Amaia EREÑAGA
BERROGEIALDIRAKO LIBURUAK ETA AUDIO-ATALAK

Thoreauretik Virginia Wolfera, euskaraz

Etxean gelditu ginenetik, bisitari eta deskargen igoera nabarmena izan du Booktegik. Albiste on bat, literaturaren gosea berpiztu zaigun seinale. Euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko jaiotako atari digital honetan liburu elektronikoak eta audioak jaitsi daitezke doan. Esaterako, atzo bertan lau audio eta bi liburu argitaratu zituzten, besteak beste, Henry D. Thoreauren (1817-1862) “Desobedientzia zibila” maisulana, Edu Lartzangurenek itzulia eta Markos Zapiainen hitzaurrearekin. Gaurko ekologismoaren aitzindaria izateaz aparte –“Walden” lanarekin–, “Desobedientzia zibila” honekin politikan eragin handia izan zuen Thoreauk gerora, bertatik atera zuelako Gandhik bere mugimenduaren izena eta Martin Luther Kingek indarkeriarik gabeko erresistentziaren ideia.

Merezi du Booktegin kuxkuxeatzea, erosoa egiten baita oso. Gainera, formatu desberdinetan eskuratu daitezke liburuok. Harpidetuz gero, azken berritasunak bidaltzen dizkizute e-postaz. Liburutegi digital honek mota guztietako euskarazko liburuak dohainik deskargatzeko aukera ematen du, baina ez hori bakarrik, audio-liburuak entzuteko beta ere badago eta baita idazleei egindako elkarrizketak, solasaldiak eta saio bereziak ikusi edo entzuteko ere.

Atariak beste nobedade bat estreinatu berri du, “Nire literatik” izeneko atala, non Fito Rodriguezek idazle handi desberdinei buruz hitz egiten duen. Playlist moduan egituratuta, Philllip Roth, Virginia Woolf (argazkian), Jose Luis Sampedro, Phillip Roth, J.M. Coetzee, Albert Camus, Antonio Tabucci, Roberto Bolaño edo Jean Paul Sartreri buruz mintzatzen da Rodriguez.