Amalur ARTOLA

Lakuaren neurriak nahikoa ez direla iritzita aurrera joko du greba digitalak

Kulturgintzak planto egingo du apirilaren 21 eta 22an. Covid-19ak eragindako krisialdi berriaren aurrean premiazko neurriak hartzea eta kulturgintzaren gaineko eztabaida soziala bideratzea ezinbestekotzat jotzen dute kulturgileek eta, Gasteizko Gobernutik sektoreko langileei laguntzeko 2,5 milioi euroko partida onartu badute ere, grebak aurrera egiteko arrazoiak badaudela uste dute.

«Jaurlaritza ez da gure interlokutore bakarra», azaldu dute ekimeneko kideek, eta «euskal kulturgintzarentzat estrategikoa zer den eta zer ez» luze eta zabal eztabaidatu beharreko kontua dela uste dute, bai Euskal Herriak bere baitan hartzen dituen administrazio guztietan –instituzio gorenetatik hasi eta udaletaraino– bai jendartean, kulturak duen eta ematen zaion balioaz gogoetatzeko. «Horren ostean mahai beraren bueltan elkartu eta hartu beharreko neurriak adostu beharko dira», iritzi diote. Funtsean, sektoretik azken urteetan hainbatetan mahaigaineratu duten kulturgintzaren plan estrategikoa osa dadila eskatzen dute.

Greba digitalerako deialdia jada ia 500 kulturgilek izenpetu dute (https://kulturgintzan.eus gunean dago zerrenda osoa) eta atzo hedabideetara helarazi zuten manifestuan sektorearen gaineko kezka azaltzen dute: «Lehendik kulturgileen, batez ere sortzaileon egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du. Emanaldiak eta bestelako kultur lanak bertan behera utzi beharra modu latzean zigortzen ari da euskal kulturgintzaren ekosistema», ziurtatu zuten.

Manifestuan kritika egiten zaio Lakuak errealitate horren aurrean hartutako jarrerari ere: «Ez duela kulturgintzaren ezaugarri bereizgarriei erantzuteko neurririk hartuko erantzun digu», ziurtatu zuten. Eta, hain justu, greba digitalaren deialdia publiko egin zen egun berean aurkeztu zuen Lakuak bere “Kulturako profesionalei laguntzeko programa”. Funtsean, programa honen bidez 2020ko aurrekontuetan –Podemosen zuzenketa baten eraginez– kulturara bideratzeko gordeta zituzten 2,5 milioi euroak sektoreko profesionalei laguntzeko erabiliko dituztela argitu zuten Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Maite Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak. Zehazki, programa horren bidez ezarritako baldintzak betetzen dituzten langileek aurreko urteko PFEZean aitortutako diru sarrera garbien hileko batez bestekoaren %70 eskatu ahal izango dute. Gehienez, 1.200 eurokoa izango da laguntza.

Programa Lanbideren bidez kudeatuko da eta gehienez 6 hilabetez jaso ahalko da laguntza.

Etorkizuna ilun oraindik

Zupiriak eta Artolazabalek ez zioten sektoretik eskatu den zergen eteteari aipamenik egin. Ez zuten argitu, ezta ere, zer gertatuko den behin alarma egoera altxatutakoan. Izan ere, sortzaile eta kulturgileen kezka handiena etorkizun hurbilean dago, agerikoa baita kultur arloa izango dela “normaltasunera” itzultzen azkena eta, jarduerak berriro abiatzean ere, zehazteke dago zer baldintzapean izango den..

Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, esaterako, Zupiriak esan zuen zuzenekoen kasuan aretoetan sartzen den jende kopurua jaisteaz gainera maskarak erabili eta bestelako neurriak hartu beharko direla. Ikusteko dago neurri horiek nola eragingo duten jendartearen kontsumo ohituretan.

Etorkizun “hurbil” horri erreferentzia egin zioten Reset plataformatik. Elkargune hori arte eszenikoetako eta musika arloko hainbat elkartek sortu dute egoera honen aurrean estrategia bateratuak markatzeko eta, prentsara bidalitako ohar batean, Lakuako programaren balorazioa egin zuten. Hasteko, laguntza eskatu ahalko duten profesionalak zeintzuk diren zehaztea eskatu zuten, sektorean langile autonomoak eta Artisten Erregimen Berezian dauden besteren konturako langileak baitaude eta «jaso dugun informazioa ez da argia». Diotenez, Zupiriaren azalpena entzun ondoren ere, «ez dakigu programa honek kontuan hartu dituen Artisten Erregimen Bereziaren barruan dauden langileak (orain momentuan babes gabe) edo, Saileko beste iturri batzuk adierazi duten bezala, langile autonomoei eragiten dien soilik».

Zentzu horretan, horrelakorik ez gertatzeko eta benetan sektorearen lagungarri izango diren estrategiak eraikitzeko elkarlanerako kanal efektiboak irekitzeko eskatu zieten, eta euren prestasuna azaldu zuten Kultura Sailera bideratu duten neurrien proposamena elkarlanean eztabaidatu eta lantzeko.

Izan ere, aurkeztu berri duten programak bide horretan «lehen urratsa» izan behar duela uste dute, euren iritzian kulturgintzak jasango dituen kalteak murrizteko eta sektorea berriro aktibatzeko neurri gehiago beharko baitira. Besteak beste, egitura eta enpresen erreskatea eta merkatu eszenikoa biziberritzeko neurri eraginkorrak.