GARA
ERROMA
KORONABIRUSA MUNDUAN

Koronabirusaren krisiak Italiako kartzelak ere astindu ditu

Covid-19ak indartsu jo duen herrialdeetako bat Italia da. Dagoeneko 7.000 pertsona baino gehiago kutsatu eta 463 hildako eragin ditu, eta Italiako Gobernua neurri zorrotzak hartzera eraman du horrek: hala nola ikastetxeak eta aisialdi guneak ixtera eta iparraldeko hainbat probintziatan berrogeialdia ezartzera, Lombardia eskualdea izanik horren adibide nagusia. Brusela laguntza ekonomikoa ematen hasi zaio herrialdeari, eta aurpegi ezagun batzuk ere atera dira Gobernuari laguntza eman nahian.

Beldurra ere nagusitu da Italian. Horren erakusgarri dira espetxeetan sortu diren matxinadak, bisitak galarazteko erabakia hartu ondotik. Hogeita hamar kartzelatan sortu dira altxaldiak eta sei presoren heriotzaren berri eman zuen Polizia Nazionalaren Espetxeetako Sindikatuak. Antza, gaindosiak eraginda hil dira, espetxeko erizaintzara sartu ondoren. Modenan hiru preso zendu dira; Alessandrian eta Veronan bana, eta ez zuten esan non hil zen seigarrena

Iparraldean ez ezik, hegoaldeko espetxeetan ere izan du eragina koronabirusaren krisiak. Foggiako kartzelan preso ugarik ihes egitea lortu zuten. Polizien espetxeetako ordezkariek jakinarazi zuten 70 preso harrapatu eta espetxera itzularazi zituztela, baina gutxienez 300 preso egon litezkeela ihes eginda.

Etxean geratzeko kanpaina

«Ni etxean geratuko naiz». Laura Pausini, Nek, Tiziano Ferro, Chiara Ferragni eta beste hainbat italiar ospetsuk sare sozialetan abiatutako kanpaina da; italiarrei etxetik ez irtetera dei egiten diete, era horretan koronabirusaren izurritea geldiarazte aldera.

Iragan ostiralean onartutako dekretuaren bidez, ikastetxe eta unibertsitateetako eskolak bertan behera utzi dituzte martxoaren 15era arte, baita manifestazio edo kultur ekitaldi guztiak ere; zinema aretoak, antzokiak eta diskotekak gutxienez apirilaren 3ra arte itxita egongo dira. Bestetik, kirol ekitaldi guztiak apirilaren 3ra arte bertan behera uzteko asmoa agertu zuen Batzorde Olinpikoak; Gobernuak dekretua onartu behar du.

Herrialdearen iparraldeko zati handi bat isolamenduan mantentzea ere erabaki dute. Italian 463 lagun hil eta 7.985 kutsatu dira, batez ere herrialdearen iparraldean, Babes Zibilaren informazioaren arabera.

Gauzak horrela, kultura ministro Franceschinik telebista kateei eskatu die programazioan musika, antzerki, zinema eta oro har arte programak sartzeko. Bestalde, kultur munduko pertsona ezagunei dei egin zien sare sozialak erabiltzera, egun korapilatsu hauek animatzeko.

Paolo Sorrentino zinemagileak jendea etxean geratzeko eskatu zuen Instagram bidez, eta liburu, film eta musikaren inguruko gomendioak eskatu zituen. Berak Loredana Berteren abestiak eta Natalia Ginzburgen “Lessico Famigliare” eleberria aholkatzen ditu egunotarako.

Sare sozial bera erabili zuen Tiziano Ferrok bideo bat argitaratzeko, Lewis Capaldi britainiarraren “Someone you loved” abestia bertsionatuz: «Entzun ditzagun gomendioak. Ez da erraza, baina egoera kritikoa da mundu osoan».

Bruselaren laguntza

Conteren gobernuak laguntza garrantzitsua jaso du Bruselatik ere; izan ere, Europar Batzordeak baieztatu du koronabirusaren agerraldiaren eragin ekonomikoari aurre egiteko Italiako Gobernuak onartzen duen ezohiko gastua egiturazko defizitaren kalkulutik kanpo geratuko dela; hortaz, EBko agintariek ez dute kontuan hartuko herrialdearen zerga-helburuak betetzen diren aztertzerakoan.

Bruselak «aintzat hartzen du» Italiako Gobernuak bere aurtengo helburuak berrikusteko asmoa duela 6.300 milioi euroko pizgarri ekonomikoa onartu ahal izateko. Honek %2,5eko defizita ekarriko dio ekitaldiaren amaieran, iazkoa baino hiru hamarren handiagoa.

 

Mila pertsonatik gorako bilerak debekatu ditu Estatu frantsesak

Gobernu frantsesak debekatu egin du 1.000 pertsonatik gorako bilerak edo elkarretaratzeak egitea, koronabirusaren agerraldia geldiarazteko. 19 pertsona hil dira eta 1.000 pertsona baino gehiago kutsatu dira estatu osoan, LCI telebista-kateak adierazitakoaren arabera.

«Estatu mailan, 1.000 pertsonatik gorako bilera guztiak debekatuta daude aurrerantzean. Prefekturek eta ministerioek nazioaren bizitzarako baliagarritzat jotzen diren ekintzen zerrenda emango dute», azaldu zuen Estatu frantseseko Osasun ministro Olivier Veranek. Neurri hauek ez diete eragingo manifestazioei, lehiaketei eta garraio publikoaren erabilerari.

Aurretik, 5.000 pertsonatik gorako bilerak debekatu zituen, koronabirusa zabal ez zedin. 1.000 pertsona baino gehiagoko bileren debekuak eragina izan lezake kirol ekitaldietan. Frantziako futbol-ligako partidak ateak itxita jokatuko dira.

«Orain bigarren fasean gaude; gure lehentasuna da ahal den guztia egitea birusaren nazio barruko hedapena geldiarazteko», adierazi zuen ministroak. Hurrengo asteak «zailak» izango direla ohartarazi zuen.GARA