Maider IANTZI GOIENETXE
DONOSTIA

Ekonomialari euskaldunen arteko sarea sortzeko, biltzarra antolatu dute

Ekonomialari lanbidea hagitz erdalduna da, nahiz eta azken urteetan ikasketak euskaraz egiten diren. Ekonomisten Euskal Elkargoan Euskal Komunitatea sortu zen euskara bultzatzeko. UEUrekin batera prestatutako azaroaren 14ko biltzarraren asmoa ere horixe da.

UEUk eta Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatuta, Ekonomialari Euskaldunen Biltzarra eginen da azaroaren 14an Donostian, Euskaltzaindiaren egoitzan. Juan Jose Ibarretxe, Jule Goikoetxea eta Baleren Bakaikoa izanen dira hizlari batzuk. Lehenengo edizioa izanen da.

Ekonomialari euskaldunen sarea sortzeko helburuarekin, egitarau sendoa prestatu dute, azken joera teorikoen berri izan, pil-pilean dauden gaiez modu kritikoan eztabaidatu, eta unibertsitatearen eta ekonomialarien arteko zubiak eraikitzeko.

Egun osoko jardunaldia izanen da. Hitzaldi nagusia Juan Jose Ibarretxe Agirre Lehendakari Centerreko zuzendariak emanen du. Izenburu laburra du hitzaldiak, “K”, baina eduki zabala. Ikerketari, garapenari eta berrikuntzari, kulturaren “k” gehituko dio Ibarretxek, munduaren ikuspegi berezia ematen digulako euskarak.

Kataluniak, Eskoziak eta Euskal Herriak ere badute “k”, eta Europaren etorkizunaz gogoeta eginen du Agirre Lehendakari Centerreko zuzendariak.

Historiatik etorkizunera

Biltzarretik nabarmentzeko bertze mintzaldi bat Jule Goikoetxea EHUko filosofo, idazle eta aktibista feministarena da. Genero arrakalaren inguruan arituko da. “Historiatik etorkizunera” leloa izanen du jardunaldiak, denboran bidaia bat egitea proposatuko baitu. Iraganarekin hasita, Azpilkueta figura ezezagun baina garrantzitsuari omenaldia eginen dio Oskar Arantzabal UEUko Ekonomia Saileko buruak. Igor Etxabe, aldiz, Eibarrera begira jarriko da, 1700. urtetik 2016ra arteko errepasoan.

Orainaldiko gaien artean, klima aldaketari eta ekonomia zirkularrari helduko diete. Etorkizuneko hitzaldietako bat EHUko Joseba Permachek emanen du, robotizazioaz eta enpleguaz hausnartuz. Bertze hizlari bat Baleren Bakaikoa izanen da. Ekonomia Aplikatuan katedraduna da, orain erretiratua, eta “Euskal pentsio sistema baterantz” mintzaldia emanen du. Sistema honek izanen lituzkeen mugez ariko da, nola finantza daitekeen aztertuko du, nola moldatzen diren bertze herrialdeetan... Ekonomisten Euskal Elkargoko Joseba Barandiaranek, bertzetik, elkargoaren esperientzia partekatuko du eta Wikipedia elikatzeko dituzten asmoen berri emanen du.

Imanol Urbieta Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitatearen kideak atzoko aurkezpenean erran zuenez, ekonomialari lanbidea hagitz erdalduna da, nahiz eta azken urteetan ikasketak euskaraz egiten diren. Azaldu zuenez, elkargoko kideen %60k euskaraz dakite eta kopuru hori handitzen ari da. Euskal Komunitatea euskara bultzatzeko sortu zen eta biltzarraren asmoa ere hori da.

Normalizaziorako funtsezkoa

Donostiako Euskara Zerbitzuak 20 urte darama UEUrekin elkarlanean eta biltzarraren babeslea da. Edurne Otamendi zerbitzuburuak azpimarratu zuenez, «ekonomiak pertsonen bizitzetan duen eragina ikusita, gai hauek euskaraz jorratzea gakoa da gaurko gizartean hizkuntzaren erabileran aurrera egiteko».

Otamendiren iritziz halako ekimenek sekulako garrantzia dute euskararen normalizazioari begira. Hagitz positibotzat jo zuen, gainera, sektorez sektore sareak ehuntzen joatea.

Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak gaineratu zuen beharrezkoak direla hausnartu eta eztabaidatzeko guneak. «Ziur gaude Ekonomisten Euskal Elkargoarekin abiatu dugun bideak urrutira eramango gaituela». Oskar Arantzabal UEUko Ekonomia Saileko buruak, bere aldetik, biltzarraren xedeak zehaztu zituen: hutsune bat betetzea, euskarak ematen duen kohesio soziala bultzatzea, teoria eta praktika batzea eta pentsamendu kritikoa garatzea.