Andoni TOLOSA ‘MORAU’
MUSIKA BERROGEIALDIRAKO

Ezinbesteko ataria

Nahitaezkoa da Badok aipatzea sarean musika topatu ahal izateko gune, atari eta zerbitzuen artean, euskal musikaz ari bagara, bederen. Baina ez ginateke oso justuak izango euskal musika entzuteko gunetzat hartuko bagenu soilik. Egia da, bertan entzun ahal izango dituzula, askotan argitaratu aurretik, euskaraz kaleratzen diren lanik gehienak. Kantu solteak eta bideoak askotan, baina batzuetan, baita disko osoak ere. Alde horretatik, ezinbestekoa gertatzen da euskal musikagintzaren egunerokotasuna jarraitzeko. Haren pultsu sortzailearen berri gaurkotasunez jasotzeko. Baina, hori baino askoz ere gehiago eskaintzen du atariak: elkarrizketak, disko kritikak… Horrek, entzuten ari garena testuinguruan jarri eta musikarien lana hobeto ulertzeko aukera gehiago ematen dio interesa duenari, behintzat. Azkenik, euskal musikaren entziklopedia gisara erabil daiteke, haren bilakaeraren datu eta informazio ugari topatzeaz gain, talde eta bakarlari ezagunenen diskografia kontsultatu ahal izango dituzulako.