Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
XALTON ZABALA
45 URTEZ ZAZPI ITURRI PILOTA ELKARTEKO ARDURADUNA

«Klubetan baino, nik uste arazoa federazio eta erakundeetan dagoela»

Lehendik ere hala pentsatua zuen, baina koronabirusak nolabait aurreratu egin du Zazpi Iturri klubeko ardurak uzteko hartua zuen erabakia. 45 urte eman ditu Amezketako haurrei pilotan jokatzen erakusten, eta erreleboa emateko garaia heldu dela uste du. Pilotak bere bizitzaren parte handi bat bete du eta bere ikuspuntua beti da interesgarria kirol honen iraganaz, eta etorkizunaz, hausnartzeko.

Urte askoren ostean, Zazpi Iturriko ardurak utzi omen dituzu.

Bai, 1975ean hasita, orain arte, nahikoa da. Ni oso gustura egon naiz, baina ez naiz argi horietakoa izan. Esan nahi dudana da eman ahal izan dudan guztia eman dudala, baina jarraikortasun bat bilatzen ez dut jakin. Ikusten nuen hori, baina behin ere ez dut potrorik izan fabore eske edo laguntza eskean ibiltzeko eta neroni ito naiz, gauzak delegatzen joan ez eta eskura inor topatu ez dudalako; azkenean kaka zaharra eginda geratzen zara.

Nahiko gaitz orokorra da hori klubetan, ala?

Bai nik uste hala izango dela. Baina gainera gertatu zitzaidan frontoia hotza dela eta neguan asko sufritzen hasi nintzen. Hotzarekin biriketan asma bat edo sortzen zait eta pneumonia bat ere harrapatu nuen, handia, eta medikuak esan zidan ordu gehiegi ematen nituela hotzetan. Hasi nintzen mutiko batzuk eta nire ordez txikienekin lanean jartzen eta, baina guraso batzuk gaizki ohituta zeuden eta ez zitzaien ondo iruditu… Hor hasi nintzen pentsatzen ‘ni hemen alferrik nago eta alde egin dezadan’. Koronabirusa heldu zenerako erabakia hartua nuen.

Amezketan lan handia eginda utziko duzu; herri gutxitan irtengo ziren hainbeste profesional.

Bai, alde horretatik oso gustura nago, hain herri txikia izanda, hain pilotazalea eta hainbeste urtetan hor egotea, seinale ona da. Baina badakizu zer gertatzen den, figura bat irteten denean, gero biharamuna etortzen da, eta beti izan da horrela. Olatu bat bezala etortzen dela. Azkenerako, Jokin –Altuna– eta kenduta, gutxi dator.

Halako izar baten ostean, ez du ume gehiagok izenik ematen?

Bai, bai. Badaude batzuk, Saralegiren umeak eta, baina 9 urte dituzte eta tarte horretan ez da gauza handirik ikusten. Amezketan gertatzen dena da dauden ume guztiak frontoian ibiltzen direla; alde horretatik ez dago arazorik, baina gurasoak futbolzaleak baldin badira, semeak ez du futbola besterik ikusten eta errazago uzten dute pilota. Hasi bai, denak hasten dira, baina errazago uzten dute.

Belaunaldi baten azken katebegietako bat zara, era boluntarioan lan handia egin duena. Eredu hori amaituta dago?

Bai, nik uste amaituta dagoela. Gertatu dena da nik paper fabrikan lan egiten nuela eta ez nuela pilotako dirurik behar. Niretzat hobby bat zen eta nire ingurukoak agian izorratu egiten nituen, ze arratsaldeko erreleboa nuenean beti aldatu egiten nuen frontoira joateagatik, gauetan lanera... baina hor jarraitu genuen. Batzuentzat gogorra izango da, baina nik egin izan dut. Gaur egun beste era batean funtzionatzen da. Orduko ordainduko diete eta kito.

Zuen garaian pentsaezina zen hori, ezta?

Federazioan genbiltzanean, epaileei ordaintzea niri irain bat iruditzen zitzaidan. ‘Artistak ez dik kobratzen eta epaileak bai?’ Orain normala da, baina orduan…

Zer diagnostiko egiten duzu pilotaren egoeraz?

Nik uste dut 89an eman zela atzerapauso handiena, Diputazioak eskola-kirola jarri zuen garaian. Orduan pilota-eskola askok utzi egin zuten, esan zitzaigun titulurik ez genuenok ez genuela balio eta IVEFeko maisuak izango zirela pilota-eskolak emango zituztenak, eskoletatik aparte, guk ezin genuela pilotarik erakutsi. Pilota-eskola asko galdu ziren, Goierrin bertan Zaldibian, Seguran, Idiazabalen... Donostialdean Altza, Intxaurrondo… Hori izan zen atzerapauso garrantzitsuenetako bat, zeren GRAVNeko umeak galdu egin ziren. Eta gero, herri txiki hauetan beste galera handi bat etorri zen eskolak 14 urtera arte izan ordez, 12 urtera jaitsi zituztenean. Egin kontu, 11 urterekin Alegia edo Tolosara bidali behar dituzula umeak, eta 11 urte gutxiegi da, pilota-eskolan asko nabaritzen da. Herri txiki hauetan, normalean ez zara herritik mugitzen eta irten eta galduta ibiltzen zara, gu Arantzazura 10 urterekin fraile eraman gintuztenean bezala. Asko izorratu du horrek; ez da gauza bera egunero-egunero 12 urtera arte pilotan ibiltzea edo 14 urtera arte ibiltzea. 14 urterekin dagoeneko federatu zaitezke.

Pilota-lizentzia kopurua behera doa etengabe...

Bai, egunetik egunera. Zergatik? Kirol gehiago dagoelako eta beti betikoari laguntzen zaiolako, futbolari. Gutxien behar duenari gehien laguntzen zaio.

Kirol askoz gehiago dago, baina futbola gero eta indartsuago...

Hori ba, eta horrek zer esan nahi du? Diputazioak eta teknikoek nahi dutena esango dute, askoz jende gehiago dabilela orain kirola egiten, baina ez, askoz gehiago dabil futbolean. Lehen askoz gehiago ibiltzen ziren pilotan. Ni federazioan sartu nintzenean, 81ean, tokatu zitzaidan Gipuzkoako pilota-eskolen zerrenda bat egitea eta eskuzko eskolak 40tik gora zeuden, eta erremintakoak ere baziren beste 20tik gora. Gaur egun Gipuzkoan, benjamin, alebin, infantil eta kadeteetan, lau mailatan, bikote bat daukaten herriak oso gutxi dira.

Zer aldatu da gehien pilotan?

Teknikoki garapena izugarria izan da, Mikel Goñirekin, Titinekin eta Irujorekin, batez ere Irujorekin, sekulakoa. Telebista hasi zenetik asko igartzen da, umeek han ikusitakoa egin nahi izaten dute. Altuna irten zenean bezala, bere eskuineko bi paretak botatzen dituenetik, beste delegatuek asko esaten didate, Altunak zenbat lagundu duen eta zenbat izorratu duen, ume guztiak bi paretak botatzen...

Fisikoki ere, lehen handiek atzean jokatzen zuten, orain aurrelariak ere atleta handiak dira...

Gaur egun esaten da atzean edozeinek jokatzen duela, eta bai zera. Lehen handiek jokatzen zuten, txikiak ere izaten ziren, bihotz handikoak. Orain berriz, mutil handiak dira aurrean, garrotea dutenak, teknika... denetik. Beharbada, aurrean asko aurreratu da, baina nik faltan botatzen dut atzean pixka bat. Orain denek aurrelariak izan nahi dute, baina faltan botatzen ditut Beloki bat, edo Barriola bat, Patxi Ruiz bat… Edo Errasti bat, kolpe horren handirik ez izan ez arren, teknikoki onak direnak. Hutsunea handia da.

Pilotaria jaio edo egin egiten da?

Jaio egin behar du, bertsolariak bezala da. Zerbait daukanari erakustea badago, baina bestela borondate izugarria behar da, eta ordu pilo bat sartu eta memorizatu. Futbolean bezala da, Maradona eta horiek ere bakarrak dira. Sormena behar da, bertsolariak sortu egin behar du eta pilotariak ere bai, berak ikusi behar du. Nik izan ditut pilotariak, esandako guztia egiten zutenak, eta emazteak esaten zidan ‘honek oso ondo egiten du baina zuk esandakoan, berari ez zaio ateratzen, hori ez diozue erakusten’, eta arrazoi handia zuen.

Eta kluben osasuna nolakoa da zure ustez gaur egun?

Kinka larrian daude. Federazioak sukurtsal batzuk dira, jendea joaten da fitxatzera, txapelketak egiten dituzte; zuek kazetariok esaten duzuen bezala, ‘copiar y pegar’, horrelako zerbait. Urtetik urtera, ‘copiar y pegar’, batzuetan data aldatu egiten diete, beste batzuetan hori ere ez. Eta ez, federazioaren lana beste bat da; federazioa ez da bulego bat.

Ni sartu nintzenean, Javier Carballorekin, hark esaten zuen ‘igandean izan nintzen Orendainen eta ikusi nuen 14 urteko mutiko bat palan jokatzen ikaragarri’, eta Tolosaldeko delegatuari eskatzen zion hurrengo bilerarako haren fitxa han izatea. Lan hori orain federazioetan ez da egiten.

Eta federazioek ez diete laguntzen klubei; egiten dutena da kuota eta lizentziak kobratu, baina bueltan zer ematen du? Txapelketa bat muntatu, ez du dirulaguntzarik ematen eta, gainetik, klubek epaileak ordaindu egin behar dituzte. Ni federazioan egon nintzen garaian, orduan Zipriren pilotak izaten ziren onenak, eta federazioan erdi prezioan egoten ziren. Joan, probatu, aukeratu eta erosten genituen; gaur materialarekin berriketarik ez dago. Gero, txapelketa probintzialak egiten zirenean kilometraje bat izaten zuen klubak, eta sarien taula bat zegoen, txapeldunetik hasi eta hamaseigarreneraino. Txapelketa antolatzen bazenuen, 300.000 pezeta zenituen… orain ez dago horrelako ezer, eta klubei kendu egiten zaie.

Eta enpresa profesionalen aldetik ere ezin laguntza handirik espero...

Lehen federazioetarako enpresa bakoitzak jaialdi bat antolatzen zuen eta milioia behintzat ateratzen zen; orain ez dago ezer.

Formatzaile ere ibilitakoa zara...

Klubean sartuta dagoen pertsona batek merkatua kontrolatu egiten du, batez ere bere aurkariak ezagutu egiten dituelako. Nik jokatzen dudanean Urretxuren kontra badakit zein pilotari den ona, zer ez dagoen… ez jakinduria, baina kontrol pixka bat ematen du eta nik uste dut horregatik hartu nindutela, ez meritu handirik dudalako.

Halako pilotari bat txapelak irabazten ikusteak handia izan behar du...

Bai, hala da, oxigeno txute handia da. Batez ere, hainbeste lan egin baduzu pertsona batekin, ikusten duzunean bere helmugak betetzen ari dela, zuregatik baino gehiago beragatik asko pozten zara.

Zure esku balego, zer aldatuko zenuke pilotan?

Klubetan baino, nik uste arazorik handiena federazioetan dagoela, eta erakundeetan; Diputazio, euskal Gobernuan… galdu diren pilota-eskolak-eta berreskuratzen saiatu beharko luketela iruditzen zait. Esaterako, arraunean liga bat egiten saiatu behar zutela esaten hasi zirenean denek esaten zuten hura ezinezkoa zela. Baina bazegoen han presidente bat, erdi tonto bat, eskolak eta begiratu eta ikusten bazuen eskualde honetan bazirela 3.000 ume, hartu eta arraunean egiteko makina horietako batzuk debalde eman eta probatzeko ematen zizkien, eta oso on batzuk ikusten zituztenean, horiek arraunera. Mila era daude lana egiteko, baina bulego batean geldirik egoten baldin bazara, zaila da.

Gaur egun, gainera, estamentu bakoitza bere kasa dabil, harremanik gabe...

Horrela da, baina nik uste dut enpresak horretara joan direla. Klubak sobran bezala dituzte. Garai batean, enpresa profesional berri bat sortzen ari zirela entzun genuenean, uste genuen gu lan egiten ari ginen mutil horientzat aukera gehiago izango zirela, zenbat eta enpresa gehiago orduan eta hobe zela guretzat, eta baita pilotarentzat ere. Baina zer gertatu zen? EPEL edo hori sortu zuten, monopolio moduko bat egin zuten eta beste inork ez dauka enpresa izaterik eta horrek dena izorratzen du. Orain ia ezinezkoa da, telebistarik ez badaukazu…