Asier ROBLES

PENTSIODUNEK ETA ADINEKOEN SENIDEEK INDARRAK BATU DITUZTE

BIZKAIKO PENTSIODUNEK ETA ZAHAR- ETXEETAKO EGOILIARREN SENIDEEK MANIFESTAZIOA EGIN ZUTEN ATZO, BILBOKO UDALETXETIK ALDUNDIAREN JAUREGIRA. PENTSIO DUINAK ESKATZEAZ GAIN, KORONABIRUSAREN KRISIAN EGOITZETAN IZAN DEN KUDEAKETA ETA ZERBITZU HORRETAN GERTATU DEN PRIBATIZAZIOA SALATU ZUTEN.

Beste astelehen batez, Bizkaiko pentsiodunak kalera atera ziren atzo, pentsio publiko eta duinak aldarrikatzeko. Atzo, ordea, koronabirusaren pandemiaren osteko bosgarren deialdian, zahar-etxeetako egoiliarren senideekin batera egin zuten manifestazioa.

Mobilizazioa 12.00etan hasi zen Bilboko udaletxe aurretik. Hiru ilaratan abiatu ziren, distantzia fisikoari eutsiz eta maskara jantzita. Hiru pankartak ireki zuten manifestazioa, “Bizi duina, egoitzen pribatizaziorik ez”, “Pentsio duinak, gutxienez 1.080 euro” eta ”Kalitatezko zaintzen alde” leloekin. Maskarak eramanda ere, aldarrikapenak ozen entzun ziren ibilbide osoan, eta «Jo eta ke, irabazi arte», «Atzerapausorik ez, borroka hau irabaziko dugu» eta «terrorismoa hilabete amaierara ez iristea da» oihuak errepikatu zituzten gehien.

Ordu erdian iritsi ziren Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregira eta, bertan, osasun krisian Aldundiak egoitzetan egindako kudeaketa salatu zuten. Andrea Uña Bizkaiko pentsiodunen bozeramaileak osasun-laguntza osorako eskubidea ez dela bermatu eta adinekoen egoitzetan ez dutela erabiltzaileen eta langileen kutsatzea saihesteko beharrezko prebentzio-baliabiderik izan nabarmendu zuen.

«Mendekotasuna artatzeko zerbitzu publikoak murriztea gobernuen estrategia da, multinazionalek eta inbertsio funtsek monopolizatutako ekimen pribatuek negozioa egin dezaten pertsonei arreta emateko beharren kontura, eta lan baldintzak okertzen dituzten bitartean».

Halaber, pandemiak Bizkaiko egoitzetan izan dituen ondorioei buruzko informazio gehiago eskatu zioten Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiari, «horietan izan diren heriotza kopuru kezkagarriak direla eta». Izan ere, koronabirusaren eraginez, gutxienez, 290 pertsona hil dira Bizkaiko zahar-etxeetan osasun krisia hasi zenetik, Aldundiaren datuen arabera.

Zaintza sistema publikoa

Babestuk, mendekotasuna dutenen senideak eta adinekoen zaintzarekin sentsibilizatuta dauden pertsonak biltzen dituen Bizkaiko elkarteak, ere parte hartu zuen mobilizazioan. Amaieran, Juani Cespedes presidenteak egoitzetako «baliabide eta langile falta» salatu zuen. Horren harira, egoitzen pribatizazioa salatu eta egoitza publiko gehienak kudeaketa pribatukoak izatea gaitzetsi zuen. Azkenik, Babestuk zaintza sistema publiko eta unibertsal baten alde egiten duela adierazi zuen.

Jon Fano Bizkaiko pentsiodunen bozeramaileak adierazi zuenez, uztailaren 12ko hauteskundeei begira, pentsio publiko duinen buruzko iritzia eman dezatela eskatuko diete alderdiei. Ildo horretatik, «kalera irtetea inoiz baino garrantzitsuagoa dela» nabarmendu zuen.

Bilbon ez ezik, dozenaka herritan ere atera ziren kalera pentsiodunak. Gasteizen, Arabako pentsiodunek manifestazioa egin zuten Santiago ospitaleraino, eta bertan osasun arloko langileei babesa eman zieten, «osasun krisiak iraun duen bitartean egindako lanagatik». Horretaz gain, azken urteetan osasungintzan izandako pribatizazioa kritikatu zuten.