«Herri honetan gertatzen denaren kontzientzia piztu beharra dago»
Lisabö boskotea eta Anari (bakarka) Hondarribiko Psilocybenean (22.00) arituko dira bihar #expolioGARA kanpainarekin bat eginez. Sarrerak salgai jarri eta egun berean agortu ziren baina bertaratzeko aukerarik ez duenak bere ekarpen ekonomikoa egin dezake horretarako propio jarri den 0 lerroaz baliatuz.

Entsegu betean harrapatu ditugu Lisaböko kideak. Gustura, esku artean duten ekimena dela-eta. Ondoren Anariren txanda dator. Dena prest biharko hitzordurako, Hondarribiko Psilocybenean 22.00etatik aurrera. Aretoko ateak ordubete lehenago irekiko dira. Bi ordu eta erdiko saioa iragarri dute, sorpresaren bat tarteko.
Karlos Osinaga Txapek tarte bat hartu du, adeitsu, GARAri ekimenaren berri emateko. «Tamalez, herri honetan ohitu egin gara gauza batzuk jazotzera. Ematen du ez daukala hondorik», esan du.
GARAren irakurlea da Osinaga. Gogoan du espolioaren albistea jakin zuenekoa. «Berria jakin genuela denok jokoz kanpo geratu ginen», aitortu du.
Azken urteotan euskal jendartea lo antzematen duen galdetuta, baietz dio Txapek. «Denborak aurrera egiten du, pasatzen dira egunak eta hilabeteak, eta ahaztu egiten gara. Gauzak itzali egiten dira».
Motxila. Nekea. «Denok badakigu azken urteak nolakoak izan ziren. Hainbat gertaera izan dira eta herriak motxila du bere bizkar gainean. Eta horrek nekea dakar. Presioa jasatera ohitu eta ez dugu erantzuten».
Kontzientzia piztu beharra. «Gogoratu egin behar da gertatzen dena, kasik egunero. Berriz kontzientzia piztu beharra ikusten dut», gaineratu du.
Nork beretik
Bide horretan bere alea jarri nahi izan du Irungo taldeak. «Sinbolikoa da, zoritxarrez, behar den dirutzarako. Gu ez gara talde masiboa, gure kontzertuak diru aldetik ez du ezer suposatuko –dio–. Baina nork beretik, ahal duena egiten badu zeozer mugituko da. Gure ekimen xumeak oihartzuna badu, ea hortik aurrera beste ekimen batzuk martxan jartzen diren».
Jarraitzaileek gogo onez hartu dute ekimena. Joan den astelehen eguerdian jarri ziren salgai 12 euroko prezioan eta egun berean agortu ziren. Sare sozialen bidez egin dute. «Ez genuen dena kartelez josi nahi, GARAren ‘salbatzaile’ bezala agertuz. Izan ere, gu ez gara horrela sentitzen».
Sarrerarik gabe geratu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi duenak oraindik badu aukera horretarako propio jarri den 0 lerroaren bitartez (5 euro). «Irekita dago eta egongo da per secula seculorum», argitu du.
Iaz ikusi zuen argia taldearen azken lanak eta otsailetik dabiltza agertoki gainean Lisaböko kideak. Gernikako Lekuek jaialdiak iragarri berri du Irungo taldearen parte-hartzea, 2020ko martxoan. «Udaberrira arte jarraituko dugu, batez ere Euskal Herrian. Gero, atsedenaren ostean, ikusiko dugu zer egin». «Gure erritmoa ezohikoa da eta horregatik irauten du Lisabök denboran, bestela asper-asper eginda geundeke» [barreak].
Laino ilunei aurre egin behar izan die boskoteak. «Urte zailak izan dira, berriz dena martxan jartzea kosta egin zitzaigun eta diskoa ateratzea ez zen izan uste bezain erraza», aitortu du Lisaböko gitarrista eta ahotsak.
Baina eguzkia atera da eta pozik antzeman dugu Txap. Gustura taldearen engranajea ondo olioztatuta izateak dakarren asetasun sentsazioaz. «Udatik hona eroso sentitzen gara eta momentu polita ari gara bizitzen», esan du.
Komunitatea
Pozik komunitatearekin ere. «Erabat. Jende asko ezagutzen dugu dagoeneko gure kontzertuetatik, oso jende interesgarria. Horietako batzuk Dut-en saioetara zetozen eta bere garaian BAP!en kontzertuetara».
Maila pertsonalean, zortedun sentitzen da bertako parte izateaz. «Dudarik gabe. Madril, Zaragoza, Bartzelona, Castello, Xixon... aldean ibili gara. Leku bakoitzean zure komunitate txikia aurkitzen duzu eta une politak bizi izan ditugu».
«Aurreko asteartean Kafe Antzokian egon ginen Iñigo Muguruzaren omenaldian eta ‘zer egiten dut nik hemen, Iñigo hainbeste maite dutenen artean?’, pentsatu nuen. Pribilegiatua sentitzen naiz. Zer ederra!».

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
