Nagore BELASTEGI
«IZURRIA HEMEN» ARGAZKI

BIZI IZAN DUGUNA MEMORIAN GORDETZEKO TRESNA

Informazioa azkar dabil gaur egun. Albiste asko jasotzen ditugu; benetakoak batzuk, faltsuak beste batzuk, gezurra diruditen egiak azkenak. Nola bereizi azken hilabete nahasietan gertatu dena? Eta nola oroituko dugu etorkizunean? Horretan lagundu nahi du GARAk Foku eta Harkaitz Canorekin batera ateratako liburuak.

Argazkilaritzari «memoria duen ispilua» deitu zioten kamerak asmatu zirenean, eta pandemian zehar, hain zuzen ere, argazkilariak horretan aritu dira: memoria jasotzen. GARAk “Izurria hemen” argazki-liburua kaleratu du, oso proiektu berezia, Foku agentziak egindako lanaren lagin bat erakutsiz. Marisol Ramirez argazkilariak kontatu digunez, bat-batean alarma egoera hasi zenean eta agenda informatiboa eten zenean, erregistratu beharreko momentu historiko bat zela ohartu ziren.

«Hasieran kaleak hutsik zeuden, isiltasuna nabari zen, jendeak dendetan ilarak egiten zituen baina hitz bakar bat ere ez zen entzuten. Pertsona bakoitzaren egoera desberdina izan da eta hori dokumentatzen saiatu gara, baina ezin genuen gaixotasuna ikusi, ezin izan dugu ospitaleetan sartu azken unera arte», kontatu digu. Azaldu duenez, hasieran kalean langileak baino ez zeuden eta elkarren artean konplizitate moduko bat sortu zen, eta horri esker oso erraza izan zen argazkilarientzat euren lana egitea. Izan ere, Fokuk langileen erretratuekin proiektu eder bat osatu zuen (NAIZeko galerietan ikusgai).

Egunek aurrera egiten zuten heinean, ordea, argazkilarien lana gogortzen hasi zen. «Lehen 15 egunak pasatu zirenean jendea urduritzen hasi zen, eta ateratzen utzi zigutenean tentsio handia bizi izan genuen. Irainak jaso ditugu; batzuek uste zuten gure erruz agian isuna jarriko zietela», esan digu Ramirezek. Hala ere, asko ikasi dute: «Egoerara moldatu gara eta lan egiteko askatasun handia izan dugu. Milaka istorio jaso ditugu, gerora berreskuratzeko modukoak. Ez dut esango ilusioz hartu genuela, baina bagenekien zerbait garrantzitsua izango zela», aitortu digu argazkilariak.

Errealitatea fikzioarekin uztartuta

“Izurria hemen” liburuaren erdia argazkiak dira. Beste erdia, hitzak; Harkaitz Canok egun horietan guztietan izan zituen sentipenen berri ematen du, eguneroko baten formatua erabilita. «Argazkilariak pribilegiatuak izan dira, aukera izan dutelako besteok joaterik ez genuen lekuetara iristeko. Iruditzen zait haientzat oso erronka polita izan dela. Idazleontzat erronka sentitzen ari ginena idaztea izan da», aipatu digu.

Hasieran bere kabuz hasi zen ohartxoak hartzen, bizitzea tokatu zaigun egun horiek etorkizunean oroitzeko, baina gero GARAren enkargua jaso zuen eta, eguneroko formatuan idatzitako ezer argitaratu ez duenez, aurrera egin zuen. «Eguneroko bati ahalmentzen zaion fikzioa dauka, erreminta bezala. Fikzioa ez da bakarrik gauzak asmatzea. Sintesia, gauzen ordena aldatzea, zer kontatu eta zer ez erabakitzea… idazle baten tresnak dira. Kasu honetan egunkarietan ikusi dudan fikzioa kendu egin dut. Irakurri genuen ‘ez edan lixiba’; fikziozkoagoa izan zitekeen hori, nik asmatutako zerbait baino. Uste dut idazleok nahastu gaituena hori izan dela: irakurtzen dugun horrek fikzioaren antz handiegia dauka. Adibidez, ‘Contagion’ pelikula zientzia-fikzio bezala etiketatuta zegoen, eta halako batean hori aldatu eta drama etiketa jarri zioten. Gure errealitatea berrizendatu edo kuestionatu behar izan dugu», adierazi du.

Canok bi ikuspuntu izan ditu egunerokoa idazterakoan; berea, herritar arruntarena, eta bere bikotekidearena, ZIUan lan egiten duen erizainarena. «Egunerokoaren funtzioa da gogoratzea pandemia nola bizi izan dugun, ia apokaliptikoa izan balitz bezala, eta nola bat-batean hori ere eteten den. Gauza gertagaitzak gertatu dira, Trump edo Bolsonaro bezalako pertsonaiak herrialde garrantzitsu biren presidente izatea, adibidez, eta horregatik gertagarriak diren gauzak gertatu direnean benetan gertatu diren ez dakigu», laburbildu su lasartearrak.