Iosu Lizarralde, Endika Martinez eta Jose Krutz Oiartzun
Sortuko militanteak
GAURKOA

Itzaletik argira: Irunberri 30 urte

Hogeita hamar urte luze pasatu dira Irunberriko arroilan gaurdaino argitu gabeko gertakari tragikoa jazo zenetik. Gertakari haien ondorioz ETAko kide Jon Lizarralde andoaindarra eta Susana Arregi oñatiarra hilik agertu ziren gaurko egunez eta German Rubenach, larriki zauritua, bezperan.

Itzal asko daude han gertatutakoaren inguruan eta bi mezu nagusi zabaltzera gatoz gaurkoan: argia behar dela exijitzera eta gure herrikideak ahanzturan eror ez daitezen oroimenean ditugula berrestera.

Argia behar dela exijitzen dugunean egia itzaletik argira atera behar dela esan nahi dugu. Irunberriko arroilan gertatutakoa ikertzeko abian jarri ziren ikerketa bakanek ibilbide judizial laburra edo gorabeheraz betea izan zuten, eta ezinezkoa izan zen gertatutakoaren egia jakitea. Guardia Zibilaren bertsio ofizialaren arabera, batak bestea tirokatuz beren buruaz beste egin zuten etakideek, baina froga forentseek eta argitu gabeko datuek ez dute bertsio hori babesten. Jose Luis Corcuera garaiko Barne ministroak adierazi zuenez: «La inocencia de la Guardia Civil la supongo, como corresponde a un estado de derecho. Serán los que opinen lo contrario quienes deban aportar la pruebas necesarias». 30 urte beranduago, elementu gehiegi dira bertsio ofiziala kontrajartzen dutenak, eta hasieratik argi izan dugu Jonek eta Susanak ez zutela beren buruaz beste egin, bertsio ofizialak aditzera eman nahi izan zuen bezala. Ozen diogu Jonen eta Susanaren heriotzaren inguruko egia oraindik ez dakigula, eta jakiteko dugun eskubidea exijitzen dugu. Bertsio ofizialen kutxa iluna irekitzeko eskatzen dugu.

Gure senide eta lagunekin zer gertatu zen, nork erail zituen, zein baldintzatan erail zituzten eta zergatik erail zituzten jakin behar dugu, egiaren parte garrantzitsua baita, eta guk egiari ez diogu mugarik jarriko. Susanaren eta Jonen heriotzaren inguruan dauden erantzun gabeko galderak, pasarte ilunak eta argitu gabeko zirkunstantzien egia osoa jakitea eskatzen dugu.

Baina gaur, askatasunaren aldeko borrokaren garrantzia eta bide luze eta gogor honetan den-dena eman duten Susana, Jon eta German gogora ekarri eta beren eskuzabaltasuna balioan jartzeko desioa ere adierazi nahi dugu.

Azken urteotan ezker abertzale osoaren estrategia aldaketak nazio askapen prozesua aurrera eramateko baldintza berriak sortu ditu. Dena dela, atzerako begiratu bakoitzean beti oso aintzat hartu behar dugun gogoeta bat ekarri nahi dugu irakurle guztien hausnarketa pizteko. Fase berri batean gaude, dudarik gabe, eta aukera berriak sortu ditugu, ezin ukatu. Baina guk ez diegu sekula bizkarrik emango askatasunaren sarrera-ateraino ekarri gaituzten kideei. Oker dabil kontrakoa espero duena. Autokritika eta gizatasuna azken bururaino eramanda ere, guztien ekarpena balioan jarriko dugu.

Beraz, ez dugu onartuko inposatu nahi diguten hipokrisiaz jositako «injustu»-aren inguruko eztabaida semantikorik. 30 urte hauetan guztietan justiziak ez baitu gure aterik jo. «Justua» eta «injustua»-ren eztabaidan ez gara gu moral bikoitza erakusten dugunak. Gaur, Jon eta Susana erail eta German larriki zauritu zuteneko 30. urteurrenean, indarkerien ondorioei buruz bi hitz esan nahiko genituzke. Hasteko eta bat, jokabide etikoaz ari garelarik, eztabaida honi abiapuntu sendoa jarri nahiko genioke. Inork, gobernu arduretan egon diren alderdi politikoen ordezkariek ere, ezin dute ez ikusiarena egin, denek eta salbuespenik gabe indarkeriaren erabilpenean erantzukizunak izan dituztelako eta kasu batzuetan jarraitzen dutelako izaten. Gaur, euren neurriko etika adierazpenak exijitzen dizkiguten horiei esan nahi diegu bortxaren sorburua eta ardura alde bakar batean kokatzeko eta sufrimendua kategorizatzeko saiakera diskriminatzailea ez dugula inoiz onartuko.

Bestalde, beraien gogoz kontra sortu den denbora politiko berri honetan bakea, normalizazioa eta eskubide guztien errespetua helburu daukagulako, esan nahi dugu elkarbizitza eraikitze aldera beharrezkoa dela biktima guztiei zor zaien aitortza, justizia eta erreparazioa ematea. Eta hori benetakoa izan dadin, gizarte honi normalizazioaren bidean ariketa baliagarri gerta dakion biktima guzti- guztiek jaso behar dutela, inongo bazterketarik gabe. Ez gaude prest lehenengo eta bigarren mailako herritarrez hitz egiteko; ez gaude prest ondorioz biktima errespetagarriez batetik, eta bestetik ahaztu beharrekoez hitz egiteko.

Biktima guztiei zor zaie aitortza, guztiei, azkeneko 50 urteotan estatuen bortxaren ondorioz hildako ehunka euskal herritarrei ere bai, baita milaka torturatuei ere. Horiek guztiek tokia eta errekonozimendua edukiko dute, noiz edo noiz, herri honetan gertatu diren eskubide bortxaketa guztiak ikertuko dituen Egiaren Batzordean.

Egoera hau gainditu beharra, horretarako orube demokratikoa eraiki eta egia osoa ezagutzeko ezinbestekotasuna izan dira, eta dira, gatazka konpontzeko gakoak, eta denok batera jo behar dugu orain artekoa errepikatu ez dadin, eta herri honen eta herritarren eskubide guztien aitortza eta errespetua denon zoru demokratikoa izan daitezen.

Tamalez Euskal Herri osoan zehar egiarik gabeko kasuak ditugu, heriotza eta erailketa kasu ilunak, argitu gabeak, eta gaur idatzi honetan gogora ekarri nahi ditugu egiaren bila bizitza erdia dedikatu zuten senideak, egia ukatuta joan zitzaizkigunak. Oroimen beroena, Susana Arregiren neba zen Karmelo eta Jose Luis aitarentzat eta Jon Lizarralderen ama zen Dominika Urretarentzat.