Alaitz Jauregi eta Shaila Perez
Euskal Herriko BDZ mugimenduko kideak
KOLABORAZIOA

Israelgo Armada Euskalgym-en*

Azaroaren 1ean Euskal Gimnastika Federazioak Linoy Ashram israeldarra aurten ere BECen azaroaren 16an izango den Euskalgym-era gonbidatu duela jakin genuen sare sozialen bitartez.

Aurreko gutun batean azaldu bezala, Jose Luis Tejedor Vicente Euskal Gimnastika Federazioko lehendakariarekin eta Euskalgym-en antolatzaileekin kontaktuan jartzen saiatu gara joan den urtetik, bai posta elektronikoz bai posta arruntez, baina ez dugu inolako erantzunik jaso. Are gehiago, komunikabideetan Israelgo Armada Euskalgym-en izateagatik ardura plazaratu genuen. Kasu honetan ere ez dugu erantzunik jaso.

Oso arduratuta eta minduta gaude. Izan ere, azken urteetan Euskalgym ekitaldi famatuan gertatzen ari diren giza eskubideen urraketen gainean gure ardura adierazi nahi dugu Bizkaiko BDZ taldeko kideok (Israeli, honek nazioarteko legeria bete arte, boikota, desinbertsioa eta zigorrak sustatzen dituen plataforma). Zuen erantzun faltak giza eskubideekiko eta euskal gizartearen parte handi batekiko errespetu falta erakusten du.

Bizkaiko BDZ osatzen dugun talde eta norbanako guztiok ardura handiz ikusten dugu Israelen presentzia Euskalgymen. 1948. urtean Israelgo Estatua sortu zenetik Palestinako lurren okupazioa gero eta bortitzagoa da. NBEren eta Amnesty Internationalen esanetan, «okupazioa guztiz legez kontrakoa da, egunero eta sistematikoki palestinarren giza eskubideak urratzen direlarik»: umeen atxiloketa ilegalak, palestinarren zirkulazio askatasunaren urraketa, jazarpenak, mehatxuak, torturak eta tratu txarrak (adin txikikoei barne), erailketa ez-legitimoak, arrazakeria, adierazpen askatasunaren eta bilerarako eskubidearen urraketa, palestinarren etxebizitzen eraispena eta kanporaketa behartuak, nazionalitatea eskuratzeko ezintasuna, gerra krimenak, exekuzio ilegalak eta abar. Honekin, Israelgo Estatuak, besteak beste, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna eta Osloko Itunak urratzen ditu.

Israelgo Estatuko ordezkariek Israelen krimenak ezkutatzea dute helburu, propaganda sionistaren bidez estatu moderno eta aurrerakoia dela erakutsiz. Baina aipatu bezala, errealitatea bestelakoa da, eta Israelgo ordezkariak gonbidatzen dituzuen erakundeek okupazio eta apartheidaren konplize zuzenak bihurtzen zarete. Gaur egunera arte hiru dira Euskal Gimnastika Federazioak Euskalgym galan parte hartzera gonbidatu dituen gimnastak: Irina Risenzon, Neta Rivkin eta Linoy Ashram. Hirurak Israelgo Armadan egondakoak dira, eta Linoy Ashramek egun bertan jarraitzen du. Gainera, Neta Rivkinek eta Linoy Ashramek sare sozialetan publikoki babesa erakutsi diote Israelgo Armadari, beraien praktikak goraipatuz.

Hori guztia dela eta, Boikot, Desinbertsioa eta Zigorra osatzen dugunok ez dugu euskaldunon diru publikoarekin estatu kriminal bat zuritzen parte hartu nahi. Ez dugu nahi Linoy Ashram azaroaren 16an BECen izango den Euskalgym galan egotea. Horregatik, Euskal Gimnastika Federazioari Israelgo Federazioari eta Israelgo Armadako ordezkariei egindako gonbidapena bertan behera uzteko eskatzen diogu.