2020/06/20

Erreportajea
 
HARROTASUN MARTXA, HOGEI URTETAKO LGBT+ BORROKA BIARRITZEN

Aurten Biarritzen hogei urte beteko dituen Gay Pride martxa gaur zen egitekoa, baina, covid-19ak eragindako krisiaren eraginez, aldarrikapen eta festa eguna Internetez eginen da. Bi hamarkadotan egoerak hobera egin du, baina borrokatzeko arrazoiak ez dira bukatu.

Idoia ERASO
0619_eh_pride2

Urtero, Gay Pride martxa data ofiziala baino astebete lehenago ospatzen da Biarritzen, egun handian, jende gehiago biltzen dituzten Okzitaniako Tolosako edo Pariseko hitzorduetara joateko aukera uzteko. Gaur egin behar zen 20. Harrotasun Martxa, baina, krisiaren ondorioz, Internet bidez egiteko deia zabaldu dute Ipar Euskal Herriko LGBT+ mugimenduek eta ordezkari duten Bascos elkarteak. Bertako bozeramaile den Beñat Gaschenek azpimarratu duenez, «2020ko martxa oso sinbolikoa da, ez dugu nahi oharkabean pasatzea. Egunean zehar, Instagram, Facebook eta Zoom bitartez, aurreko urteetako bideoak, musika eta hitzartzeak izanen dira».

Urteurrena ospatzeko, bi hamarkadotan zehar izandako aldarrikapenak eta aitzinamenduak gogoan atxikitzeko “20 urte martxan, 20 urte borrokan, 20 urte berdintasunaren alde” erakusketa atondu du elkarteak. Pandemiaren ondorioz, ekainerako aurreikusitako estreinaldi data, irailera atzeratu da. Bitartean, erakusketaren osagarri izateko egindako Biarritzpride.fr webgunean, argazki, bideo, prentsa artikulu, azalpen... ugari aurki daitezke. «Transmisioa egitera behartuta gaude, eskubideak lortzeko eraman ditugun borroken berri eman behar diegu gazteei. Oraindik bada zer borrokatu», uste du 2004tik parte hartu duen Gaschenek.

Lehen martxa ofiziala 2001ean egin bazen ere, 2000. urtean baimenik gabeko manifestazio txiki bat egin zen Biarritzen, «gauzale eta elkartearen inguruko pertsona talde baten eskutik». 2001. urtean hiesaren kontrako borrokan ari ziren Aides eta Arsa elkarteek antolatu zuten Harrotasun Martxa, hiriko auzapeza zen Didier Borotraren baimenarekin. Tokiaren aukeraketan, alkatearen onespenak garrantzia izan zuen, baina baita historikoki Lapurdiko kostako hirian gay pertsonei egin izan zaien harrerak ere. Izan ere, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan dagoeneko, baziren homosexual giroko tabernak Biarritzen, eta beste estatuetako jendea ere hurbiltzen zen bertara.

Hala ere, LGBT+ talde egituraturik ez zen izan Biarritzen 2002ko martxa antolatzeko Lesbian Gay Pride Impact elkartea sortu zen arte. 2010erako mugimendua aski desegituratuta zegoenez, ordura arte kirol elkarte zen Bascosen esku gelditu zen antolaketa: «Galdetu ziguten arduratu nahi genuen, eta geroztik taldea ez da bakarrik kirolaren ingurukoa, soziala eta militantea ere bada».

Lehen urte horietako martxen eta egungoen artean izandako aurrerapausoa agerikoa dela nabarmendu du antolatzaileak. Garai batean LGBT+ jendea karriketan ikustea apartekoa zela oroitu du, eta mugimenduan bertan ere aldea agerikoa dela nabarmendu du: «Garaian hiesaren gaia bazen, desmasia handiak eragin zituena berdintasuna lortzeko, eta bikote homosexualen ezagutza administratiboa ekarriko zuen PACS itun zibila lortzeko borroka handia izan zen; injustizia sentimendua oso azkarra zen. Gaur egun, parte hartzaileak oso gazteak dira, beraien ikusgarritasuna bermatzearekin pozik daude, eta borroka zentzu hori, krispazio edo gatazka zuzeneko uneetara mugatzen da, 2013an sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren momentuan bezala. Baina guk etengabe oroitarazten dugu, martxa aldarrikatzailea dela; musika bada, karroak badira, baina aldarrikatzeko momentua da. Gaur egun ere egoera ahula da, eskubide berdintasunaren kontrako indarrak daudelako».

Egungo egoerari, azken 20 urteotako esperientziatik begiratzen dio: «2000. urtetik Interneten garrantzia handitzen ikusi dugu, aplikazioen sorrera... haustura ikusi dugu norbanakoen eta sozializazio tokien artean. Orain norbera bere alde ari da, eta, lortutako gauzei begiratuta, egoera arinki begiratzeko joera dago. Baina elkarteak eskubideak lortzen segitzeko borrokatzeko gaude».

EHGAM eta Gehitu, bidaide

Gipuzkoako EHGAM eta Gehitu LGBT+ elkarteen presentzia eta laguntza lehen urteetatik agerikoa izan da. 2005ean Biarritzeko Harrotasun Martxara Bidasoaren hegoaldeko kideak hurbildu ziren, eta gerora ere sostengua eta elkarlana etengabekoa izan da. «Laguntza horren beharra izan dugu. Mugimendua Iparraldean gehiago garatu ahal izan bada, Estatu frantseseko mugimenduagatik izan da, noski, baina baita laguntza hori zegoelako ere, teorikoa eta militantea», azaldu du Gaschenek. Azpiegitura mailan ere izan da elkarlana: «Iparraldeko gure elkarteak ahulak ziren eta, ondorioz, beraien laguntza izan dugu, adibidez, Euskal Herria Zuzenean festibalean prebentzio lana egiteko eskuorriak EHGAMek eman zizkigun».

Bascos antolatzeko ere Hego Euskal Herriko taldeek izan duten garrantzia azpimarratu du: «Gehitu bezalako elkarteen egituraketa eredu izan dugu. 300 kide gara, eta hamabost taldetan antolatuta gaude: soziala, besta girokoa...». Bilboko Aldarterekin ere lan egin izan dute, eta Hegoaldeko elkarteekin kolaborazioa jarraitzea «derrigorrezkoa» deritzo bozeramaileak. Bide horretan hiru hizkuntzetan izango den gida praktiko bat egiten ari direla jakinarazi du.

Bascos elkarteak bere lanarekin segitu ahal izateko beharrezkoa duen finantziazioa lortzeko bidean, koronabirusari loturiko krisiak eragin handia izan du, Baionan duten Txalaparta zentroa itxi behar izan baitute, eta udaberri eta udako ekitaldi handiak bertan behera utzi, aurrekontuaren %25 galduz. Egoera ekonomiko zailari aurre egiteko, “Gure koloreak berriz atzeman ditzagun” lelopean finantzazio kanpaina bat abiatu du.

Talde sozialak lanean jarraitu du, eta konfinamenduak pertsona batzuei kalte handia eragin diela egiaztatu du. «Harrera egiten diogun eta mobilizatzera eramaten gaituen publikoaren zaurgarritasuna agerian gelditu da. Eremu familiar LGBT+ fobikoa duten pertsona gazteen, lotura familiarrak hautsi dituzten adinekoen, prozedura administratiboak bertan behera uztera behartuta izan diren pertsona transgeneroen... prekaritate administratiboa egiaztatu dugu». LGTB+ migranteak ere gogoan dituzte Bascos elkartean, normalean asilo eskaerarako desmartxa administratiboetan laguntzen baitituzte.