Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Joseba Tapiak «TranpAldo» zuzeneko diskoa eramango du Durangora

Joseba Tapiak bere bakarkako zortzigarren lana kaleratu du. Bakarka egin duela esatea ez da guztiz egia; trikitilariak urteetan kide izan duen Xabier Berasaluze Leturia pandero jotzailea ondoan izan gabe egin du, baina beste musikari batzuez ondo inguratuta sortu du “TranpAldo”.

Hogei urte dira «bakarkako» lehen diskoa egin zuela, eta ospatzeko erabaki du lan hau egitea. Duela hiru urte Intxaurrondon Broken Brothers taldeak eskaini zuen kontzertu batean izan zen Tapia, eta bertan ezagutu zuen Jon Celestino tronpeta jotzailea. Tapiari «izugarri» gustatu zitzaion taldearen musika, eta era berean, Celestinok aspalditik ezagutzen zuen Tapiaren jarduna, eta erabaki zuten zerbait elkarrekin egin behar zutela noizbait.

Hala, tronpetistak trikitilaria gonbidatu zuen Iruñean egiten duten festa batera. «Herri musikak lotzen gaitu. Broken Brothersek zentzu zabalean lantzen du, musika beltzetik gatoz, funketik, jazzetik. Azken urteetako herri musikak hortik datoz. Gu Euskal Herriko herri musikaren zale egin gara, batez ere bere freskotasunagatik».

Iruñeko festa hartara Nerea Erbiti ere joan zen, gonbidatu gisa, eta egun horretan ezagutu zuen Tapia. «Tapiak jada proiektuaren ideia bazuen. Ni trikitilaria naiz. Pandero brasildarrarekin probatzen hasi ginen eta koroak sartzea proposatu zidan. Tapia eta Leturiaren musikan ahotsak beti izan du presentzia handia», onartu zuen Erbitik.

Honela, euskal herri musikari bultzada bat emateko intentzioarekin bere kantu zaharrei begiratu bat eman zien, errepika itsaskorren bila, eta taldea osatu zuten. Hainbat kontzertu eskaini ostean, pasa den urriaren 25ean egindakoa grabatzea erabaki zuten, eta horrela sortu dute “TranpAldo”. Emanaldiek bi orduko iraupena badute ere, 10 kanta aukeratu dituzte, bakarka zein Leturiarekin sortutakoak.