GARA
Bilbo

Sistema «zorretan» dago emakumeekin, LABen ustez

Hilaren 22an emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren aldeko eguna dela eta, LABek ostiralean Gasteizen mintegi bat egingo du, eta soldata arrakala gainditzeko proposamenak bildu ditu.

Emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren aldeko eguna da otsailaren 22a, eta honen bezperatan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Idazkaritza Feministako idazkari Eli Etxeberriak soldata arrakalari aurre egiteko neurriak eta horretarako martxan jarriko dituzten ekimenen berri eman zuten atzo. Hain zuzen ere, horiek lantzeko mintegi bat egingo dute ostiralean Gasteizen.

Soldata arrakala arazo politiko bat da, sindikatuaren iritziz, eta berau gainditzeko bi elementuri heldu behar zaiela azaldu zuten. Batetik, «lan guztiak modu kolektiboan eta ekitatiboan aitortu, berrantolatu eta banatu behar dira; zaintza lanak barne. Izan ere, emakumeak dira nagusiki zaintza lanen ardura hartu behar izan dutenak. Ezinbesteko lana da bizitza sostengatzeko, eta lan hau gehienetan doan egin izan dute, sistema kapitalista eta jendarte orokorraren mesederako», adierazi zuen LABeko idazkari nagusiak. Bestetik, «lanean ematen den sexuaren araberako banaketarekin amaitu behar da».

Garbiñe Aranbururen hitzetan, «errealitate honek erakusten digu egungo sistema zorretan dagoela emakumeekin. Ordaindu behar zaigun zor bat dago. Zor honi zor patriarkala deitzen diogu».

Zor hori ordaintzeko bidean neurri batzuk proposatu zituen sindikatuak; besteak beste, enpresek lanpostuen balorazio berri bat egitea, ikuspuntu ez sexista batetik, eta Administrazioak tresnak eta baliabideak jartzea balorazio horiek egiteko.