2020/06/26

Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
Ekainak 28
Argi dago irtenbidea ez dela normaltasunera itzultzea, gizarte-ereduak ezartzen dituen arauekiko disidenteak direnentzat horrek diskriminazioa, ikusezintasuna eta bazterkeria baitakar

Badira egutegian izen propioa duten egunak; beren karga sinbolikoa horren handia da, non data horiek aipatu eta berehala irudiak eta oroitzapenak etortzen zaizkigun burura. Oso galduta ibili behar dugu, esaterako, Maiatzaren 1ean edo Martxoaren 8an zer aldarrikatzen den ez gogoratzeko. Igandean izango den Ekainaren 28a egun ahaztezin horietako bat bihurtzeko bidean da, dudarik gabe. LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunak gero eta indar zein proiekzio handiagoa du: Stonewalleko errebolten ondorioek gero eta irismen handiagoa baitute.

Lortutakoa ospatzeko eguna izango da, jakina, baina baita eskubideen eremuan aurrera egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere. Covid-19aren pandemiaren ondorioz bizitzen ari garen ezohiko une historikoak, nazioarte mailan, kaleko desfileak eta manifestazio jendetsu esanguratsuak bertan behera uztea ekarri du. Dena den, ez zaigu faltako gure burua non adierazi. Beharbada, aurten ez da horren beharrezkoa izango borroka eguna dela azpimarratzea. Azken urteetan, Pride ospakizun eredua ezarri nahi izan da, bereziki Bilbon, ekitaldi handien dinamikarekin jarraituz eta turismo politikei lotuta. Hau da, aldarrikapen egunaren erabilera merkantilizatu nahi izan da; aurten behintzat are zailagoa izango dute hori lortzea.

LGTBI pertsona askorentzat konfinamenduak eragin bereziki negatiboa izan du. Feminismotik azpimarratzen den bezala, familia eta etxea ez baitira beti leku seguruak, lan-prekaritateak eta kaleratzeak zaurgarrienentzat batik bat eragina duelako, eta zerbitzu publiko espezializatuen sarrera zailagoa bihurtu izan delako, besteak beste. Hala eta guztiz, argi dago irtenbidea ez dela normaltasunera itzultzea, gizarte-ereduak ezartzen dituen arauekiko disidenteak direnentzat horrek diskriminazioa, ikusezintasuna eta bazterkeria baitakar. Era berean, ez da onargarria normaltasuna berdintze edo asimilazioaren sinonimo izatea. Identitate eta sexualitatea askatasun osoz bizitzea da helburua; heteroarauak ezartzen duen markotik at.