GARA
aiziritze

Lur Berri kooperatiba blokeatu dute laborari batzuek, agintekeria salatzeko

Laborari talde batek Nafarroa Behereko Aiziritze herrian egoitza duen Lur Berri kooperatibako sarrera blokeatu zuen atzo, Olivier Geminek gidatutako zuzendaritzaren agintekeria salatzeko.

Hogeita hamar laborari inguruk Lur Berri kooperatibako sarrera blokeatu zuten atzo goizean goiz. 07.30ean hasi zen protesta ekimen horren bidez, iragan abenduaren 20an Olivier Antonin kooperatibako zuzendari nagusiaren albokoa kanporatu zutela salatu zuten laborariek.

Nafarroa Behereko Aiziritze herrian kokatutako kooperatiba Amikuze eskualdeko laborari talde batek sortu zuen 1936an. 70eko hamarkadan eskualdeko beste kooperatiba batekin bat egin eta Lur Berrik talde kooperatibo gisa zabalkundea abiatu zuen. 2000. urtean 5.000 bat laborari biltzen zituen kooperatibak eragin handia izan du eskualdeko garapen ekonomikoan, baina, azken urteotan, azken bi hamarkadetan Lur Berrik garatutako hedapen prozesuari loturiko desadostasunak eta gatazkak areagotu egin dira.

Atzoko protestaren bidez laborari talde batek kooperatiba taldeko zuzendari nagusia den Olivier Geminen jite «diktatoriala» salatu zuen. Hartara, zuzendariaren jarrera salatu asmotan, traktore bat ipini zuten egoitzaren aurrean. Abenduaren 20an kanporatu zuten Olivier Antoninek «laborariekin zuen tratu ona» nabarmendu zuen protestan parte hartu zuen arto ekoizleetako batek.

Blokeo ekintza hasi eta ordubetera, Olivier Gamin zuzendariak laborariekin bilera egin zuen. Bertan izan ziren urtarrilaren 3az geroztik Lur Berriko presidentea den Eric Narbais-Jayreguy, baita Sauveur Urrutiaguer kooperatibako presidente ohia ere.

«Desbideratze neoliberala»

Azken urteotan tokiko laborariak babestu beharrean elikagaien ekoizpen industrialak dituen interesen arabera jardutea egotzi diote behin baino gehiagotan Lur Berri kooperatibari. Orain gutxi, ELB sindikatuak ekoizleekin ezarritako harreman eredua eta nekazaritza kooperatibak egin dituen beste hainbat hautu auzitan jarri ditu, hala nola arto transgenikoaren ekoizpena bultzatzea.

2013. urtean eztanda egin zuen zaldi haragiaren eskandaluak ere zeharka kolpatu zuen kooperatiba, Lur Berriren «desbideratze neoliberala» baieztatuz, garaian ELBko ordezkariek salatu zutenez.