EDITORIALA
EDITORIALA

Ez da goiz, ez dadila beranduegi izan

Turistaz betetako gurutzaontziak pandemia baten erdian egoteko leku arriskutsuak direla ikusi da asteotan. Pentsa, orduan, zer izango diren kartzelak! Kanpotik ikusita, beste mundu bat, kalean dagoenetik apartekoa, dirudien arren, guztiz lotuta daude, maila askotan konektatuta, kanpoko bisitari, langile, erizain kopuru handiekin harremanetan. Koronabirus berria azkarren leku itxietan zabaltzen dela jakin badakigunean, pentsa, presoz leporaino, gainpopulatuta dauden eta komunak, jantokiak, ziegak eta beste partekatzen diren konfinamendu eremu horiek gaitzaren hedapenaren epizentro bihurtzeko duten arriskua. Oraingoak baino seguruagoak diren garaietan ere osasun publikoarentzat osoki kaltegarriak dira kartzelak, isolamenduak, baldintza osasungaitzek, higiene arazoek eta osasun zerbitzuetarako sarrera mugatuak presoek gaixotasunak hartu eta transmititzeko duten arriskua izugarri handitzen baitute.

Egungo larrialdiaren erdian, pentsa orain euskal presoen egoeran. Gogoan hartu larriki gaixo dauden hogei aberkideak eta, bereziki, hamarkada luzeetako zama soinean daramaten eta patologia ezberdinak ere badituzten 70 urtetik gorakoetan. Pandemiak bereziki erasotzen dien gizataldekoak dira, eta uneotan beren arrisku eta zaurgarritasuna biderkatu egiten da. Gutxi axola du horientzat krisi honetan osasuna erdigunean jarri izanak, beste ezeren aurretik osasuna zaintzera eta babestera bideratu diren neurri eta baliabide ezberdinek. Berdinean mantentzen dituzte, larrialdi honetan are larriagoa den egoeran, senide eta lagunen bisitarik gabe, bideokonferentziak ukatuta, herriarekin eta familiarekin lotura errazteko doako telefono-deirik ere izan gabe.

Oinarrizko gizatasuna balego, atzotik kalean beharko lukete, aspaldi. Bada garaia euskal preso horiek kaleratzeko. Bada garaia herritar eta agintariek, batuta, horren alde indarra egiteko. Bizitzaren alde, gizalegeagatik, denon hobe beharrez. Ez da goiz, ez dadila beranduegi izan.