Amaia U. LASAGABASTER
ER

«Ezohiko erabakia izan da, baina zentzudunena dirudi»

Avia Eibar Rugby estreinakoz ariko da Ohorezko Mailan, play-off-ik jokatu behar izan barik baina denboraldiko partida guztiak irabaziz.

Azken bi denboraldietan euskal ordezkaririk gabe lehiatu ondoren, emakumezkoen Ohorezko Mailak Avia Eibar Rugby hartuko du, estreinakoz, udazkenetik –edo koronabirusak baimentzen duenetik– aurrera. Denboraldi biribila gauzatu ondoren (norgehiagoka guztiak irabaziz), talde eibartarrak iaz ihes egin zion saria eskuratu du, bere borrokak agertokiz aldatu behar izan badu ere azken egunotan.

Iñaki Arrizabalaga klubeko presidenteak onartu duenez, asteburua «ez da erraza izan. Baina ondo amaitu da». Urte osoa ere horrelakoa izan da eibartarrentzat, ona. Behintzat martxoaren 8an Ligako azken partida jokatu –eta irabazi– arte. Ondoren, play-offaren ordez, konfinamendua. Eta maiatzaren 1ean, Espainiako Errugbi Federazioaren erabakia: gizonezkoen mailak bertan behera utzi zituen bitartean, jaitsierak eta igoerak mantenduz, Liga amaitu barik zegoen arren, emakumezkoetan play-off eta play-out-aren bidez erabaki beharko zen bi maila gorenen osaketa datorren denboraldirako. «Ez zuen logikarik», dio Arrizabalagak. «Emakumeen egutegia motzagoa denez, irailean hau amaitzeko aukera zegoela uste zuten, jarraian hurrengo Liga hasiz. Baina ezinezkoa da denboraldi-aurrea amaitu eta lehen bi partida play-offekoak izatea. Eta jarraian denboraldi berria, orduan bertan jakinda zein mailatan jokatuko duzun, planifikatu ezinik, ez kirol mailan, ez eta ekonomikoki ere...».

Zorionez, protestek oihartzuna izan zuten eta, handik bi egunera, igandean, Federazioak emakumeei gizonekin hartutako neurri berberak ezartzea erabaki zuen eta, beraz, Eibarri Ohorezko Mailaren ateak zabaltzea. «Ezohiko egoeretan, ezohiko erabakiak hartu behar dira. Guztiz bidezkoa izatea seguruenik ezinezkoa da baina, behintzat, erabaki hau zentzudunena dela dirudi».

Ezin da, edozein kasutan, bidegabekotzat hartu Eibar gertatutakoaren onuradun izatea. Azken finean, «lehenak amaitu dugu denboraldi osoan egindako lanari esker. Fase erregularra amaituta zegoen, partida guztiak irabazi ditugu...», gogorarazi du presidenteak, «jokalariek play-offa jokatzeko sekulako gogoa» zutela azpimarratuz. «Horrelakoetan edozein gauza gerta daitekeela jakinda, baina faboritoak ginen play-offerako ere. Eta, gainera, iaz kanpoan jokatu behar izan genuen, baina aurten, lehen postuari esker, Eibarren jokatu behar genituen partidak, eta neskek sekulako gogoa zuten, etxean jokatu, zaleen aurrean... errugbiaren festa bat ospatu Eibarren».

Etxeko oinarria

Are gogo handiagoa dute, noski, Ohorezko Mailan debuta egiteko, orain dela lau urte Cristina Guntinen etorrerarekin hasitako ibilbidea biribilduz. «Apustua egin genuen neskekin eta euren erantzuna sekulakoa izan da. Lana aurretik ere egiten genuen, baina azken urte hauetan ibilitako goranzko bidea nabarmena da –goraipatu du Arrizabalagak–. Eta orain maila goren honetan probatzeko aukera izango dugu. Neskek gogo izugarria dute euren burua proban jartzeko, maila ematen duten jakiteko, lehiatzeko...».

Eta probatu ahal izango dute, klubaren asmoa «oinarria mantentzea» baita. «Etxeko neskak ditugu, oinarria hori da eta horrela jarraitu nahi dugu». Baina baita «erreferente bat bilakatzea» ere. «Euskaldun asko Espainiako taldeetan banatuta daude, agian hemen ez dutelako elitean egoteko aukera. Guk orain aukera hori eskaini diezaiekegu eta hori nahi genuke: etxeko oinarria mantendu, euskaldunek bueltatu nahi badute eta, beharbada, fitxaketaren bat. Gure oinarria mantenduz, proiektu polita daukagu».

Proiektu apal baina egonkorra

600 bazkide, bederatzi talde, lau hamarkadako historia... Proiektu apala baina «egonkorra» da Eibar Rugby taldearena, bere presidentearen esanetan. Baita ekonomikoki ere, egungo egoera onena ez den arren. Arrizabalaga, arlo horretan, baikor agertzen da.

Horregatik, igoerak gastu gehiago ekarriko duela onartu arren, «aldi berean beste bide batzuk zabaltzen» dituela uste du. «Zorionez, Avia eta beste sponsor batzuk dauzkagu. Eta sponsor batzuentzat erakargarriagoa izan daiteke puntako liga batean lehiatzea, adibidez... Une honetan lasai gaude, nahiko proiektu egonkorra daukagula uste dut». Gainera, erakundeen inplikazioa izatea ere espero du. Azken finean, Eibar euskal talde bakarra izango da Emakumeen Ohorezko mailan. «Egia esan, ez gara larregi mugitu mundu horretan eta ez dakigu nola funtzionatzen duen, baina laguntza izatea espero dugu. Azken finean, euskal proiektu polita garela uste dugu». A.U.L.

Honi buruzko guztia: ER