H. LARRAÑAGA / I. ERASO
BAIONA

Erretreten erreformaren kontra Seaskako langileak Baionako udaletxeko balkoian

Baionako herriko etxeko balkoira igo ziren atzo Seaskako langile eta burasoak, beste hainbat herritar pentsioen erreformaren kontrako manifestazioa egiten ari ziren bitartean. Hamargarren ekintza eguna izan zen atzokoa; astelehenean Asanblea Nazionalean pentsioen sistema moldatzeko proiektua eztabaidatzen hasi zirenetik, lehena. Eltzeak eskuetan protesta zaratatsua egin zuten balkoian zein plazan elkartu ziren 40 lagunek.

“Erretreta erreformari ez, justizia soziala bai” zegoen idatzita Ipar Euskal Herriko ikastolek atera zuten banderolan. Ohi bezala, manifestazioa Baionako geltokitik abiatu zen, baina atzokoan zubia zeharkatu eta udaletxe aitzinetik iragan zenean, Seaskako kideen ekintza agerian gelditu zen.

«Ekintza ikusgarria da, eta martxa herriko etxearen aitzinetik pasatzen baita mobilizazioari indarra ematen dio», azaldu zuen Baigorriko ikastolako Irati Salaberria Goñik.

Pentsioen erreformaren eztabaida egunotan izaten ari denez, «mobilizatzearen garrantzia orain handiagoa da», azaldu zuen Iraia Arin Senpereko ikastolako irakasle eta Seaskako burasoak.

Astelehenean abiatu zen Asanblea Nazionalean pentsioen erreformari buruzko eztabaida, eta beste hamabost egunetan iraungo du, luzatu ezean. Parlamentura adostutako testurik gabe heldu den dokumentuaren kontrako 40.000 zuzenketa aurkeztu ditu oposizioak.