Jon ORMAZABAL
PILOTA

Erik Jakak uxatu ditu izan zitzakeen zalantza guztiak

Lizartzakoak bere burua pilotaririk onenen aurka lehiatzeko gai ote zen frogatu nahi zuen eta bikain ari da.

Bere burua oso zorrotz hartzen duten horietakoa dela dioen arren, kosta egingo zaio Erik Jakari Binakakoan orain arte egindako lanari koxkaren bat ateratzea. «Ematen du pixkana-pixkana ni ere goraka noala txapelketan, hasi oso ondo egin nintzen, gero partida bat edo beste izan ditut zalantza gehiagorekin ibili naizenak, baina Jose Javierrek ikaragarri laguntzen dit, lan ona egiten ari gara biok, elkar ondo hartzen ari gara eta horrek konfiantza hartzeko eta jokoa hobetzeko asko laguntzen du», azaldu zuen Altuna-Galarzaren aurka kantxan oso eroso sentitu zela onartu eta gero.

Bigarren postuan berdinduta dauden lau bikoteekiko hiru puntuko aldea lortuta, esan daiteke lehen helburua bete duela lizartzarrak Binakakoan lehen parte hartzea duen honetan, baina bestelako ate batzuk ere bota dituela esan dezake. «Baneukan gogoa neure burua pilotaririk onenekin probatzeko, beti hortxe egon naiz ateetan eta ez dut aukera askorik izan estelarretan sartzeko eta adibidez Aimar, Oinatz edo jende hauen kontra partida asko jokatzeko. Beti izaten duzu dudatxo hori jakiteko maila horretan jokatzerik baduzun. Atzean badakit kristoren laguntzarekin jokatzen ari naizela, Jose Javier partida handiak egiten ari da eta ni nire lanarekin pozik nago. Bikote bat gara eta puntuak biok ateratzen ditugu», aitortu zuen.

Notarik ez

Ez omen da bere buruari nota jarri zalea, baina «orokorrean egindako lanarekin gustura nago. Lau eta Erdiko txapelketa on bat egitetik nentorren, maila onean ari nintzen jokatzen eta maila horri eustea lortu dudala uste dut. Ea pixkanaka goraka egiteko aukerarik dudan», gaineratu zuen.

Jose Javier Zabaletarekin oso bikote orekatua osatzen du, etxarrendarrak atzean sortutako aldeei zukua ateratzen bikain ari delako asmatzen Jaka eta jokatutako bederatzi partidetatik bakarrak egin die ihes, tanto bakarraren aldearekin gainera.

Baina jokoaz harago, bestelako azterketarik ere pasa du aurrelari gipuzkoarrak, hainbat urtetan arazo fisikoek bere ibilbidea oztopatu ostean, inolako minik gabe ari baita beretzat berria den eta astero txapelketako partidaren bat jokatzeak suposatzen duen erronkan. «Lau eta Erdikotik ondo nentorren eta prestatzaileak jakingo du hobekien zer egin duen, guk agindutakoa egiten dugu eta, baina nik uste segida bat bezala eman diola ordurako egin genuen lanari. Kaiolara oso ondo heldu nintzen, partida gogorrak jokatu eta ondo amaitu nituen fisikoki. Orain aldatu egiten da gauza, bikote batekin ari naizelako, baina nire atzelariak ia partida gehienetan agindu egin du eta orduan fisikoki ez dit Lau eta Erdikoak adina exijitu».

Zalantzak uxatuta, horrenbeste oztoporen ondoren, gozatzeko garaia du Erik Jakak.

Promoziokoan, lehia guztia txartel bakarrerako

Lehen Mailako txapelketan gauzak oso pixkanaka argitzen ari diren bitartean, bigarren postuan lau bikote berdinduta daude bost punturekin, Irribarria-Rezusta puntu bakarrera eta Olaizola II.a-Urrutikoetxea bira dauden bitartean, Promozio mailakoan gauzak oso argi daude hiru lehen postuetan eta emozio guztia finalerdietan sartuko den azken bikotea nor izango den argitzen pilatuko da.

Bigarren mailako txapelketa honetan Baikoko bikoteak dira, momentuz, indartsuenak eta, jokatutako bederatzi partidetatik zortzi irabazita, Asier Agirre-Eskiroz nafarrek eskuan dute matematikoki finalerdietarako txartela.

Kontuan izan behar da lehen mailakoan ez bezala, Promozio mailakoan ligaxkako lehen lau bikoteak zuzenean sartzen direla hurrengo fasean eta zazpi punturekin, Peña II.a-Aranguren eta Elordi-Oier Etxebarria, egungo txapeldunek, oso aurreratuta dituztela lanak.

Hortik behera estutzen da korapiloa, lau bikote baitira hiru puntu dituztenak; Salaberria-Garmendia, Egiguren V.a-Erostarbe, Arteaga II-Urretabizkaia II.a eta Zabala-Ruiz. Azken postuan egonda ere, Alberdi-Salaverri ere ezin dira kanporatutzat eman, aurrekoek baino puntu bat gutxiago baino ez dute eta. J.O.