dudan bide onenetarikoa zain genuen. Eroria duen artesi batek behetik gora zeharkatzen du. Eta, gainera, goialdean arrokaren kalitatea oso ona zen. Azken jarduera horretan apustu ausarta egin genuen: paraboltik ez. Garbi-gabia, beraz».

Lehen bilera oso sendoa antolatu zuten. Hala behar zuen, besteak beste, goialdetik harri eta buztin asko erortzen zelako. Sasoia zein burua mugara eraman zuten. Hala eta guztiz ere, erritmo onena zebiltzan. Ur gutxi zuten eta hego aurpegi batean eskalatzen ari ziren: «Ez genuen zorte handirik izan, abuztu osoko egun beroenak ziren. Lehen gaua iritsi zen, eta Joan erabat izorratuta ikusi nuen; erabat deshidratatuta. Beste egun bat genuen aurretik oraindik eta petateetan soilik litro erdi bat ur genuen biontzat. Egoera larri hori ikusita, kanpalekura jaitsi ginen. Hidratatu eta biharamunean azken bide horri amaiera eman genion. Fortalezan paraboltak erabili gabe jardun dugu, eta, gainera, ukitu gabe zegoen gailurra eskaini zigun. Izaniko eskarmentuagatik, marra berriari ‘Muerte Destrucción’ deitu diogu».