Haritz LARRAÑAGA

HAURRAK POZIK ITZULI DIRA ESKOLARA

HAMAIKA URTETIK BEHERAKO IKASLEAK ATZO ITZULI ZIREN ESKOLARA IPAR EUSKAL HERRIAN. BI HILABETEREN OSTEAN ALDAKETA HANDIAK TOPATU DITUZTE, BAINA POZIK DIRA LAGUNAK IKUSTEAZ ETA IRAKASLEEN ESANETAN «ONGI EGOKITU» DIRA EGOERA BERRIRA. BERAZ, ITZULERAKO «LEHEN AZTERKETA» GAINDITU DUTE IKASLE TXIKIEK.

Haurrek ez zuten duela bi hilabete utzi zuten ikastetxe bera topatu. Nondik sartu behar zuten azaltzen zuen txartel bat ikastetxe sarreran, zein bide jarraitu behar zuten seinalatzen zuten geziak lurrean marraztuak, jolastokiko txirrista eta kulunkak plastikozko zintekin bilduak, saskibaloiko saskiak eta futboleko ateak berdin, eta irakasle zein lagunak maskarekin mozorrotuak. Eta hala ere, haurrak pozarren ziren Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko ikastetxeetan.

Batzuk atzo hasi ziren, beste asko ostegunean hasiko dira, eta gauza bera egingo dute 11 urtetik gorako ikasleek hurrengo astetik aurrera. Edonola ere, ikasleen erdiek etxetik ikasten segituko dute. Batzuek gurasoek horrela hautatu dutelako, besteek halabeharrez, Gobernu frantsesak ezarritako neurriak bete ahal izateko ikastetxeek ikasle kopurua ere murriztu behar izan baitute.

Donibane Lohizuneko ikastolak adibidez, atzo ireki zituen ateak. Ez zen pilaketarik izan sarreran, zeren gurasoak txandaka iristen ziren autoan. Haurrak ziztu bizian ateratzen ziren, baina lehen neurria sarrerako atean bertan topatzen zuten. Lurrean margotuta ziren geziek eta atean jarritako txartelek egiten zuten lehen sailkapena. Ezkerretara seinalatzen zuen geziak «lehen maila» adierazten zuen, eta «ama eskola» zioen geziak, ostera, eskuinaldera bideratzen zituen ikasleak. Gurasoek kanpoan geratu behar zuten.

Ikasle txikiak etxeko lanak eginda itzuli ziren, aurrerantzean jarraitu behar dituzten neurriak etxean ikasi baitzituzten, eta antza, lehen proba nota altuarekin gainditu zuten. Peio Etxelekuk, Donibane Lohizuneko ikastolako zuzendariak azaldu zuenez, haurrak pozik ziren eskolara itzuli eta lagunak ikusteaz. Etxelekuren esanetan, osasun neurrien aurrean «lasaitasun handiarekin» erantzun zuten eta «ongi egokitu» ziren baldintza berrietara.

Guraso gehienek begi onez ikusten zuten ikasketen berrartzea; «neurriak ongi beteta», azaldu zuen bere bi haurrak Donibane Lohizuneko ikastolan utzi zituen Peio izeneko gurasoak. «Ni ez naiz zientifikoa, baina haiengan konfiantza osoa dut eta baita ikastolako arduradunengan ere», adierazi zuen. Xabik, ogibidez medikua, eskolara sartzeko irrikaz ziren bere bi haurrei eutsi ezinik erantzun zuen: «Etxean sartuta izan ostean, haurrei on egiten die ateratzeak».

Ikasleen erdiak

Ikastetxeetako zuzendari eta irakasleek ez dute prentsaren aurrean hitz egin nahi, Frantziako Hezkunde Nazionalak espresuki debekatu baitie komunikabideekin hitz egitea. Ondorioz, oso zaila da aste honetan eskolan hasiko den ikasle kopuru zehatza esatea. Herriko etxeek datu batzuk eskaintzen dituzte, haur eskolen kudeaketa beraien eskumenen artean aurkitzen baita. Baionan diren 23 ikastetxeetara 680 haur itzuliko dira aste honetan, eta Angelun, berriz, 550 haur. Hendaian ostera, sei ikastetxeetan 339 haur hartu beharko lituzkete baldintza normaletan, baina soilik 150 ikasle inguru itzuliko dira. Orokorrean, ikasleen erdiak eskolaratuko diren arren, irakasleen kasuan langileen herena izango da ikastetxeetara lanera joango dena.