Xabi Aburruzagak bere kantarik pertsonalenak bildu ditu «Bost» lanean
Quebec eta Palestinara egindako bidaiak, duela bi urte jaio zen semea, txikitan aitona-amonen herrian igarotako udak edo trikitia jotzearen gozamena dira Xabi Aburruzagak bere bosgarren diskoan jorratu dituen gaiak. Nahasketa tematikoa dirudien arren, osotasun bat dute kantek, guztiek musikariaren sentimendurik sakonenak biltzen dituztelako. Era berean, estilo desberdinak nahastu ditu doinuetan euskal trikiti tradizionala gaurkotzeko asmoz.

Xabi Aburruzaga gogotsu dator, asteburu honetan bi kontzertu berezi eskainiko baititu. Bihar Aitzina Folk jaialdi solidarioan izango da Riu talde katalanarekin batera, 19.00etan, Gasteizko Beñat Etxepare aretoan. «Jasotzen diren etekinak ataxia telangiektasia gaixotasun arraroaren ikerketarako dira. Gasteizen gaixotasun hori duen Jon umea dago, eta guretzat ohore bat eta ardura bat da bertan parte hartzea eta ahalik eta jende gehien erakartzea», esan digu trikitilariak.
Igandean, berriz, Getxon izango da, Muxikebarri aretoan, 19.00etan. Antoni Aristi dantza eskolak koreografia sorta bat prestatu du bere abestiekin eta ikuskizun bat osatu dute elkarrekin.
Bi kontzertu hauek Aburruzagaren eta bere bandaren izaeraren adibide dira, beti lagunez inguratuta baitago. Kontzertuetan bere bandarekin jotzeaz gain, diskoak osatzerakoan beste musikari batzuk gonbidatzen ditu berarekin jotzera. “Bost” bere bosgarren diskoan ere hala izan da. «Trikitiarekin bakarrik diskoa egitea posible da, baina jendea gogaitzeko arriskua duzu sorpresarako aukera gutxi ematen dituelako. Ekarpen horiek laguntzen dizute kolorea ematen eta kantuak janzten», iritzi dio.
Hala, Mikel Markez, Amaia Oreja, Feten Feten taldea, Calum Stewart eskoziarra, Yves Lambert kanadarra, Xabier Zeberio, Jose Urrejula edo Motriku dira diskoan parte hartu duten musikarietako batzuk. Galiziako panderojolez osatutako Tanxugueiras taldeak ere badu bere protagonismoa diskoan, bi kantatan parte hartu baitu: «Hiru neska dira, benetako artistak. Lortu dugu ‘Meigas’ galegoz eta euskaraz kantatzea, eta keinu bat egiten diogu feminismoari eta emakumearen egoerari. Euskal Herrian Maurizia panderojolearen kasua dugu, Santa Agedan jo ahal izateko gizonez janzten zena. Gauzak nola aldatu diren, egun emakumeak inolako konplexurik gabe ateratzen dira eta erreferente bilakatzen ari dira, eta niretzat Tanxugueiras horren adibide dira; tradiziotik datozen neska gazteak eta gerra emateko prest daudenak».
Bidaiak eta sentipenak
Nahi gabe izan bada ere, “Bost” lanean bere bizipenak biltzen ditu. Aurreko diskoa, “Keltik”, sortzeko musika zeltan oinarritu zen, kontzienteki, «scottish piper baten mozorroa jantziz». Oraingoan, aldiz, kantak osatzen joan zen, eta batzuk bildu zituenean konturatu zen denek bazutela zerbait amankomunean. Alegia, azken urteetako bidaiak kontatzen zituztela, baita bere bizitzako beste gauza garrantzitsu batzuk ere.
Hala, Quebecera edo Palestinara egindako bidaiak gogoan izateaz gain, bere aitona-amonen herriari bi kanta eskaini dizkio: “Bilbao - La Robla” eta “Waltz for Velilla”. «Nire disko guztietan, bigarrenetik aurrera, badago kantu bat deitzen dena ‘Waltz for…’ eta marka bat bilakatu da. Hasieran erdi brometan jarri nuen eta konturatu nintzen jendeak ulertzen zuela. Beraz, gerora ere bals bat idatzi dut disko bakoitzeko, eta kasu honetan ‘Waltz for Velilla’ da. Velilla nire amaren partetik nire aititeren herria da. Herri txiki bat da, Palentzian dagoena, mendian. Nire txikitako oroitzapenak islatu ditut hor. Bertan pasatzen genituen hamabost egun udan, Bilbao-La Robla tren famatuan joaten ginen eta zazpi ordu behar izaten genituen 200 kilometro egiteko. Herri guztietan gelditzen zen eta niretzat abentura bat zen. Niretzat Velilla, hitz batean, zoriontasuna da. Ni Portugaletekoa naiz, hiri txiki batekoa, eta ezin ginen herritik bizikletarekin atera. Eta Velillara iristean askatu egiten ninduten. Egun guztia kalean ematen genuen. Aitatasunarekin batera txikitako oroitzapenak etorri zitzaizkidan. Garai horretan oso zoriontsua eta inkontzientea izan nintzen, eta horregatik dago goxotasun hori abestian, nolabait esker ona agertzeko herriari», azaldu digu.
Semeari ere eskaini dio kanta bat, “Izei”, biek jolasteko erabiltzen dute trikiti txiki batekin eta umearen ahotsekin osatua. “Hauspoaren infernutik” kantan, berriz, trikitia jotzeak ematen dion alaitasuna islatu nahi izan du. «Abadeek trikitiari infernuko hauspoa deitzen zioten, mugitzen zenean bikoteek aprobetxatzen zutelako dantzatzeko eta ligatzeko. Niretzat gu jada infernuan gaude, gozamen horretan; trikitia jotzen dugunean erabat zoriontsuak gara, eta batez ere jotzen ari zarenean jendeak dantzatzen duenean. Kantu hori tradizionala da. Fandangoa eta arin-arina uztartu ditut, baina moldaketak modernoak dira; lehenengo partea folka da, eta bigarrena bluesa. Nahasketak gustatzen zaizkit. Nondik gatozen gogoratzen du, baina disko hau 2019koa da eta gaurkotasuna izan behar du».
Izan ere, bere lan honetan folka eta jazza euskal trikitiaren doinu tradizionalekin nahasten dira gure erritmo zaharrak gaurkotu nahian. Adibidez, “Bost” kantan normalean gurean jotzen ez den tempoa erabili du: «Normalean trikitian hiru erritmotan mugitzen gara: 3/4 fandangorako, 2/4 arin arinerako, 6/8 biribilketa eta kalejiretarako… ez da oso ohikoa bostekoak egitea. Horrek esan nahi du konpas bakoitzean bost pultsu daudela. Hori munduko folkean egiten da, baina Euskal Herrian ez da erritmo tradizionala. Bosgarren diskoko ‘Bost’ kantan pentsatu nuen erritmo hori sartzea, borobila ixteko, eta nire ustez diskoko kantarik onenen artean kokatzen da. Oso kantu ederra atera da. Hor dago ohiko erritmotik aldentzeko nire ekarpena. Frantzian, Italian, Irlandan eta Eskozian zabalduta dago, baina hemen ez, eta polita iruditzen zitzaidan».
Bidaiak ekarri ditu diskora, baina diaspora ere bai, haiei esker ona adierazi nahian. “Zazpi jauzi” kanta tradizionalean oinarritu da bere “Zortzi jauzi” sortzeko. «Suposatzen da jauzi bakoitza euskal lurralde bat dela, eta nik esaten dut ez daudela zazpi, zortzi baizik. Zortzigarrena nik Ameriketan kokatzen dut, Mexikon, Uruguain, Argentinan eta Ameriketako Estatu Batuetan».
Atzean bere istoriotxoa duen beste kanta bat da “88ko txapelketa”. Lehiaketa hura erreferente garrantzitsua izan zen trikiti munduan gerora oso ospetsu bilakatuko ziren bikote ugarik hartu zutelako parte: Tapia eta Leturia, Martin eta Imanol, Kepa Junkera eta Motriku, Maixa eta Ixiar... Esteban Larrañagaren hitzak ere tartekatu ditu kantan. «Arin-arin bat idatzi dut txapelketan egongo banintz bezala, non nire superheroi horien izenak aipatzen diren. Omenaldi txiki bat da nire erreferente guztientzat», kontatu digu.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
