Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Haurrak aurrera ahurrak garbituta

Testa, testa… horixe erronka, testa edo testamentua! Hautua egin, hauteskundeak datoz eta! Presaren presaz etorri ere, badaezpada, etorkizuna inoizko dudazkoena baita, are gehiago normaltasun-errotonda kudeatzetik aterata urduri, eta itxuraz oso haserre, ari direnentzat. Izan ere, biharkoa bestelako normaltasuna izango da, auskalokoa. Hortaz, biharkoa ezin kudeatu gaurdaino ailegatu den atzokoa kudeatu legez. Maiatzaren Lehena gogoan: «Aldaketak datoz mundura, Jainkoak berak baleki!»… Ziurgabetasun-printzipioak gidatuko gaitu auskaloko bideetatik! Eta 4.0ko askok ez dute horretarako oinarririk, bidesariak jartzetik haratago…

Total, testak hizpide. Eta EHUkoek bide txirikordatutik zorabioan. Nonbait, Eusko Alderdi Jaurlaritzari kosta egiten zaio unibertsitate publikoa finantzatzea, baino askoz gehiago kosta hark eskainiari premiazko bidea ematea. Bai, aldaketak datoz, batzuk 360 gradukoak. Hor ari dira, auskaloko zer susperraldiri forma eman nahirik: glaziar-haranaren U ote? Ibaiaren V akaso? Epe luze-luzeko L izango? Nik, ziurgabetasunak ganoraz kudeatzean jarriko nuke arreta, horren ebazpena komunitatearen begirada luzeko apustuan utzita.

Total, batailak bataila, haurrak kalera! Hori bai, orain arteko 0 Km-ko konfinamendutik etxe bueltako 1 Km-kora. Eta hasia da haurren nortasun-agirien faltsutzea… Irudimena agintari! Are gehiago, agintaritzan irudimen gutxi bada, zaintza eta ertzaintza batzuetan nahastuta! Hortaz, haurrak aurrera ahurrak ondo garbituta! Dena dela, gaur hasten ari den geroan jarrita giroa, noiz ikasiko dugu geroari aurrea hartzen?

Hiztegia behintzat berritzen ari den honetan, berba berria pasatu zait burutik, Zuberoa gogoan: “prefostia”! Hortaz, gai izango ote gara normaltasuna aldatzeko? Bai, prefostia! Osterantzean, Auskalo Herria izango da gurea!