Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Itzuli gara

Ematen zuen, konfinamendu zorrotzean, norbere ohiko bizimodua ez ezik, mundua bera ere geldirik zegoela, biratzeari utzi balio bezala. Ematen zuen, giza jarduera masiboaren etetearen ondorioz, gure mundu fisikoa, natura osoa, aire garbia arnasten ari zela, bere burua biziberritzen, geuk eragiten dugun zikinkeria, zarata eta, finean, suntsipenetik atseden hartzeko miraria gertatuta. Ematen zuen, halaber, gizakion arteko alderdi polit ugari bezala, alderdi itsusiak ere desagertuta zeudela, pertsonok munduari eta beste pertsona batzuei eragiten diegun indarkeria guztia, esate baterako.

Itxialdiaren garairik zorrotzenean, ia albiste negargarri bakarrak koronabirusarekin loturikoak zirenean, ematen zuen giza bortxarik ez zegoela, jendartearen gehiengoa etxean txintxo-txintxo sarturik min eragiteko aukerak normalean baino askoz urriagoak zirelako-edo, etxe barruan sarturik ere goikoen, azpikoen, aldamenekoen edota parekoen begi-belarriak, arreta, lehen ez bezala hor une oro zeudelako-edo, guztiari erneago.

Beharbada, eman ematen zuelako eta behingoagatik baretasunaren ostean indarkeria erauntsirik etorriko ez zelako itxaropenari eutsi nahi geniolako, izugarrizko errealitate-zaplaztekoak ekarri dizkigu giza jarduera berriz hasteak, kalean, lantokietan edota epaitegietan, esparru orotan. Albistegiak covid-19tik apur bat husten ari direnean, berriro hasi zaizkigu betetzen erailketaz, abusuz, erasoz, homofobiaz, arrazakeriaz, sexismoz, kaleratzez, borroka alderdikoiz, kolpe instituzionalez, epai bidegabez, bortxaz blaituriko kasu zahar eta berriz… bat-batean mundua berriz biratzen eta pertsonok elkarren artean harremanetan hastearekin batera tradizioz jakinak diren batzuek eragiten dituzten eta betiko beste zenbaitek jasaten dituzten dinamika biolento guztiek gainezka egin balute bezala, konfinamenduan izan ziren lozorro laburretik gainezka.

Eta horrela itzultzen ari gara, itxialdian hazitako giza aldaketa benetakorako esperantza oro bortizki zapaldurik, munduaren eta gizakion errealitatera, berritik ezertxo ere ez eta zaharretik dena eta gehiago duen normaltasunera: zuzeneko erailketa bat iruditan hemen; sexu-erasoa berriz baztertuta, abusua izan zela dioen beste epai bat han; enpresa boteretsu bateko langileria, erabili eta botatzeko merkantzia gisa tratatuak ez izateko protestan harago; hauteskundeak gogoan ala ez, politikariak beren zilborrei begira edonon…

Itzuli gara bizitzara, bai, dudarik gabe.