Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zaharra berri, normaltasunean

Denak segitzen du arraro izaten aro honetan. Maiatzaren Lehenak ere hutsezko plazetan bete behar izan ditu aurtengo betiko aldarrikapenak. Aroa arraroa, bai. Atera kontuak, orain egun gutxi batzuk irakurri nuen AEBetan petrolioaren salneurria zerotik behera zegoela; hau da, ekoizleek erosleei ordaindu zietela petrolioa erostearen truke; nonbait, petrolio-biltegiak beteta egonda ezin gehiago bildu… baina ponpatzen jarraitu behar, euren mundua geldi ez dadin. Marx anaien tren-makinako hura gogoan: «Egur gehiago!», trena betiko gelditu zen arte. Amen!

Gertuago ere, antxoaren arrantzu-aldi honetan ikusia dugu itsasontzi batzuek deskargatu nahi ez izatea, hutsaren hurrengo prezioagatik; nonbait, tamaina txikiko garauak izan ziren hasierakoak … Txikia beti ederra ez den seinale! Tira, konfinamendua arintzeko planaren harira! Bibliaren txetxenerazko bertsioa irakurri nuenean ulerterrazagoa begitandu zitzaidan gobernu zentralaren plan horren puntuak baino. «Deseskalada» diote, aurretik igotako mendia okerra zela esate aldera akaso?

Eta horra hor adierazleen dantza, batzuek benetan zer adierazten duten ezkutatu egiten dutela. Horra! BPG zer horrek behera egin du, uzkurtu, erori, amildu (Zaldibarreko biak gogoan oraindik), baina langabeziak gora egin du, igo, eta R-0 zer horrek ere bai. Gorabeherak asko eta askotarikoak diren seinale, eta horiek goitik edo behetik ikustea gauza bera ez den seinale ere! Karbono dioxidoaren isuriak behera etorri dira, BPGarekin batera; horra hor gerora argitu behar den bidegurutzea! Horra hor erronka handia normaltasun berrirako; portzierto! Jelkideek ez dute argitu berria izango omen den horretarako zer kenduko duten normaltasun zaharretik! Amen! Zaharra berri ote? Kapaz! Hain izan dira ezohikoak orain arteko ohikotasunak!