GARA

Haurrak noiz eta nola atera aztertzeari ekin dio azkenik Madrilek

Italiaren bide beretik ari da konfinamenduaren inguruko erabakiak hartzen Gobernu espainola, baina haurrekin erritmo motelagoarekin dabil. Industria jarduna etetea Erromak baino astebete beranduago agindu zuen Madrilek, baina umeak kalera ateratzea duela hamabost egun onetsi zuen Gobernu italiarrak eta espainiarrak oraindik ez du halako neurririk hartu.

Egonezina eragin du horrek milioika etxetan, salbuespen eskasekin hauxe baita umeek itxita ematen duten bosgarren astea. Euskal Herrian nabaria izan da aldarrikapena, Hernanin, esaterako; balkoietatik protesta izan da azken egun hauetan, kazerolak astinduz eta honelako leloak zintzilikatuz: “Haurrak SOS”, “Umeak eutsi gogor”, “Gu ere kontuan hartu”...

Adituek nabarmendu dutenez, kalte psikologikoa (antsietatea, amesgaiztoak...) zein fisikoa (obesitatea...) areagotzen ari dira haurrengan, jada 32 egun kalea zapaldu ezinean batu dituztelarik.

Ipar Euskal Herrian egin dezakete, muga batzuekin. Eta orain, atea zeharkatzeko eguna eta modua, lehenbizikoz, mahaigainean du Gobernu espainolak. Aditu talde bati txostena eskatu dio, erabakia zentzuz hartu ahal izateko. Alarma egoeraren fase honen amaiera markatzen duen hilaren 26an gerta liteke (hurrengo asteko igandean, beraz), baina aurretik agintzea ere ez da baztertzen. Aditu horiek esango dute.

Bat, bat eta bat

Filtrazioek, batetik, eta Italian egiten ari denak, bestetik, argi uzten dute irteera hori estuki mugatua izango dela. Seguruenik guraso bakar baten laguntzaz, etxetik kilometro batera urrundu gabe eta egunero ordubetez asko jota. Ez da taldean jolasteko aukerarik emango. Baina milaka euskal umeri arnasa berria emango lieke neurriak. Ezbaian dagoen beste zehaztapena adinari dagokiona da: printzipioz, umea aipatzen denean 14 urte arteko neska-mutilez ari dela ematen du.

Lakuako Gobernua konfinamendua haurrei arintzea eskatu dutenen artean dago. Beste autonomia erkidegoetan zalantzak agerikoak dira: horren seinale da atzo Madrilgo presidenteordeak (Ignacio Aguado Ciudadanosekoak) eskaera egin zuela, baina gero presidenteak (Isabel Diaz Ayuso PPkoak) baztertu zuen.

Irizpide epidemiologikoek ere, oraingo honetan, etxeko txikiak kaleratzearen aldekotasunerantz egin dute. Izan ere, konfinamenduaren fase honetan (industria jarduna berrabiatu aurretik behintzat) kutsatze kasu gehienak etxe barruan, familia artean, gertatu direla frogatua dago Estatu espainolean. Eta etxea da, hain zuzen ere, umeek azken 32 egunetan zapaldu duten esparru bakarra.

Bidasotik gora, arazorik ez

Ipar Euskal Herrian den egoera Hego Euskal Herriarentzat ispilu izan daiteke. Arazo handirik gabe ari dira hor kudeatzen umeek tarteka kalea zapaltze hori, beti guraso batek lagunduta eta ordubetez.

Kaleratze horiengatik ez da Poliziarekin istilurik edo isunik apenas gertatu. Baina zorrotzago jokatzen ari dira erosketetara umeak eraman dituztenekin, kalearekin alderatuz infekzio gune arriskutsuagoak direlako dendak. Hego Euskal Herrian, aldiz, kasu latzenetan erosketak egitea umearen ihesbide bilakatu da.