Andoni ARABAOLAZA
ARGAZKI-LEHIAKETA

Ricardo Alvesen «Split Walls»gailendu da CVCEPhoton

Bigarren saria Vladimir Kochkinen «Mountin Shelter» lanak lortu du, eta hirugarrena, Mikael Helsingen «MTB en camino nevado» argazkiak. Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak antolatutakomendi argazki lehiaketak 60 herrialdetako 1.332 irudi jaso ditu.

Zoritxarrez, CVCEPhotok ezin izan du bere seigarren ekitaldia erabat biribildu. Covid-19aren birusak eragindako egoera larria dela-eta, atzo Donostiako Antzoki Zaharrean egitekoa zen gala bertan behera geratu zen. Gauzak horrela, antolatzaileek sari banaketa ekitaldia Youtube bitartez egin zuten. Eta, jakina, aurtengo edizioko protagonistak ezagutzeko parada izan genuen.

Lerroburuetan aipatuko dugu Ricardo Alves portugaldarraren “Split Walls” irudiak irabazi duela mendi jarduera ardatz duen nazioarteko argazki lehiaketaren azken edizio hau. Bigarren saria, berriz, Vladimir Kochkin errusiarraren “Mountain Shelter” lanak eskuratu du. Eta Mikael Helsing espainiarraren “MTB en camino nevado”-rentzat izan da hirugarren saria.

Eta sari banaketa “berezi” hori aipatu dugunez, CVCEPhotoren zuzendari Rafa Elorzak GARAri esan dio aurrez aurreko ekitaldia ez egitea pena handia izan dela baina, hala ere, beste era batera egiteko aukera izan dutela: «Pandemia honek gala osoa baldintzatu du. Une jakin batean, bertan behera uzteko egon ginen, baina egungo baliabideek ateak zabaldu dizkigute. Zuzeneko sari banaketak asko hurbiltzen du bertaratutakoa, baina atzo Youtuben bitartez saio polita egin genuen. Horretarako, sarituen laguntza eskatu genuen, eta ia guztiek bidali dute bideo bitartez eginiko agurra eta bakoitzaren argazkiaren azalpena. Horiekin guztiekin eta gure babesleekin zein laguntzaileekin, atzoko ekitaldi birtual hori biribildu genuen. Gogoratu behar dut Youtuben dagoela. Bide batez, argi dugu aurrez aurreko sari banaketa egingo dugula. Abenduan izango da, Mendi Film jaialdian, mendi zinemaldi hori CVCEPhotoren laguna baitugu. Gainera, urriaren amaieran argazkiak kalera ateratzeko asmoa dugu. Urtero bezala, Donostian, Euskal Trenbide Sarearen laguntzarekin».

Sei ekitaldi, beraz, argazki lehiaketa honek bete dituenak. Eta datu objektiboak kontuan hartzen baditugu, gero eta argiago geratzen ari da nazioarte mailan leku garrantzitsua hartu duela. Horren isla dira azken edizio honetako zifrak: 60 herrialdetako 499 argazkilarik 1.322 irudi aurkeztu dituzte. Alemaniatik, AEBetatik, Errusiatik, Esloveniatik... iritsi dira argazkiak. Eta, jakina, Euskal Herritik ere bai.

Aurreko edizioetako datuak ikusita, argi dago CVCEPhoto hazten ari dela. Hori horrela, Elorzak adierazi du seigarren ekitaldi hau arrakastatsua izan dela: «Ez da soilik gora egitea. Uste dut seigarren ekitaldi hau arrakastatsua izan dela. Batez ere, kalitatearengatik. Batez bestekoari begiratzen badiogu, izugarria izan da. Ekitaldi batzuetan, adibidez, argi ikusten genuen lehia nagusia bizpahiru argazkiren artean zegoela; besteak beste, beste irudiekin alderatuta, kalitate oso handia zutelako. Aurten, aldiz, borroka izugarria izan da, eta goi mailako irudi asko iritsi dira epaimahaiaren eskuetara. Argazki oso onak eta egile oso ospetsuak geratu dira ohorezko postuetatik at. Hori oso adierazgarria iruditzen zait. Finean, lehiaketa maila handia hartzen ari den seinale da».

Kalitate handia

Argazki lehiaketa goi mailakoa dela ez du inork zalantzan jartzen. Eta hori azaltzeko bi alderdi jorratuko ditugu. Batetik, aurreko ekitaldietan lehen lerroan ibili direnei aurten izen handikoak batu zaizkie. Elorza iritzi berekoa da: «Gure artean izan ditugun argazkilari berri batzuk izen handikoak dira. Eta beste edizioetan parte hartu dutenekin batera, lehiaketaren izena zabaltzen ari dela ikusten dugu. Hitz batean esateko, adituen agendetan leku bat izatea lortu dugu. Parte hartu dutenen artean beste bi datu gehitu nahi nituzke. Espainiako Estatuko argazkilarien lanek (105) gora egin dute. Alde hori sendotu da; uste dut eginiko lanaren oihartzunaren ondorio bat besterik ez dela. Bestetik, errusiarren eta oro har Ekialdeko herrialdeen presentzia asko handitu da. Handitzeaz gain, lanen kalitateak gora egin du».

Bestalde, sendotze maila horrek beste alderdi batean ere badu isla. Izan ere, International Alliance for Mountain Film erakundeko bi ordezkari CVCEPhotoren “bazkide” dira. Alegia, bi mendi zinemaldi. Bata ezaguna da: Mendi Film Festival. Bigarrenak, berriz, aurten bat egin du argazki lehiaketa honekin: Suitzako Festival International du Film Alpin des Diablerets-ek, hain zuzen.

Bada, biek ala biek euren aurtengo ekitaldietarako kartelen irudiak CVCEPhototik atera dituzte. “Mendi”-rena: Sandi Bertoncelj-en “Into the Light”. Eta FIFADena: Ralf Gantzhornen “Piz Bernina”. Euskal argazki lehiaketaren zuzendariak pozarren dago bi mendi zinemaldi horien parte hartzearekin: «Hala da, baina aldi berean erronka handia da adituen begiradapean egotea. Zorrotz jokatu behar dugu aurreikuspenak betetzeko. Lehiaketari proiekzioa emateko lan handia egin dugu, eta emaitza, besteak beste, FIFAD guregana erakartzea izan da. Bosgarren edizioa mugarria izan zen, eta seigarren honekin etapa berri bat hasi dugu».

Podiumera igo diren hiru irudien inguruan, atzoko ekitaldian honako azalpenak entzun genituen. Irabazlearen “Split Walls”: «Ricardo Alves eskalatzailea eta abentura-argazkigintzako profesionala da. Nazioarteko lehiaketetan saritua. Irudi hori Utah-ko Indian Creek eskalada gunean egin zuen. Argazki ia abstraktua da, bi aldiz begiratu behar den horietakoa. Aurrenekoan dimentsioan galduta gabiltza. Ez dakigu 50 metroko zabalera duen horma baten edo 50 zentimetroko baldosa baten aurrean gauden. Eskalatzailea ikusten dugun arte, eta hark ematen dio neurri erreala. Nabarmentzekoak dira ere artesien eta arrastoen simetria eta koloreak».

Bigarren sailkatuaren inguruko azterketa honakoa izan zen: «Vladimir Kochkinen irudi hori lehiaketak izan duen ezusteko bat izan da. Ez genuen ezagutzen. Hala ere, argazki hau ‘National Geographic’-en saritua izan da. Zalantzarik gabe, argazki horrek duen atmosferak asko erakartzen du. Eguraldi gordina, gau erdian, maisutasunez adierazten du. Irudi hori Uraletako mendi lepo batean aterata dago».

Eta hirugarren sailkatuaren argazkiaren inguruan epaimahaiak oso dinamikoa dela dio: «Argazkilaritzan esaten den bezala, ‘momentua’ harrapatzen du. Txirrindularia elurra harrotzen ikusten dugu, eta hori eskuarki eskian ikusten dugu. Gainera, bizikleta gidariaren begirada oso deigarria da, eta balioa gehitzen dio irudiari. Mikael Helsing Espainian bizi den suediarra da. Natura, abentura eta bidaietako argazkilaria da».

Atzo bertan egin zen Internet bidezko ekitaldian antolatzaileek honako mezua zabaldu zuten: «Argazki erakusketa bat prest dugu lehen 20 sarituen irudiekin. Mendi elkarteek edo erakundeek erakuts dezakete. Baina erreserba denboraz egin behar da; izan ere, eskaera handia dugu. Honekin batera sei edizio hauen inguruko hitzaldiak ematen ditugu. Eta lehen bost edizioen liburuxka ere salgai dugu».