Ion T. BARRENA
ELGOIBAR

NAIZ Irratia berrogeialdian

Erredakzio huts batean ekin dio asteari NAIZ Irratiak, GARA eta NAIZeko erredaktore denak, teknikariak, administraziokoak, sarrerakoak... etxetik ari dira lanean eta irratiko lanak elkarren ondoan ez aritzeko moduan antolatu dira. Ongi.

Elkarrengandik gertu egon diren apurrek beharrezko distantziak mantendu dituzte, ez dute mikrofonorik partekatu, ez dira elkarrengandik bi metro baino gertuagora egon. Alarma egoerako lehen laneguna pasatu da eta dena ongi doala dirudi.

Lantaldeko Whatsappa:

[23.07] A: «Iepa! Ea ba... Nire bikotekidea atzo hoztua zegoen eta gaur, aldiz, eztul eta sukarrarekin dago. Bere medikuari deitu dio eta badaezpada bi astez etxean egoteko esan dio, arriskurik ez hartzeko. Ez dakigu 'korona' duen edo ez. Frantziar Estatuan egoera txarrenetan bakarrik egiten dute proba. Beraz, ez dakigu... Hauteskundeak izan direla eta, joan den ostiraletik ez naiz berekin egon. Gaur ongi nengoen eta gaueko 8ak aldera etxera iritsi eta sukarra».

[...]

[23.16] Arduraduna: «Bueno ekipo, egoera ikusirik neurriak hartzea erabaki dugu. Berarekin kontaktu zuzena izan duzuen pentsatu behar duzue. Makinak ukitzea ere kontuan hartu. Azken kontaktu horretatik zenbatuta 15 egunetan lanera ez joatea eskatzen zaizue. Edozein sintomaren aurrean abisatu, mesedez. Zaindu eta joango gara hitz egiten».

Elkar babesteko mezuak izan dira hurrengo dozena bat inguru. Goizaldean jaso dute batzuek albistea, “Informazioaren Haria”-ren lehen edizioa prestatzeko jaiki direnean.

[03.38] B: «Animo piloa! Zaindu zu eta ingurukoak! Mezu bat idatziko diet gaur programatuta genituen elkarrizketatuei...»

5.55ean begiratu diot nik telefonoari. Lau dei galdu, 58 jakinarazpen Whatsappean eta 14, Telegramen. «Maaaloo».

[07.01] Entzuleen ehatsappa: «Zer gertatu da? Ez dago Haria? X Gasteizetik».

Bi aste atzera burua, atzoko kafea, ostiraleko bilera, joan den asteazkeneko tertulia... Aukera gehiegi.

Badaezpadako neurriak

Pare bat txiolari adarra jotzen izan genituen astelehenean irratiaren frekuentzien mapak koronabirus kasuen berri emateko infografien antz gehiegi dutela eta, «koronabirusa iritsi da NAIZ Irratira», idatzi du batek, ironiaz.

Ez dakigu iritsi den; iritsi balitz bezala jardutea erabaki dugu, ordea. Birusak ez du itxaron neurriak hartzera, hura bere bidean doa, eta gu ere gure bidean joan gara, biak gurutzatuko zirela pentsatu gabe. Berandu iritsi da alarma egoera eta honen osteko neurri sorta, programazioa eten dugu egun batez, beranduegi izan ez dadin, eta berrogeialdian dago irratia.

Ez dadila «Haria» eten

Asteazkenean berrekingo dio irratiak bere programazioari, entzuleei informazioa eta etxean egon behar horretan konpainia gozoa eskaintzeko asmoz.

13.00etan izango da “Informazioaren Haria”-ren edizio bakarra. Etxeko oihartzun eta ezusteko zarataren bat edo besterekin, baina herritarren bizipen eta iritziekin osatu asmo dugu berrogeialdi honetako programazio parrilla. Astelehenean abiatutako bidetik, kultur sortzaileak eramango ditugu zuen etxeetara, herritarren bizipenak, kanpoan diren euskaldunenak, egoera honetan okerren daudenenak, denbora pasa atsegina egiteko balio duten emankizunak, etxeko txikienek irratia bizitzeko aitzakiak...

Zuek ere behar zaituztegu hurrengo egunetarako; zuen hitza entzuteko, zuen bizipenak partekatzeko, zuen iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Irratiaren Whatsappa: (0034) 644632994

Ez dadila “Haria” eten, gaur entzungo dugu elkar berriz, show must go on.