Ekhiñe Zapiain eta Oier Irisarri
Ikasle mugimenduko kideak
KOLABORAZIOA

Hezkuntza eredu propioaren alde

Pentsatzen irakatsiko digun hezkuntza baten alde borrokatzen naiz, ez obeditzen irakatsiko digun hezkuntza baten alde», esaten zuen Paulo Freirek. Izan ere, hezkuntzak garrantzi handia du norbanakoaren eta herri baten garapenean, jendartearen kohesiorako eta integrazio sozialeko tresna den moduan, pentsamendu kritikoa bultzatzen duen hezkuntzaren alde borrokatzen gara gu ere.

Aldiz, espainiar Estatuan izandako lege erreforma eta araudi ezberdinek adierazten duten moduan, zentralizaziorako eta publikotasunaren pribatizazio prozesu bat planteatzen dute, merkatu interesen eta eliteen zerbitzura bideratuz; obeditzeko helburua duen hezkuntza, azken batean.

Hezkuntza-sistema gutxi batzuen zerbitzura nahi dute, Lomce legea norabide horretan kokatuz. Eredu elitista, merkantilista, antidemokratikoa, doktrinatzailea, atzerakoia eta segregatzailea da espainiar gobernari ezberdinek proposatzen digutena, Euskal Herriko hezkuntza komunitatearen eskakizunetatik urrun eta nafarrok behar dugun hezkuntza eredutik urrun.

Horren isla eremu sozial eta politikoan lege erreforma honen aurkako kontsentsu zabala da, azken urteetako mobilizazio eta ekimenetan argi geratu dena. Edozein kasutan, Nafarroan gehiengo hauen dekantazio praktikoa izan dezan jauzi berriak ematea planteatu behar dugu, inposizio hauen aurka guztiz zilegia eta beharrezkoa delako aurrera urratsak egitea, bestelako eredu baterako prozesura, alegia.

Espainiar Estatuaren hezkuntza publikoaren pribatizazio eta zentralizazio saiakeren aurrean gure hezkuntza eredu herritarra defendatzeko, hezkuntza burujabe, publiko, euskaldun, doako, laiko, kalitatezko, unibertsal eta feminista baterantz, gure hezkuntza sistema burujabetzatik, bertatik, eraiki behar dugu, ikasleok eta herritarrok hala erabakita.

Zentzu horretan, azaroaren 28an deialdi garrantzitsu bat dugu, Madriletik beraien legea gure lurretan inposatu nahi dutenei Lomce ez dugula nahi argi uzteko; ikasteko eskubidea murrizten digutenei ikas baldintza duinak exijitzeko; Nafarroan euskaraz ikasteko eskubidea ukatzen digutenei euskaraz ikasteko nahia adierazteko; Skolae programari erasotzen diotenei berdintasunean oinarrituriko hezkuntza, hezkidetzailea eta inklusiboa den eredua defendatzeko hautua dugula esateko; isilarazi eta kameren bitartez kontrolatu nahi gaituztenen aurrean ikasleon erabakimena eta gure eskubideak defendatzea beharrezkoa delako eta ehunka arrazoi gehiago ditugulako ikasleak kalera atera behar dugu.

Eta horretarako, guk diogun moduan, ikasleon borroka beharrezkoa da. Beharrezkoa da, hezkuntza eliteen interesetatik herritarren interesen esku jartzeko; beharrezkoa da, gure herriaren gaineko inposizioak salatu eta gurea aldarrikatzeko. Horregatik, Euskal Herrian ikasle mugimenduak deitutako greba deialdira batzeko dei egiten diogu ikasleriari. Azaroaren 28an hezkuntza sistema propio baten alde, indarra izango gara eta gure hezkuntzari emango diogu!