Gazteei zuzendutako sexu erasoen inguruko eleberria kaleratu du John Anduezak
«Magali ez dago bakarrik» lanak Elgetako bi ahizpa gazte ditu protagonista, Magali eta Nekane. Gizartean kezka eragiten duen arazo larri baten gainean jarri nahi izan du begia oraingoan Anduezak.

John Andueza gazte literaturara itzuli da “Magali ez dago bakarrik” (Elkar) lanarekin, baina oraingoan ohiko tonu umoretsua alde batera utzi du jorratzen duen gaiak horrela eskatuta. Izan ere, sexu eraso bat du ardatz liburuak, eta bi neska dira protagonistak, Magali eta Nekane.
«Kasualitatez iritsi nintzen gazte literaturara. Etxean bertan nituen gazteak, semea eta alaba. Herri oso euskaldun batean bizi gara, Elgetan, eta oso gutxitan ikusten nituen gazteak euskarazko liburuak eskuan. Eta erabaki nuen nire ekarpena egiten saiatzea», azaldu zuen Anduezak liburuaren aurkezpenean.
Urte asko eman zituen Anduezak Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen telebistako saioko zuzendari gisa, jendeari irribarrea eragitea helburu hartuta. Umorea landu izan du bere aurreko gazteentzako liburuetan ere, baina ez zaio soilik genero batekin geratzea gustatzen, eta, helduentzako eleberri bat idatzi ostean gazte literaturara itzultzea erabaki zuenean, beste modu batera egitea erabaki zuen.
«Gai delikatua»
«Gai gogorra da, oso delikatua eta zaila», onartu zuen. Horregatik saiatu da erabiltzen dituen hitzak eta pertsonaiek plazaratzen dituzten iritziak zaintzen. «Liburua idatzi nuen arrazoi batengatik: gure gizartean emakumeen kontrako astakeria asko ari dira gertatzen eta horren aurrean zerbait egin behar dugu. Kezkatuta nago aita, kide eta lagun bezala», aitortu zuen.
Thriller moduan kontatu du istorioa eta, horregatik, azken unera arte ez dakigu zer gertatu den zehazki, nahiz eta badakigun zerbait txarra gertatu dela, nori gertatu zaion eta nork egin duen. Horregatik, hain zuzen ere, aurkezpenean argumentuaren inguruan ez zuen xehetasun askorik eman egileak.
“Magali ez dago bakarrik” izenburuak feminismoan zabaldu den sentimenduari egiten dio erreferentzia. «Iruditzen zait denbora askoan emakumeak bakarrik sentitu direla eraso baten ostean. Gaur egun ere gertatzen dira erasoak zoritxarrez, baina gauzak aldatzen ari dira eta gizartea ez dago prest uzten pasatzeko. Behintzat irabazi dugu emakumeak jada ez daudela bakarrik», nabarmendu zuen idazleak.
Istorioan agertzen diren pertsonaiak «arruntak» dira, baita erasotzailea ere. Baina halako batean zerbait gertatzen da eta «normala» zirudien mutila jada ez da «hain normala». «Saiatu naiz dena etxe azpian kokatzen, gero eta gertuago gertatzen delako», aipatu zuen.
Anduezaren ustez ikastetxeetan irakurtzeko moduko liburua da “Magali ez dago bakarrik”. Izan ere, gaurkotasun handiko gai baten inguruan eztabaidatzeko aukera ematen du.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
