2020/03/03

ESTITXU PINATXO
ABESLARIA

Bere herriko musika eszena oparoa ikusirik, Estitxu Pinatxo (Bera, 1987) txikitan hasi zen musika eskolan, eskusoinua jotzen. Bere zaletasuna handitzen joan zen eta abesteari ekiteak ate ugari zabaldu zizkion. Dama Beltzak musika beltza jorratu zuten emakumeak omentzeko sortutako proiektuan jarraitzen duen arren, lehen aldiz kanta propioak konposatu eta «Haize gorri batek» diskoa kaleratu du.

«Sorkuntza nahi duzuna adierazteko, egiteko eta errateko askatasuna da»
Nagore BELASTEGI
0303_kul_estitxu

“Haize gorri batek” da Estitxu Pinatxo abeslariaren lehen diskoa. Gorria, bertan jorratzen diren gai batzuek kolore horrekin harremana dutelako: sentsualitatea, maitasuna, gerra... Bost urte eman ditu konposatzen, orain arte bertsioak kantatzen baitzituen. Zazpi kantaz osatutako lan hau autoekoiztea prozesu motela izan da. Sortu dituen abestietako batzuk bakarrik sartu dituzte diskoan, gainerakoak zuzenekoetan deskubritu beharko ditugu.

Lehen diskoa duzu esku artean, baina Dama Beltzak proiektua ez duzu alboratu, ezta?

Joan den urtean estreinatu genuen eta, egia erran, hagitz sentsazio ona izan genuen. Publikoaren erantzuna hagitz ona izan zen eta erabaki genuen horrekin segitzea. Kontzertu dezente eskaini genituen eta orain ere ari gara, urte osoan zehar. Udan dezente mugitu ginen, eta udazken eta neguan gehiago leku itxietan.

Blues eta soul estiloak nabari dira zure diskoan. Betidanik gustatu izan al zaizkizu?

Egia erran, galdetzen didatenean zein kategoriatan sartzen dudan diskoa ez dakit ongi nola definitu, ez nukeelako errango estilo bakar batean mugitzen denik. Baditu pintza batzuk honako estilotik, bertzetik… soul, blues, moldaketetan jazz ukitua nabari da, baina oinarrian popa da. Ez dakit!

Dama Beltzak proiektua musika beltza egin duten emakumeei egindako omenaldia denez, oraintxe bertan horretan murgildua nago. Baina betidanik gustatu zait. Abeslaria naiz batez ere eta nire erreferenteak horiek izan dira, musika beltza kantatzen zuten abeslariak. Jendeak galdetzen dit zergatik gustatzen zaizkidan; azkenean nik abesti bat entzuten dudanean nahi gabe nire arreta abeslari horrengana joaten da. Erreferentziak bilatzerakoan, gustuko abeslariak bilatzerakoan, ahots potente eta onenak musika beltzean topatu ditut. Adituz eta adituz hainbat baliabide barneratzen dituzu eta zerbait sortzean horiek agertzen dira.

Ez da estilorik ohikoena gurean, eta gutxiago umeen artean.

Ez… ez nuke erranen txikitan hasi nintzenik entzuten, gehiago gaztetxotan (barrez). Petti lehengusua dut eta azkenean niretzat erreferentzia bat izan da. Familian ikusi dut, Pettik ere badu musika beltzarekin eta blusarekin harreman estua, eta azkenean hori jaso dut.

Familian musikariak izateak baldintzatu zaitu, beraz?

Familiak baino gehiago, Beran dagoen mugimendu musikalak. Txikitatik joan gara musika eskolara, kuadrillan. Futbolean apuntatzen ziren bezala, gu taldean apuntatzen ginen musika eskolara. Sekulako ohitura zegoen. Txikitatik egon gara musikan murgilduta. Ikusten duzu Beran zein sorkuntza dagoen eta azkenean horrek ere kutsatzen zaitu, zure barnean halako zerbait egiteko nahia pizten du.

Horrez gain, ikastolarekin beti parte hartzen genuen Nafarroan egiten den kantu txapelketan. Hasieran taldean joaten ginen, gero binaka eta azkenean animatu nintzen bakarkako modalitatean parte hartzera eta irabazi egin nuen. Poliki-poliki joan nintzen deskubritzen horrekin disfrutatzen nuela gehien, musikarekin eta, batez ere, abestuz. Ni akordeoiarekin hasi nintzen, kantatzen beranduago.

Lehiaketa irabazi ondotik Egan erromeria taldetik deitu zidaten esanez teklak jotzen zituen eta kantatzen zuen norbait behar zutela eta, nik akordeoia jotzen nuenez, animatu nintzen. 15 urte nituen. Urte hartan 90 kontzertu egin nituen Eganekin. Pasada bat izan zen. Horren atzetik gauza berriak etorri dira, hagitz desberdinak euren artean, eta beti egon naiz hor.

Emakumeak oholtzan ikusteak indarra ematen dizula esan izan duzu. Pentsatu duzu beste emakumeren batekin elkartzea?

Polita litzateke. Egia erran, behin baino gehiagotan pentsatu dut, baina hamaika saltsatan sartuta nago beti.

Uste dut nahiko nabarmena dela azken urte hauetan emakumezko musikari asko agertu direla. Horrek zer esan nahi du, lehen ez zegoela? Ez dut uste hala denik, baizik eta poliki-poliki batzuk agertzen joan direla eta hori ikusita bertze batzuk ere animatu direla. Hau ere bada gure lekua eta guk ere egon behar dugu hor.

Nahiz eta zorionez aunitz aurreratu dugun, oraindik bada bidea egiteko. Badut sentsazioa kontzertuak programatzeko garaian leku aunitzetan saiatzen direla emakumeen presentzia eta gizonezkoena orekatzen, baina oraindik modu hagitz kontzientean egiten dela, esfortzu bat egiten dela. Eta uste dut gure helmuga izan beharko litzatekeela oreka hori egotea baina modu natural batean.

Zer da zuretzat musika?

Niretzat sorkuntza nahi duzuna adierazteko, egiteko eta errateko askatasuna da. Musika artea da, eta artea zerbait komunikatzeko adierazpena da. Baina niri musikak eman didana ere azaldu nahi dut: ez dakit beste musikariei ere gertatzen zaien, baina nire kasuan abeslaria naizenez eta instrumentua berezkoa dudanez, kantatzea nire buruarekin konektatzeko modurik egokiena da, ez dudana lortzen beste deusekin. Niretzat askatasuna, nire buruarekiko konexioa eta barrenak mugitzeko tresna da musika.

Kontzerturen bat ba al duzue agendan?

Dama Beltzak-ekin konparatuta (bi gara, formatu txikian eta askoz errazago mugitzen da, espazio desberdinetara egokitzen da) dezente kostatzen ari zaigu. Durangorako atera genuen diskoa eta ez dakit erabaki ona izan zen; iruditzen zait eskaintza eskaera baino handiagoa dela. Baina bueno, baditugu kontzertu batzuk: Elizondon, Iruñean “Kantua eta Hitza” zikloan, Garraldan…

Hasieran taldean joaten ginen kantu txapelketara, gero binaka eta azkenean bakarka joatera animatu nintzen eta irabazi egin nuen.
Erreferentziak bilatzerakoan, gustuko abeslariak bilatzerakoan, ahots potente eta onenak musika beltzean topatu ditut.