Iker BIZKARGUENAGA

EKAITZARI NEURRIA HARTU EZ ETA BLAI EGINDA BUKATU DU SUEDIAK

Koronabirusa heldu zenean apustu arriskutsua egin zuten Suediako agintariek; hilkortasun tasa oso txikia zelakoan, eta talde-immunitatea lortzeko xedearekin, ez zuten itxialdirik agindu eta neurri arinak ezarri zituzten. Zenbakiek ez zutela asmatu erakusten dute.

Azken hamarkadetako osasun-krisi larriena kudeatzea oso gauza zaila izan arren, gobernu batzuek, egoerak eskatzen zuen zuhurtzia alde batera utzita, gainerako herrialdeek hartutako bideari muzin egin eta epidemiari aurre egiteko bidexka propioa hartu zuten, lasterbidea izango zelakoan. Suediakoa izan da gobernu horietako bat, eta, emaitza ikusita, ezin esan daiteke fin ibili denik.

Jair Bolsonarok edo Donald Trumpek euren herriekiko erakutsi duten axolagabekeria leporatu ezin zaion arren, Stefan Lofvenek gidatzen duen Exekutiboak ariketa arriskutsua egin du hilabeteotan. Europako herrialde eta estatu gehienek ez bezala, ez zuen koronabirusaren hedapenari aurre egiteko neurri zorrotzik hartu, edo ez behintzat guk ezagutu ditugunak bezain zorrotzak. Adibidez, eskolak eta haur eskolak irekita izan dituzte –ez, ordea, institutuak eta unibertsitateak–, baita gimnasioak, tabernak eta jatetxeak ere, nahiz eta murrizketa batzuekin izan. Horrez gain, beste herrialde batzuetan debeku izan direnak bertan iradokizunak izan dira, eta ez da itxialdirik egon.

Horren ondorioak zenbakietan neurtu behar badira, hauexek dira mundu mailan koronabirusaren gainean erreferentzia den Johns Hopkins Unibertsitateak atzo eman zituenak: 32.172 kutsatu eta 3.871 hildako.

Egia da Europako beste zenbait herrialderekin alderatuta, hala nola Britania Handia, Italia eta Estatu espainol eta frantsesarekin, zifra txikiagoak direla, bai zenbakiak hutsean hartuta bai biztanle kopuruarekin alderatuta. Aldiz, konparazioa bere inguruko herrialdeekin eginez gero, argazkian askoz okerrago ateratzen da. Izan ere, ondo-ondoan dituen Danimarkan (11.380 kutsatu eta 561 hildako), Norvegian (8.301 kutsatu, 235 hildako) eta Finlandian (6.493 kutsatu, 306 hildako) datuak askoz hobeak dira, eta erreferentzia gisa baliagarriagoak dira, guztiek antzeko baldintza klimatiko, demografiko eta sozioekonomikoak baitituzte.

Hori aski ez balitz, Europako heriotza tasa altuena izan du Suediak iragan egunetan, ia bostehun lagun zendu baitira azken astean, eta gainerako lekuetan egoerak nabarmen hobera egin duen bitartean, han oraindik positibo asko zenbatzen ari dira, eta maldak ez du beheranzko joera argirik hartu.

Horrekin batera, adierazgarria da Danimarkak, Norvegiak eta Finlandiak euren arteko mugak zabaltzeko asmoa adierazi eta Suedia akordio horretatik kanpo utzi izana.

Talde-immunitatea, oso urrun

Zergatik hartu zuen orduan kontrako bidea? Zergatik ez zuen itxialdia agindu? Erabakia, noski, ez zen nolanahi hartu, plan bat zegoen haren atzetik, eta Anders Tegnell epidemiologoa da haren buru ezagunena. Sona handiko zientzialaria da Tegnell, eta berak gidatu du Suediako osasun sistema covid-19aren kontrako borrokan. Bi aldagai erabili ditu horretarako: gaixotasunak omen zuen hilkortasun tasa txikia eta neurri zorrotzik ez ezartzeak eragingo zuen immunitatea.

Lehen aldagaiari dagokionez, Tegnellek eta bere taldeak kalkulatu zuten kutsatuen %0,5 bakarrik zenduko zirela, eta, oro har, osasun sistemak ondo eutsiko ziola erronkari. Bestetik, herritarren kopuru handi batek birusaren kontrako defentsak garatuko zituela uste zuten, eta, adibidez, maiatz bukaeran Stockholmeko biztanleen %40k antigorputzak izango zituztela estimatu zuten; talde-immunitatearen xedetik gertu, beraz.

«Udazkenean, bigarren bolada bat izango da. Suediak immunitate maila altua izango du eta kasu kopurua txikia izango da. Baina Finlandiak oso immunitate maila baxua izango du. Finlandiak erabateko konfinamendua ezarriko al du berriro?», esan zuen duela zenbait aste Tegnellek, “Financial Times” egunkarian egindako elkarrizketan. Antzeko argudioak erabili zituen Boris Johnson agintari britainiarrak krisiaren hasieran.

Datuek, ordea, ez diete arrazoirik eman, ez Johnsoni ez Tegnelli. Alde batetik, heriotza kopurua uste baino altuagoa izan delako. Bestetik, immunitate tasa ez da hain altua izan. Alderantziz, Europako beste herrialdeen antzeko zifratan dabil; Suediako Gobernuak egindako ikerketa baten arabera, Stockholmeko biztanleen %7k bakarrik sortu ditu koronabirusaren kontrako defentsak.

Udazkenean zer gertatuko den ez dakigu, baina Finlandia eta Suedia antzeko egoeran helduko dira, zaurgarri biak. Hori bai, suediarrak bidean 3.500 lagun gehiago galduta.

Helsinkiko agintariek itxialdia berrezarriko ote duten ikusiko dugu, baina ikusteko dago Tegnellek bereari eutsiko dion ere.