Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Egunerokoa 3.0

Mutilazioak, istripuak, zaplaztekoak, mozkorrak, umiliazioak. Halakoak bidaltzen dizkit beti lagun batek Whatsappez. Barre egiteko asmoaren azpian, morbo hutsa dagoela esaten diot beti. Baina ez nadin moral ikasgaiak ematen hasi, denak ikusten baititut, batzuetan nazkak edo higuinak gaina hartzen didaten arren.

Haurtzarotik Kixki, Mixki eta Kaxkamelon oroitzen ditugun bezala, espantua izango da gaurko garaiotatik oroituko dugun gauzetako bat: «Oroitzen duzue surf taula txiki batekin uretan sartzeko ahaleginetan zebilen mozkorraren bideo hura?», «Ez da Parisko autobusak burua lehertzen dion txoferraren bideoa baino hobea». Eta abar. Coover ederrak, artelan zoragarriak, malabarismo sinesgaitzak, suizidioak, mozkorrak, haurrak, katuak, urtxintxak, amonak eta aitonak, jende zatarra eta jende polita, modelo normatiboak, modelo lodiak, beltzak eta zuriak, naziak norbait jipoitzen, feministak bularrak airean, politikariak mokoka, lehengusuaren urtemuga, presoa kartzelatik irteten, kuadrillakoaren haur jaioberria.

Telefono berriak beharko ditugu horiek denak jasotzeko, edo garun berriak. Bai, hoberena hori izango da, jasotzen duen anabasa horretatik ondorioren bat ateratzeko gai izango den garun bionikoa. Jari «Siri», jarri «Her», jarri nahi duzuena, baina emadazue bat lehenbailehen.