2019/12/03

Hendaiako Enbata gaztetxea prest da alternatibak eskaini eta egunerokoan eragiteko

Azaroaren 30ean egin zuten Hendaiako Enbata gaztetxearen irekiera ofiziala. Herriko Etxearekin adostutako hitzarmenari esker Hendaitz gazte asanbladak kudeatuko du Kaneta auzoan dagoen lokal berria.

Haritz LARRAÑAGA|HENDAIA
1203_eh_hendaia

Hendaiako Kaneta auzoan dagoen Enbata gaztetxe berria pasa den udatik erabiltzen zuten gazteek, baina irekiera ofiziala pasa den larunbatean egin zuten. Orain artean ekimen puntualak egin dituzte, baina hemendik aurrera «proiektu bat aurrera eraman nahi duen edozein elkarte edo norbanakorentzat ateak irekiak» izango direla azaldu zuen Aimar Lopesek, Hendaitz gazte asanbladako kideak.

Poteo herrikoi baten ostean bazkaria egin zuten gaztetxe berrian 70 lagunek eta bazkalostean hiru bertsolarik entzuleen irriak marraztu zituzten. Gazteek ez zuten ohiko moduan, xanpain botilarik ireki edo diskurtsorik eskaini, mezulari lana Iker Altuna bertsolariaren esku utzi baitzuten. «Asanbladako kide denez, bazekien zer esan behar zuen», argitu zuen Lopesek.

Edonola ere, Hendaitz gazte asanbladako kideek egun jakin batean egiten denari baino garrantzi handiagoa ematen diote egunerokoari. Haien hitzetan, «helburua ez da kontzertu gela bat bilakatzea, egunerokoan gazteen arteko kohesioa landu eta norbanako zein elkarteei lagungarri izango zaien espazio bat eskaintzea baizik».

Zentzu horretan, larunbateko irekiera ekitaldiarekin pozik agertu ziren gazte asanbladako kideak; izan ere, «gaueko kontzertuetan inoiz gaztetxe batera gerturatu ez zen jende gaztea hurbildu zen, eta horrek bide onean garela erakusten du, gure helburuetako bat gaztetxea erakargarria izatea da».

Duela hamar urte sortu zen Hendaiako Hendaitz gazte asanblada. Aldiz, duela bi urte Sasiko gaztetxea itxi zuten eta 2018ko udan suhiltzaileen kaserna zaharra okupatu zuten gazteek. Egun bateko okupazio hari esker auzapezarekin hitzarmen bat sinatu eta Enbata gaztetxea irekitzea lortu zuten.