Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Aupa Enebeste!

Hamaika ikusteko ginen normalkeria zaharrean ere, baina koronabirusak ekarritako berrian halako bost gehiago gara ikusteko! Hankaz gora utzi du birus ñimiño horrek hemengo oasi handia! Zer eta 4.0 garaia bera berrogeialdian jarri! Harrapa ezan/k! Iran/k! Hankaz gora, bai. Ispilu aurrean jarri gaitu… eta ez dugu gustuko han ikusia! Horraino denok bat (bat gatozen denok sikiera). Aldeak hasten dira ikusia interpretatzean. Batzuek gorpuzkerari bota errua, eta pribatuzko kirurgia plastikoaren alde egin; ganoradunek, ostera, ispiluari! Errealitatea desitxuratzen duen ispilua da aldatu beharra, normaltasun berria bestelakoa ere izango bada behinik behin. Hortaz, lege zaharren zale, goseak ispilua amets… horiexek bai txertoa behar!

Hamaika ikusteko gara gero! Ez du ba baten batek ikusi Ajuriaeneko maizterra barrezka? Bai, ni ere sinistu ezinean nengoen, zin dagizuet, baina itxura batean halaxe zegoela harrapatu zuen kamerak! Tira, ez zegoen barrez lehertzen, hori ez, baina ez ukatu aurrerapauso ona denik, normaltasun berrirako balizko aktiboa… Ez ninduke harrituko iraileko Alderdi Egunean Altubeko zelaietan, eta bi metroei errespetuan, monologo bat egiteak, gobernantza bakarrizketan oinarritzen duela ikusita… Monologotan segitzen duena alderdiko presidentea da. Ez al die ba egunotan gobernu zentraleko sozialistei esan zaldiz ez aldatzeko ibaiaren erdian? Ateraldia gero, okurrentzia! Ibaia diseinuzko zubibidetzarrez baino pasatzen ez dutenak…

Total, 2. fasean gara! Eta laster, 3. faseko topaketak! Hauteskundeak esate aldera. Eta Eusko Alderdi Jaurlaritza kanpainan. AUPA! kanpaina kasurako, Bertako Produktuak Kontsumitzeko! Oraintxe jarriko nuke nik BPK hori ohiko Barne Produktu Gordinaren ordezko, ispilu aldatua gogoan. Bestelako ispilua bestelako Ajuriaenean. Aupa Enebeste!