Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Non da Jaurlaritza?» galdegin dute 3.000 lagunek

Fokua, ezinbestean, Zaldibarren jarria zutela egin zuten atzo Larreko Mahaiak Donostiarako deitutako manifestazioa. Hasieratik bertatik, gogora ekarri zuten hiru aste eta hiru egun igaro direla zabortegiko hondakinek azpian harrapatuta bi pertsona desagertu zirenetik eta artean ez dela haien berririk. Manifestaldian entzundako lehen oihuak bide horretatik joan ziren.

Manifestazio-buruan, “Osasuna, ekonomia eta klimagatik. Ez erre etorkizuna” lelodun pankartari lotuta, Larreko Mahaia osatzen duten plataformetako ordezkariek abiatu zuten martxa, atzetik 3.000 lagun inguru zituztela. Bidean, ekologiaren eta osasunaren aldeko aldarriak eta kantuak nagusitu ziren, “Zaldibar argitu, errauskailua gelditu” edota “Olano, entzun, ez Zubietan ez inon” leloekin uztartuta. Ez ziren gutxi izan etxean kartoi birziklatuz –eta itxura guztietara haurren laguntzaz– egindako afixekin euren aldarria zabaldu nahi izan zutenak, “Ez jolastu gure osasunarekin” edota “#KontuzAmaNaiz” traola aldarrikapenetara batuz.

Behin Bulebarrera iritsita, komunikatu bana irakurri zuten Zaldibar Argitu plataformako kideek eta Larreko Mahaiko ordezkariek. Biek ala biek gogoan izan zituzten Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, hondakinen azpian dirauten langileak. «Beraien zaborra erori zaigu buru gainera», kritikatu zuten Zaldibar Argitutik, zuzenean administrazioak interpelatuz eta haien hondakinen kudeaketa politikak gaitzetsiz. «Kudeaketa txarra» eta «ustelkeria» leporatu zizkieten, baita «gezurretan aritu» izana ere airearen eta uraren kalitatea egokiak zirela baieztatzerakoan. «Zergatik hartu zituzten handik gutxira neurriak?», galdegin zuten.

Administrazioen isiltasuna

Hala, erantzukizunak eskatu zituzten, lehenik eta behin Jaurlaritzari: «Ez al du inork dimisioa eman edo erabakiak hartzera behartu behar? Non dago Jaurlaritza? Non lehendakaria? Zertan ari da Arriola, Eibarko alkate izan zena eta egun Ingurumen sailburu dena?», galdegin zuten, eta, Arriola aipatzearekin batera, hainbat txistu aditu ziren, jendartearen haserrearen adierazle.

Bere aldetik, Larreko Mahaitik Zubietan zabaldu nahi duten errauste-plantak ekarriko dituen kalte ekologiko eta sozialak ekarri zituzten gogora eta erronka berrerabilpenean eta birziklapenean dagoela berretsi zuten. «Ahal da, badaude ingurumenaren eta herritarren segurtasuna bermatzen duten alternatibak», ziurtatu zuten, eta erabakiak herritarrena behar duela izan berretsi zuten. Hala, herritarrak konpromiso kolektiboak hartzera deitu zituzten: «Ez diogu begirik kenduko hemen ondoan eraiki diguten munstro horri. Data finkatzearekin uste dute irabazia dutela, baina ez. Sobera argi dakite ez gaituztela isilduko, borroka hau ez dutela geldituko». «Borroka hau hasi besterik ez da egin», baieztatuz eman zuten amaitutzat ekitaldia.