Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Oasiko maskarada omen! Amen!

Aste Santua! Berrogeialdia nahikoa ez eta hara! Aurton santu-zaleek etxean ospatu beharko. Total, prozesioak maite dituenak pasilloan gora eta behera antzeztu beharko, aldapan ez bada ere! Eliza 4.0! Ez du ba horrek esan, nonon hola entzun ei dut, konfesioa etxetik egin nahi baina, arrakala digitala dela medio, horren ezinean denarentzat konfesio-kit bat bidaliko duela etxera (Confebask), eta arin batean tekla sakatuta penitentzia agertuko dela. Hori nahikoa izan ez eta jaunartzea etxean egiteko tele-ostia kanpaina abiatu ei du, apezpikuak birrete morea kasko bihurtu, motozikleta hartu eta hara, banatzaile! Dena dela, hau nire aitortza, pulpitu dezente dugu herri honetan, astea santua ez denean ere!

Tira, egunaren harira! Aberri-zaleek, fededunak izan edo ez, aurton etxean ospatu beharko Aberriarena ere! Hau aberria gero, behar besteko aho-maskarak egiteko zailtasunak dituen Diseinuzko eta Bikaintasunezkoa! Kulturan maskarada aurretiaz prestatzen da, herritarren esku-hartzeaz; politikaren antzeztokian, non pulpitu sobera diren, eustekoa gertatu ahala egin nahi zaio aurre, ez-ustekoa gure uste egiteko modu okerraren seinalea dela ikusi gura barik. Usteak ustel! «Urrutiko intxaurrak hamalau, bertara joan eta lau», bada oasitan bat bera ere ez! Birusak agerian utzi du gure balizko oasiaren oasikeria. Ahoa gehiago zabaltzen dugu, 4.0 moduan zabaldu ere, behar denean tapatzeko dugun oihalaren tamaina baino. Maskara aitzakia, mozorroa ezkutatzeko.

Dena dela, balkoiak beste helburu bat dauka gaur, azken asteetakoaz gain. Aldarrikapen sozio-politikoa, guztiontzako maskarak egiteko gai den Herri duinarena. Sentimenduek bizi dutenarena, ongizatea eta ongiegotea. Lurra balioan jartzen duena, hori gabe Lurraldetasunik ez. Eta azokak 0 km-ko plazan nahi dituena. Usteak ez-ustelak dituena…