2020/06/18

Kronika
EMAKUME EKINTZAILEEI BURUZKO EZTABAIDA
EMAKUME EKINTZAILEAK, MERKATUAREN LOGIKARI IHESI

EMAKUMEEKIN EMAKUME EKINTZAILEEN ELKARTEAK «GURE KONTURA: DIÁLOGOS CON PERSPECTIVA» IZENEKO «ONLINE» SAIOA EGIN ZUEN ATZO. HIRU ELKARRIZKETA MULTZO IZAN ZITUEN ARDATZ EKITALDIAK: EKITEKO MODUEI PRESTIGIOA EMATEKO BEHARRA, ERANTZUNKIDETASUNA ETA EKINTZAILETZAREN MUNDUAN DAGOEN SOLDATA ARRAKALA.

Maddi TXINTXURRETA
0618_eh_ekintzaileak
Cazamayor: «Garrantzitsua da denboraren lapurrak identifikatzea eta inperfektuak garela onartzea»

Ekintzailetzan esperientzia duten bederatzi emakumek, Miren Lauzirika EmakumeEkin elkarteko zuzendariak gidatuta, “Gure kontura: Diálogos con perspectiva” izeneko online saioan izan ziren atzo, negozio bati ekiteko emakumeek dituzten oztopoak gainditzeko estrategiak elkarbanatzen. Negozioaren kontzeptu klasikoaren mugak aztertu zituzten, egungo iruditerian nagusi diren enpresaburuen estereotipoak zalantzan jarriz eta arrakasta birdefinituz.

Lehenengo mahai birtualean izan ziren Marcelle Mardon arkitektoa eta gizarte-ekintzailea; Sonia Barrondo, Saskia Landa Inguruneko Ekintzaileen eta Enpresaburuen Sarearen sortzaileetako bat; eta Carla Peirano, Libertad Avenueren sortzailea.

Mardonek bere ibilbide aktibistan topatu dituen emakume ekintzaileen adibide batzuekin kokatu zuen eztabaida. Kontatu zuenez, Ugandan, bere hezkuntzagatik ordaintzeko aukerarik ez zuen neska gazte batek, «porrot egin zuela sentitu ordez», beste batzuei mikrokredituak emanda hezkuntzarako aukera eman zien. «Arrakasta zer den ulertzeko beste modu batzuk ere badaude», esan zuen.

Sonia Barrondok esan zuen Saskiaren helburuetako bat hazkunde pertsonala sustatzea dela, sinergiak bilatzea edo emakume ekintzaileen artean negozioak sortzea. Bakarka eta taldean zaintzen dira Saskian. «Energia eta denbora badugu, proiektu bat egingo dugu, bestela ez», agertu zuen.

Bestalde, azpimarratu zuten emakume ekintzaileek izaten duten arazoetako bat dela konfiantzarik ez dutela beren produktu edo zerbitzuari prezioa jartzerakoan, eta saltzen dutena merkatzera bultzatzen dituela horrek. Horregatik, Carla Peiranok proiektu baten «ibilbidea baloratzera» deitu zuen, ez bakarrik azken emaitza, porrotak onartuz eta horiekin aurrera eginez.

Genero arrakala

«Enpresaren kontzeptuari prestigioa eman behar diogu, ez gara enpresaburu gisa identifikatzen», esan zuen Eraberria Guneko Malu Ziordiak, Izaskun Rama Zurekin Emprenderen sortzailearekin eta Idoia Postigo BM30eko zuzendariordearekin partekatu zuen eztabaidan. Hiru hizlari horiek estrategiak proposatu zituzten ekintzailetzaren munduan genero arrakala desagerrarazteko, eta, behin betiko formula lortu ez bazuten ere, bidea egiteko gako batzuk eman zituzten: komunitatea, ahalduntzea eta «amestera ausartzea».

June Fernandez Pikara Magazine aldizkariaren sustatzaileak; Izaskun Merodio, Ekonomisten Euskal Elkargoko Genero Batzordeko kideak; eta Evelyn Cazemayor, Lapurdiko Andere Nahia elkarteko kideak covid-19aren osasun-krisiak agerian utzitako arazo bati heldu zioten: zaintza eta produkzioa.

June Fernandezek gogorarazi zuen estatuek eta gizonek «aprobetxatu» egin dutela emakumeen doako lana, eta aldarrikatu zuen konfinamendua testuinguru egokia dela «politika publiko hobeak eskatzeko».

Izaskun Merodiok azpimarratu zuen ekonomia bezala ulertzen dugunaren «fokua zabaldu» behar dela, ekonomia produktiboa sostengatzen duten zaintza lanak aitortzeko.

Evelyn Cazemayor denborari buruz aritu zen: «Garrantzitsua da denboraren lapurrak identifikatzea, alferrikako energia kontsumitzen duen guztia. Eta garrantzitsua da inperfektuak garela onartzea». Beraz, orekari bilakatzea gomendatu zuen: «Denboraren antolaketan lan egitea denbora hobeto aprobetxatzeko».