Nahia Torrealdai Mandaluniz
Euskal Herriko Bilgune Feminista
KOLABORAZIOA

Ez zaituztegu behar aske izateko!

Aske izateko poliziarik ez! Emakumeok* inori eraso egin ez arren, bizkartzainek eta bestelako kontrol mekanismo polizialek gure askatasuna mugatzen dute. Segurtasun eredu horrek ez gaitu aske sentiarazten; alderantziz, are gehiago biktimizatzen gaitu. Poliziak gorpuzten duen maskulinitate ereduak eta iraunarazten duen menderatze sistemak berak kolpatzen gaitu emakumeok*.

Aske izateko prebentzioa!  Jendarte feminista eraikitzeko ezinbestekoa da hezkuntzan eta profesionalen formakuntzan inbertitzea. Horrela, indarkeria matxistaren erreprodukzio eta legitimazio mekanismoak deuseztatuko ditugu, guztion artean!

Aske izateko diskurtso hutsalak soberan! Soberan ditugu neurri integralik eta aurrekontu partida nahikorik gabeko puntu more, isiltasun minutu, gezur eta argazkiak. Ez dugu garbiketa morerik nahi!

Aske izateko baliabideak! Indarkeria jasa(te)n dugun emakumeok* eskura behar dugu asistentzia sozial, psikologiko eta legala erreparaziorako eta bizitza duinari eusteko; salaketa judiziala ezarri ala ez. Doako, kalitatezko eta unibertsala den laguntza sozial, psikologiko eta legala orain!

Aske izateko espetxerik ez! Ez doa arazoaren muinera zigorrak gogortzen dituen sistema judiziala. Behin eta berriro ikusi dugu kartzela ez dela birgaitzeko eta birjendarteratzeko tresna, arazoak konpondu baino areagotu egiten dituela. Horregatik, espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren aurka gaude! Espetxeak apurtu!

Aske izateko justizia feminista! Beharrezkoa da justizia eredua birpentsatzea, fokua erasotuon erreparazioan eta babesean jartzea. Ezinbestekoa da berriz ez errepikatzea bermatzea. Horretarako, funtsezkoak dira emakumeon* sinesgarritasuna, testigantzen balioa eta jazotakoaren aitortza. Prozesuaren erdigunean erasotakoa jartzea, haren beharrak, askatasuna eta erritmoak aintzat hartzea nahitaezkoa da.

Aske izateko xenofobiarik ez! Ez ditugu behar eta ez ditugu nahi arrazakerian, beldurrean eta kontrolean sakontzen duten diskurtsoak. Alferrikakoak dira erasotzaileak gaixo mental edo basapiztia moduan hartzen dituzten errelatoak, indarkeria egiturazkoa ez bailitzan.

Aske izateko ardurak haien gain hartzen dituzten gizonak! Erasotzeari uzten dioten gizonak behar ditugu, konplizitate sare patriarkalekin apurtu eta indarkeria matxistan duten erantzukizunaz kargutzen direnak, ingurune hurbilean aldaketak eraginez. Bereziki, arazoen konponketan inplikatu daitezen eta jarrera ez protagonista mantentzea behar dugu, eurak edo haien inguruko gizonak erasoen erantzuleak direnean.

Aske izateko komunikabide morbosorik ez! Ez dira anekdotak egunero pairatzen ditugun erasoak, ez dira kasu bakanak. Indarkeria matxistaren ezereztea dakarte kokapen feministarik gabeko tertulia arrosek, eraso motak mailakatu eta sentsazionalismora jotzen dutenak.

Aske izateko komunitate antolatuak! Haien baitako gatazkak kudeatzen dituzten eta minak kolektiboki osatzen inplikatzen direnak. Hauen baitan antolatzen jarraituko dugu feministok, denak aske izan arte!

Aske izateko dugun armarik zorrotzena emakumeon* artean elkar babesteko sareak dira! Ekin autodefentsa feministari!