Fernando Mijangos
Kimikan doktorea
KOLABORAZIOA

Sekula ez da berandu

Sarri pentsatu ohi dugu jarrerak aldatzeko beranduegi dela, bai norberak eman beharko lukeen erantzunean, bai instituzioek bultzatu beharko lituzketen neurri eraginkorretan. Nik ere sinatuko nuke hori, baina hezkuntzak gizartean duen eraginaz konturatu naizenez, adibide xume bat zuekin irakurleokin konpartitu nahiko nuke, sekula ez dela berandu ondorioztatzeko.

Aurreko larunbatean oso euritsua izan genuen goizaldea. Zaparrada galantak jasan genituen orri informatibo bat banatzen egon ginen Getxoko EH Bildu taldeko kide batzuek, aldaketa klimatikoan hondakinen kudeaketak eta tratamenduak duten eragina eta ondorioak azaltzeko. Harrigarria da orri informatibo horretan agertzen den datua; getxoztarrok hondakin organikoa selektiboki bildu eta konpostatuko bagenu, 500.00 kg karbono dioxido atmosferara bidaltzea ekidingo genukeela. Urrats txikitxoa izan daiteke, edo, handia, guztiok parte hartuko bagenu.

Horregatik, norberak atmosferara botatzen duen gas karbonikoaren kantitatea murriztu ahal izateko, EH Bilduk Getxon proposatu du hondakin organikoaren bilketa selektiboa gakoa dela 2020. urterako hondakinen %40 birziklatzea lortzeko. Ez, ez da erronka makala. Lortu ezinekoa iruditu arren, larunbatean egon ginen orri informatiboa banatu eta, halaber, hondakin organikoaren kontainerrak erabiltzeko eskaeraren orria zabaltzen. Sekula ez da berandu. Gaur egun getxoztarren %10 baino gutxiago ari gara hondakin organikoa kontainer marroian botatzen, eta hori oso kopuru txikia da egia bada guztiok oso kezkatuta gaudela aldaketa klimatikoarekin. Nola eragin horretan?

Etxeko hondakin organikoa erabat konpostagarria da; lauzpabost hilabeteko prozesu aerobiko baten ostean konposta bihur daiteke. Prozesu naturala, berezkoa da, eta ez du karbono dioxidorik atmosferara botatzen. Azpiegitura txiki eta merkea behar du, lur azalera txikia eta prozesu garbia, besterik ez. Gaur egun ondo teknifikatuta dagoen instalazio bat, besterik ez. Orduan zergatik Bizkaiko Foru Aldundiak ez du tokian tokiko konpost planta zabaltzeko neurri eraginkorrik hartzen? Sekula ez da berandu.

Getxoko Udaletik ez badute aurrerapausorik ematen kontzientziazioa zabaltzeko eta ez badute hondakin organikoaren bilketa selektiboaren alde kanpainarik sustatu nahi, ba guk, Getxoko EH Bildukook, gure aldetik jarraituko dugu orri informatiboak banatzen. Larunbat horretan hogei bat eskaera berri lortu genituen, gutxi agian? Bada, udaletxean hilabetean lortzen duten beste! Urrats txiki bat egin dugu eta espero udal gobernutik ildo beretik bultzatzea.

Azkenik, eskerrak eman euripean orri informatiboa jasotzera hurbildu zirenei; askok esaten zuten eurek aspaldi etxean hondakinak bereizten zituztela, beste batzuek hori egin nahi zutela baina ez zeukatela etxetik hurbil non bota organikoa, beste batzuek udaletxean eskatuko zutela, eta abar. Esandakoa, eskerrik asko hondakin organikoa selektiboki biltzen duten guztiei. Horri esker karbono dioxido gutxiago botatzen baitugu atmosferara. Instituzioek sinatu egin dute klima aldaketaren aurrean dokumentu bat. Noiz indarrean ipini? Noizko neurri eraginkorrak?