Ines Matxiarena*
Goldatz Berako emakume feministen taldea
KOLABORAZIOA

Hizkuntza kolonialean, dekolonizatzen ahal gara?

Hilabete hasmentan Euskal Herriko Jardunaldi Feministetarat joan ginen eskualdeko emakume* kuadrilla bat. Salda zegoela iragarria ziguten, eta iragarpenak espero bezala bete ziren.

Ahoan bilorik gabe mintzatu zitzaizkigun Durangon, bakoitza bere egiaren jabe. Eskertu genuen errealitate ezberdinen argazkiaren berri ematea, eta zapalkuntza horien guztien aitortzatik abiatzen dugu gure hausnarketa. Herri eta klase zapalduko emakume* gisa, argi dugulakoz bertzeen mina gurea ere badela. 

Baina jardunaldietan, gure borroka ikusezina eta bigarren mailakoa zela sentitu genuen. Euskara erdigunean egonen zela iragarria bazen ere, laster konturatu ginen alderantziz izanen zela. Hizkuntza kolonialean aditu behar izan genituen bertaratutakoen hainbat mezu. Momenturen batean, hizkuntza koloniala euskararen aldean egokiagoa zela saldu nahi izan ziguten, euskara gauza batzuk azaltzeko baliagarria ez dela ulertaraziz. Hainbat adibide ditugu euskaldunon eskubideen kontrako erasoak kontatzeko.

Hizkuntza ez da neutrala, bi hizkuntza zapaltzaile daude herri honetan (espainola eta frantsesa) eta bertze bat zapaldua (euskara). Hau horrela izanik, euskaraz mintzatzea ekintza feminista da.

Hizkuntzak, bertze gauzen artean, mundua ikusteko modu bat ematen digu. Bertze jatorrizko herrietan bezala, lurrarekin komunikatzeko eta oreka mantentzeko ezinbertzeko tresna da. Landa eremuan bereziki mantentzen den ikuspegia da, hirietako adreilu eta zementuak arruntean estaltzen duena. Nabarmen gelditu da jardunaldi hauetan ere, guk hiriaren berri izanagatik, hiritarrek ez dutela gure berri. Euskal Hiritik teorizatzen dugun bitartean, Euskal Herria itotzen ari da. Lurraren eta hizkuntzaren kontrako etengabeko eraso honetan, feminismotik ditugun gabeziak nabarmenak dira. Lurraren eta jatorrizko herrien defentsa bizitzaren beraren defentsa den arren. 

Etorkizunerat begira, argi dugu gure esku dagoela ikuspegi hau jorratzea eta plazaratzea. Argi dugu baita ere, bildu ginen 3.000 emakume* ingururen artean aunitzez gehiago dela batzen gaituena bereizten gaituena baino, eta elkar aitortzetik zubiak eraikiz, lortuko dugula Euskal Herri feminista, euskalduna eta lurrari atxikia. Denak elkarrekin, auzolanean.

*Artikulua hauek ere sinatzen dute: Uhaina Apezetxea, Baztango talde feminista; Harri Arrijuria, Plazara dantzara; Helena Xurio, Zugarramurdiko feministak; Lorea Flores Compains, Lesakako emakume taldea; Mikele Etxekolonea Diez, Emura Malerrekako eta Bertizaranako talde feminista.