Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Xar ala zahar

Pandemia honetan, adinekoek osasun-larrialdirik gabeko garaietan ukatuak dituzten agerikotasuna nahiz protagonismoa izaten ari dira, eta ez onerako, preseski: arrisku-talde, kezka-eragile, eztabaida-iturri, jomuga, hildako... dira, eta denon ahotan daude bai eremu pribatuan bai publikoan; azkeneko horretan, beste ezer baino, arazo direlako, ez nolanahikoa, gainera. Haietako asko eta asko beldurturik daude, bai birusa harrapatzeko beldurragatik beragatik bai telebistan ikusten eta entzuten dutena izuak edonor bertan seko uzteko modukoa delako, eta ez nau batere harritzen: lotsagarria da –ezin besterik esan– zein leku, estatus, ematen dien gure jendarteak edadetuei, nola tratatzen dituen, sentimendu zein nahi zein iritzirik ez duten traste zaharkituen masa hutsa balira bezala, labur esanda. Gure xarrak dira norbanako askorentzat, eta errespetatzen, maitatzen eta zaintzen ditugu; sistemarentzat, ordea, zaharrak besterik ez dira, erabilgaitzak, ez-produktiboak, gastu-sortzaileak, traba hutsa, azken finean.

Jakin bagenekien batzuok eta besteek, koronabirusak bat-bateko agerpena egin aurretik ere, egundoko problema dagoela adintsuak direla eta (entzun haien zaintzan jarduten duten profesional nahiz senideei, zahar-egoitzetako langileei, zahartzaro duinaren aldeko borrokan dabiltzanei...). Jakin bagenekien, eta ez bazenekien azken bolada honetan dezente argi geratzen ariko zaizu, problema horri nola begiratzen zaion, balizko konponbideak zeharo kontrajarriak direla, ez baita gauza bera pertsona horiek kausatzat ala ondoriotzat jotzea, hots, egungo sistemaren biziraupenerako gatazka-auzitzat ala egungo sistema kapitalista suntsitzailearen ondoriozko auzitzat. Abiapuntu erabat bateraezinak dira, eta hortxe dugu, hori bai, problemarik handiena (batik bat, xarrek, jakina, haiena baita jokoan dagoen bizitza; ez genuke ahaztu beharko, dena den, urteak ziztu bizian joaten direla... ea horrela enpatia sortzen zaigun).

Hortxe, eta erantzukizunak, ardurak nork hartu behar dituen bere gain, nola banatu behar diren. Izan ere, erakundeek dena egiten dute familien esku gera dadin haiek ere, beren filosofia sozialari eutsiz, eragiten duten problema, eta marroi bihurtzen dituzte aitona-amonak –bestalde kontziliaziorako hain estimatuak, haiek gabe ea nork lortzen duen-eta benetan–. Familian eta jendartean norentzat, zehazki, erantzukizun, ardura eta lan-karga itzel bezain bakarti bezain gutxietsia… erantzunik behar al du?