Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Abian dira etxetik lan egin ahal izateko tresna berriak

Egunotan, asko gara etxetik lanean dihardugunak. Sektore batzuetan telelana ezinezkoa bada ere, enpresa askotan haientzat ere posible dela erakutsi dute. Hori ikusita, aplikazioak sortzen dituzten enpresei argitxoa piztu, eta tresna berriak prestatzen ari dira.

TikTok mugikorreko aplikazioa gaztetxoen aisialdirako tresna garrantzitsua bilakatu da. Iaioak dira bideo laburrak sortzen eta eraldatzen, musikarekin nahasten eta horiei efektu bitxiak jartzen. TikTok-en sortzaileek pauso erraldoi bat eman nahi dute industrian eta Googlek eskaintzen dituen tresnen antzeko pakete bat sortzen ari dira. Segur aski, hilabete honetan aterako da merkatura Txinan.

ByteDance Inc. start-upak TikTok sortu zuenean mundu mailan arrakasta handia izan zuen. Gerora, Toutiao albiste-kudeatzailea ere sortu zuen, eta iazko apirilean distantzian lan egiteko Lark aplikazioa atera zuen, Slack, Dropbox, Google Docs eta Skype tresnen elementuak nahasten zituena. Oraingoan, lan egiteko tresnetan jarri ditu bere indar guztiak.

Datuek diotenez, elkarlaneko aplikazioen merkatua 16.500 milioi dolar (15.305 milioi euro) baino gehiago handitu zen 2019an. Horrek esan nahi du egun dauden aplikazioak ugariak izan arren, merkatu horrek oraindik handitzeko espazioa duela, eta horretaz baliatuko da ByteDance.

Covid-19aren krisialdiak milioika langile txinatar etxetik lan egitera bultzatu ditu, eta, enpresak martxan mantentzeko, bideo-deiak, mezuak eta internet bidezko bestelako tresnak beharrezkoak dira. DingTalk da Txinan azken asteetan gehien deskargatu den aplikazioa –gertutik jarraitzen dio Tencent Conference-ek–. Horien bidez, nahiz eta langile bakoitza bere etxean lanean jardun, guztien arteko batasuna lor daiteke.

Abagune bat ikusirik, ByteDancek azkar erantzun dio eskaera horri. Otsailean, konpainiak bere aplikazioen funtzio aurreratuak doan jarri zituen enpresa arloan erabiltzeko, krisialdiak irauten duen bitartean. Horri esker, egunean 22.000 aldiz baino gehiago deskargatu zituzten erabiltzaileek beraien aplikazioak. Horrekin batera, bideo-deiak egiteko aplikazio berri bat jarri zuen martxan, Feishu Conference.

Beste enpresa handi batzuen alboan ByteDance txikia den arren, azken egunotan mehatxu bihurtu da lehia indartsu horretan, eta, esaterako, bere lehiakide bagusi Tencentt enpresa neurriak hartzen hasi da ByteDanceren zabalkundea mugatzeko. Era berean, enpresa txiki honek eskura dituen aukera guztiak aztertzen ari da: musika, bilatzaileak, jokoak…

Txinako enpresa mailako softwarea, Ameriketako Estatu Batuetakoarekin alderatuta, oso atzeratuta dago eta, hortaz, ibilbide luzea du oraindik aurretik. Hori dela-eta, enpresa batek norabideren baterantz pausoa ematen duenean, gainerakoak atzetik joaten dira, denek nahi baitute esparru desberdinetan egon.

ByteDancek Feishu-Lark sortu zuenean enpresako kideen artean erabiltzen zuten, baina gerora aplikazio gisa merkaturatzea egokia izango zela iruditu zitzaien. Horrela, enpresa hazi egin zen eta egun 1.700 pertsonak egiten dute lan bertan. Feishu eta Lark bi aplikazio desberdin dira orain; bizitzen ari garen osasun krisian Lark sustatuko dute, Txinan gehiago zabal dadin eta nazioartean ezagunagoa izan dadin. Gainera, enpresara talentu berria erakartzen saiatuko dira, ahalik eta handien bilakatzeko.

Bestalde, lehia handi honek ondorio txarrak ekar diezazkioke ekonomiari. Adituen arabera, enpresa handi batzuk gailentzeak oligarkia bat eragingo du: jokalari gutxi batzuen artean banatuko diren irabaziak, enpresa txiki berriei hazten utzi gabe.