Automobilgintza, motorrak martxan baina zalantzaz josita
Automobilgintza sektorean covid-19ak izandako eragina aztertu dute Basque Trade & Investment eta Spri taldeek. Matrikulazioetan zein ekoizpenean jaitsiera emango dela ez da nobedadea. LABeko Industria Federazioko Zorion Ortigosak azaldu duenez, azpikontratetako eta aldi baterako langileen lanpostuak galdu dira.

Estatu espainolean alarma egoera iragarri baino egun batzuk lehenago, automobilgintza sektorea koronabirusaren eragina pairatzen ari zen dagoeneko. Iruñeko Landaben industrialdeko Volkswagen enpresan, esaterako, otsailaren bukaeran hasi ziren aldi baterako enplegu erregulazioa ezartzeko aukera aztertzen, Italiako hornitzaileen ekoizpena geldirik zela ikusita.
Martxoaren 15ean ekoizpena gelditu behar izan zuen Volkswagenek, eta, apirilean, aldi baterako enplegu erregulazio baten baitan, gutxika-gutxika eta aldaketekin abiatu zuen berriz ere jarduera. 5.000 pertsonako lantaldea du enpresak, eta, hasiera batean, langileen %32 itzuli ziren beharrera.
Gasteizko Mercedes faktorian langileek planto eginez lortu zuten ekoizpena gelditzea, martxo erdialdean. Pil-pilean zen osasun krisia eta segurtasun neurriak bermatzeko zailtasunak ikusita hartu zuten erabakia. Mercedesek apirilaren 27an berrekin zion jarduerari. Gasteizen ere 5.000 lagunek egiten dute lan eta maiatzaren 18tik aurrera lantalde guztia dago martxan.
Ziurgabetasuna
Jarduera berrartzeak, ordea, ez du esan nahi guztia ondo bidean denik. Automobilgintzaren sektoreari –beste hainbat arlotan gertatuko den legez– kosta egingo zaio itzartzea, otsailean egindako aurreikuspenetara itzultzea, alegia. Esaterako, Mercedeseko zuzendaritzak espero zuen 2020an ekoizpena 159.000 ibilgailura bitarte handitzea. Zailtxo izango du betetzea.
Automobilgintza sektorea indartsua da EAEn. Barne produktu gordinaren %10 ordezkatzen du eta koronabirusak eragindako krisiak ekoizpenean eragingo duela ezin da zalantzarik egin. Basque Trade & Investment eta Spri taldeek osatutako behatokiaren arabera, mundu mailako produkzioa %20 jaits daiteke. Estatu espainolean %45 jaitsi zen martxoan, koronabirusa gogor heldu zen hilabetean, alajaina. Ekoizpenari dagozkion apirileko datuak, berriz, oraindik ere osatu gabe daude –matrikulazioak %96 jaitsi dira Estatu espainolean–.
Erritmo baxuan eta oraindik aldi baterako enplegu erregulazioak martxan direla abiatu dute ekoizpena automobilgintzako multinazionalek eta hornitzaile gehienek. LABeko Industria Federazioko Zorion Ortigosa baikor da sektorea martxan jarri delako; ordea, langileen baldintzak alda daitezkeen beldur da. «Orokorrean, Hego Euskal Herrian ez da lanpostu finkorik desagertu», azaldu du lehenik. Baieztapen horrekin, baina, kontu handia eduki behar da. Segituan abisatu baitu Ortigosak sektorean behin-behineko tasa oso handia zela, hala nola aldi baterako laneko enpresen edo azpikontraten bidezko kontratazioak. «Langile horiek geratu dira lanik gabe», adierazi du. Are, langileok jarduerara nola itzuliko diren, itzultzen badira, kezka iturri da LABeko kidearentzat. «Aldi baterako langileak jarduera gelditu aurretik geratu ziren lanik gabe. Zaila ikusten dugu langileok lanera itzultzea, guztiek diotenez krisi edo aldaketa handiak egongo baitira automobilgintza sektorean. Testuingurua egokitzapenak egiteko baliatuko dute», azaldu du. Guztira, mundu mailan, ekoizpenean lan egiten duten 1.138.536 behargini eragin diezaiekete nolabait koronabirusaren albo ondorioek.
Aldi baterako langileen edo azpikontratatutakoen egoerak ez ezik, aldi baterako enplegu erregulazio espedienteetan daudenen egoerak ere kezka eragiten dio Ortigosari. Alarma egoera amaitzen denerako berme batzuk ezarri zituen Gobernu espainolak, kaleratzeak saihesteko, baina jada enpresa batzuek aurkeztu dituzte urte bukaeraraino luzatuko diren espedienteak. Horiek bukatzean, langileen eta zuzendaritzen artean adostasunik ez badago, posible izango da langileak sei hilabeteko epea itxaron gabe kaleratzea. «Agertokia oso irekita geratzen da eta oso kezkagarria da».
Hasiera batean, alarma egoerarekin lotuago daude edo zerikusi gehiago dute kontzesionarioek aplikatutako aldi baterako enplegu erregulazioek.
Nissan Bartzelona
Industrian eta, konkretuki, lerrootan lantzen ari garen automobilgintzan, goitik beherako kate lana da nagusi. Gestamp, CIE Automotive, TRV edo Faurecia bezalako enpresak dira autoak egiten dituzten multinazional handien hornitzaileak. Multinazionalak geldituz gero, lanik gabe geratzen dira hornitzaileak. Sernautoren arabera, Estatu espainoleko hornitzaileen %90ek apirilean berrabiarazi zuten jarduera eta gainontzeko %10ek maiatzean egitea aurreikusten zuten. Hala ere, urteko fakturazioan %20 eta %40 arteko jaitsiera nabariko dute.
Estatu espainoleko automobilgintza sektorea egoera larrian utz dezakeen erabakia hartu dute Bartzelonako Nissan faktorian. Izan ere, enpresa ixteko asmoa erakutsi dute. Maiatzaren 4tik greba mugagabean daude bertako langileak –3.000 behargin inguru–, beste irtenbideren bat aurki daitekeela uste dutelako. Hego Euskal Herriari dagokionez, Zorion Ortigosak baieztatu du hemengo hornitzaileek ez zutela lanik egiten Bartzelonako Nissan faktoriarentzat: «CIE Automotiven kasuan bai egiten ditu pieza batzuk Nissanentzat, baina ez Bartzelonako egoitzarentzako». Gauzak horrela, Nissan Bartzelonaren itxierak ez luke modu zuzenean eraginik izango Euskal Herriko automobilgintza sektorean. Aldiz, ekoizpen ereduetan moldaketak izango diren ustea du LAB sindikatuko kideak.
Arestian aipatu legez, Landabeneko Volkswagen faktoria jada otsailean igartzen hasi zen koronabirusaren eragina, pieza gehienak Txinatik eta Italiatik iristen baitziren. «Osagaiok zentimo batzuk merkeago erosteagatik erosten dituzte Txinan. Nafarroan, askoz zerbitzu hobeagoarekin, osagai askoz gehiago ekoiztuko balituzte, agian ez litzateke produkzioa hainbeste denbora geratuko».
Krisiaren eraginez, Volkswagenen talde osoaren fakturazioan %8,3ko jaitsiera eman zen urteko lehenengo hiruhilekoan. Enpresak onartu du koronabirusaren krisiagatiko kolpea «nabarmena» izango dela, baina hala eta guztiz ere irabaziez mintzo da multinazional alemana. Hain justu, Ortigosak horri heldu nahi izan dio. Automobilgintzako enpresa nagusi guztiak mintzo dira irabaziez, aurreko urtekoak baino baxuagoak noski, baina irabaziak, nolanahi ere. Nissanek soilik aipatu du urtea galera minimoekin amai dezakeela. Estatu espainolean, 2020. urtean 700.000 ibilgailu arin gutxiago ekoitziko direla aurreikusten du auto eta kamioi ekoizleen Anfac elkarteak.
Matrikulazioetan urte hasieratik zegoen beheranzko joera indartu du koronabirusak. Maiatzean, aldiz, jada martxoko zifrak errekuperatu ziren; hala eta guztiz ere, urte batetik bestera, %72ko jaitsiera eman da. Oraingoz, gainera, urteko aurreneko bost hilabeteetan iazko epe bereko matrikulazioen erdiak bakarrik egin dira.
Ortigosak aipatu du aurten irabaziak jaitsiko direla esatean, «egia ezkutatzen» ari direla enpresak; hau da, azken urteetan «izugarrizko irabaziak» eduki dituztela ezkutatzen ari direla. Kezka du azkenean krisiak langileek ez ote duten ordainduko.
Renove plana
«Zergatik ari dira horrelako datuak ematen? Finantziazio publikoa lortzeko. Autoen erosketa finantzatzea nahi dute, enpresei mailegu merkeak ematea, dirulaguntzak izatea», azaldu du Ortigosak. Koronobirusak eragindako egoerari aurre egiteko, autoak erosteko Renove plana berriro martxan jartzea lortu dute jada. LABeko Industria Federazioko kidearen ustez, baina, «autoen erosketa finantzatzea baino garrantzitsuagoa da etorkizuneko estrategia bat izatea». Izan ere, multinazional handiak elkartzen ari dira eta ezarritako oligopolioa are esku gutxiagoan geratuko da etorkizuneko autoa diseinatzeko. «Enpresok hemen gelditzeko estrategia bat izatea, inbertsioak egitea, gako izango da», amaitu du Ortigosak.
Brasilen stock pilaketak emango direla uste dute
Brasilgo automobilgintzako enpresek jarduera gelditu zuten martxoaren 23an eta, oro har, maiatz bukaerara arte edo ekainera bitartean ez dira berriro martxan hasi. Apirilean, esaterako, ekoizpena %99 jaitsi zen (1.800 ibilgailu egin ziren); hau da, guztiz geldirik egotetik oso gertu geratu zen automobilgintza. Nolanahi ere, IHS Marketek eginiko aurreikuspenen arabera, 2020an stock pilaketa emango da. Hau da, salduko diren baino ibilgailu gehiago ekoitziko dira Brasilen. Latinoamerikan FIATeko presidente Antonio Filosak adierazi du salmentetan «%40ko jaitsiera» emango dela.
Indian, bestalde, enpresa batzuek irekitzeko zailtasunekin jarraitzen dute. Batzuk hornitzaileak martxan hasteko zain daude, eta, beste kasu batzuetan, langileek zailtasunak dituzte lanera joan ahal izateko.
Estatu espainolean, Gobernuak ixteko agindua eman zien martxoaren 23an enpresei. Ondoren, hiriburuetatik kanpo kokatzen diren enpresek maiatzaren 3an jaso zuten lantegiak irekitzen hasteko baimena. A.U.A.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
