Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

35 urte eta gero, maisulan batenlehen errepikapena iritsi da

Joan den urtarrilaren 21ean, Charles Dubouloz eta Yann Borgnet frantsesek Grandes Jorassesetako hego aurpegian dagoen «Via in memoria di Gianni Comino» hamar orduan eskalatu zuten. 1.400 metroko marra horretan, ia igoera guztia izotzean egin zuten.

Nahiz eta guztiz egia ez den, Grandes Jorassesetako hego horma ipar murruaren “itzalean” dago. Alabaina, hormatzar horrek bitxi bereziak jasotzen ditu bere baitan. Horietako bat “Via in memoria di Gianni Comino” da. Duela 35 urte, Giancarlo Grassi, Renzo Luzi eta Mauro Rossi italiarrek zabaldu zuten.

Maisulan bat sortu zuten alpinista historiko horiek. 1985eko ekainaren 19a zen, eta atsedenik hartu gabe hamabi ordu lanean aritu ondoren, marra ameslari eta galkor bat biribildu zuten. Denera, 1.400 metroko murru gogorra gainditu zuten.

Beraz, 35 urte igaro dira jada hego isuri horretan dagoen bide mitikoa zabaldu zenetik. Eta ezohikoa bada ere, joan den urtarrilaren 21era arte “isil-isilik” egon da. Beste era batera esanda, “Via in memoria di Gianni Comino”-k lehen errepikapena ezagutu du. Eta jarduera azpimarragarri horren egileak bi alpinista frantziar izan dira: Charles Dubouloz eta Yann Borgnet.

Protagonistok hamar orduko eskalada behar izan zuten marra hori gainditu ahal izateko. Ia dena izotzean egin zuten; soilik sekzio txiki bat mistoan eskalatzera behartuta egon ziren. 19:40an heldu ziren Walkerreko tontorrera.

Borgnetek berak onartu digu betidanik izaera honetako jardueren atzetik ibiltzen dela. Aukeratutako azken xede hori, adibidez, bere zerrendan zegoen, eta une egokiena bilatu du ametsa egia bihurtzeko. Hurrengo lerrootan, luze eta zabal hitz egiten digu “Via in memoria di Gianni Comino” bidean bizitako eskarmentuaren inguruan.

Maisulana

«Proiektu ederrenak dira hauek, biribiltzeko denbora asko eskatzen dutenak. 2012. urtean marra hori lehen aldiz ezagutu nuen. Grassik eta enparauek idatziko lerroak irakurri nituen; argi uzten zuten lehen errepikapena ez zela berehalakoan iritsiko. Eta asmatu egin zuten. 35 urte ondoren, Mont Blanceko mendilerroan dagoen izotzezko marra luzeena errepikatu dut. 1.400 metroko maisulan bat.

Uste dut une egokiena aprobetxatu nuela. Gaur egun, urtaroen artean alde handirik ez dago. Eta negu honetan joera hori mantendu da. Udaberriko baldintzetan eskalatzen diren hainbat bide urtarrilean lasai asko eskala daitezke. Adibide bat dugu Aiguille des Pelerinsen dagoen ‘Beyond Good and Evil’.

Bestalde, sare sozialetan azaltzen den informazioak bat baino gehiago mugiarazten du. Eta iragan urtarrilean hori gertatu zitzaidan. Planpinceuxera 19an heldu nintzen. Lehenik eta behin, egoera ondo aztertu behar nuen. Eta ohartu nintzen bide hori baldintza egokietan zegoela.

Xede honetan Charles ondoan izan dut. Kide perfektua da. Haurtzaroko laguna dut, baina urte batzuk generamatzan elkarrekin eskalatu gabe.

Annecyn elkartu ginen. Autoaren termometroak -5 graduko tenperatura markatzen zuen. Azken urteotan horrelakorik ikusi gabea nintzen. Benetako negua azkenean! Planpincieuxen -12 gradukoa zen tenperatura. Bertan amaitzen da bidea, eta Val Ferretera abiatu ginen. 04:00ak ziren hurbilketa hasi genuenean. Egunaren lehen argi-izpiekin iritsi nahi genuen hormaren oinarrira. Baina bide horrek lan asko eskatu zigun, eta goulott-ean sartu ginenerako 09:30ak ziren. Eguzkia goian zegoen, eta horrek pixka bat beldurtu gintuen. Alabaina, biok ala biok adostu genuen aurrera egin eta ostean erabakitzea ahalegina bertan behera utzi edo ez. Neguan azkar eta arin eskalatzeak konpromisoa eskatzen du. Bagenekien hurrengo geldialdia Jorassesetako lepoan den Canzio izeneko bibakean edo ohiko bidearen ia amaierako Boccalatte aterpean egingo genuela.

Bidearen lehen zatia ederra baino ederragoa da. Aurrez aurre eroria duen artesi bat genuen. Mistoko luze bat eta izotzezko beste bi izan ziren hurrengo helburuak. Azken horiek, gainera, oso tenteak ziren.

Gure bidelagun izan behar zuen eguzkia laino artean ezkutatu zen. Antizikloi sendo baten erdian geunden, baina erabaki hori hartu zuen!

Hormaren bihotzera iritsi ginen. Luze tekniko batzuk eskalatu eta gero, ezkerraldera dagoen sona handiko bidegurutzera iritsi ginen. Plaka leun batzuk dira; zailtasun handirik ez dute, baina kontu handiz ibiltzeko horietakoak dira.

Une jakin batzuetan ensamblean joan ginen; beste batzuetan, aldiz, luzeak egin genituen. Murruak amaiezina dirudi. Gainera, haizea hasi zen. Gero eta astindu gehiago jasotzen ari ginen. Aurreikuspenek zioten hego-ekialdeko haizea izango genuela, 20-25 kilometro orduko ufadekin. Gure uste apalean 40 kilometro ordukoak ziren.

Egoerak, gainera, okerrera egin zuen. Ez zen batere dibertigarria; izan ere, iluntasuna gain-gainean genuen. Gauak harrapatu ondoren, kopeta-argiak pizteko garaia iritsi zen. Murru bertikal batekin gogor borrokatu nuen. Baina pozik nengoen, Charlesek ere lan eskerga egin behar izan zuelako.

Aho-zabalka ari nintzen. Nekatuta nengoen, eta oraindik gogorrena gainditzea falta zitzaigun. Ez genuen ezer ikusten. Haizeak eta hark altxatzen zuen elurrak gora begiratzea galarazten ziguten. Egoera horretan zaila zen bide zuzen edo egokia hartzea. Ez dakit nola, baina mistoko sekzio bat igotzeko indarra atera nuen. Beldurgarria zen haizetea! Indar guztiak agortu zizkigun. Baina bat-batean gailurreria ikusi nuen. Ekaitza oso gogorra zen, dardarka nengoen; urrats bat bestearen aurretik egitea ia ezinezkoa zen. Azkenean, izotz-torloju bat jarri eta Charles aseguratu nuen. 20:00ak izateko 40 minutu falta zirenean, gailurra zapaldu genuen. Grassik eta bere kideek hamabi orduko eskalada egin zuten. Guk bi ordu gutxiago. Onartu behar dut alpinista italiar horiek oso handiak zirela.

Une zailak genituen zain eta jaitsierari ekin genion; urrats mekanikoak ziren. Une jakin batean, Boccalatte aterpearen garaiera berdinean izan ginen, baina mendiaren beste aldean! GPSak ez zuen funtzionatzen. Une zailak izan ziren oso. Jaitsieraren sekzio zailenak gaindituta genituen, baina aterpera heltzeko beste 100 metro egin behar genituen gora ezinbestean. Eta elurra oso ezegonkor zegoen.

Hausnartu eta erabaki bat hartzeko unea heldu zen: jaisten jarraitu ala aterpera igo. Azkenean, ia hitzik esan gabe, Charlesek aterpearen bidea hartu zuen. Zati oso arriskutsuetatik igaro ginen. Ni leher eginda nengoen, eta nire kideari soka ateratzea eskatu nion. 04:00etan heldu ginen aterpera. Boccalatten ginen, bai, baina sarrera erabat blokeatuta zegoen! Metro bat elur kendu beharra izan genuen! Piolet teknikoek, gainera, ez ziguten asko lagundu. Azkenean, lan gogorra egin eta gero sartu ginen. Erabat deshidratatuta geunden, baina, era berean, pozarren».