Andoni ARABAOLAZA
EKIMENA

Joxe Takolo bekarenaurtengo edizioakxede erakargarriakbildu nahi ditu

Goi-mendi, abentura, zientzia, esplorazio eta dibulgazioarekin lotutakoproiektuak uztailaren 13ra arte aurkez daitezke Azpeitiko udaletxean.

Euskal Herrian badira mendizaletasuna bultzatzeko antolatzen diren hainbat beka. Duela gutxi, orrialdeotan horietako baten berri eman genizuen. Xabier Ormazabal mendizale urretxuarraren oroimenez egiten denaren aurtengo irabazlearen berri eman genuen.

Orain, berriz, Joxe Takolo bekarekin gatozkizue. Ekimenaren izenak ondo baino hobeto adierazten duenez, Joxe Urbieta “Takolo” mendizale azpeitiarra du gogoan. Lasai asko aitor dezakegu euskal mendizaletasunarekin lotutako proiektuak bultzatzen aitzindaria dela. 2001. urtean egin zuen lehen urratsa. Hots, Takolo zendu eta hurrengo urtean.

Oro har, alpinismoaren, himalaismoaren eta eskaladaren inguruko xedeak saritu ditu. Eta arrazoi ezberdinengatik, lau ekitalditan eman geratu da beka.

Ibilbide luze zein oparoa, beraz, Joxe Takolo bekak izan duena. Hala ere, garaiek zein mendizaletasunaren bilakaerak hala behartuta, Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Mendizale Federazioak antolatutako ekimen honek hainbat aldaketa izan ditu bere baitan. Adibidez, mendizaletasuna ez dute soilik kirol ariketa batekin lotzen. Eremu hori zabaldu eta beste ikuspuntu bat eman nahi izan diote. Horregatik guztiagatik egitasmo honek azkenaldiotan goi mendizaletasunarekin, abenturarekin, zientziarekin, esplorazioarekin eta dibulgazioarekin lotutako proiektuak bultzatzeko erabaki argia hartu du.

Epea zabalik

Horiek dira Joxe Takolo bekak dituen lerroburu nagusiak. Bada, aurtengo ekitaldia xedeak jasotzeko prest da; hots, epea zabalik da. Antolatzaileek uztailaren 13ra arteko tartea eman dute, eta proiektuak Azpeitiko udaletxean bertan edo egoitza elektronikoaren bidez aurkez daitezke.

Horren guztiaren berri Egoitz Arrutik eman du. Azpeitiko udal gobernuko kirol batzordeburuak euskal mendizaleak animatu nahi izan ditu egitasmo honetan euren proiektuak aurkez ditzaten: «Duela hiru urte, beka honek inflexio-puntu bat izan zuen. Hainbat aldaketa egin ziren, eta uste dugu indarberrituta atera zela. Beraz, Joxe Takoloren izena eta izana goi mendizaletasunari lotuta jarraitzeko bekari eusteko konpromisoa dugu. Mendizaletasunak eta gure balioek erabat bat egiten dute, herri izaera zehatz bat sortzen lagundu du eta horretan jarraitzea nahi dugu».

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, batzorde tekniko batek zehatz-mehatz aztertuko ditu aurkezten diren egitasmo guztiak. Eta horiek baloratzeko hainbat irizpide hartuko ditu kontuan. Proiektuaren originaltasunak zein zailtasunak indar handia izango dute. Alegia, batzorde tekniko horrek garrantzi handia emango die bi irizpide horiek jasotzen dituzten egitasmoei. Hale ere, beste batzuk ere hartuko dituzte aintzat: parte-hartzaileak (euskaldunen kopurua, parekotasuna eta inklusibotasuna) eta jardueraren eta baliabideen finantzaketa (aurrekontua, proiektuaren iraupena eta zein ingurutan gauzatuko den).

Antolatzaileek honakoa gogorarazi nahi dute: «Proiektua aurkezten dutenek, diruz laguntzea eskatu den proiektuaren edo jardueraren ardura duen ordezkari edo pertsonek, eskari-instantzia ofizialaren atal guztiak bete beharko dituzte. Eta NANaren eta partaideen federazioaren lizentziaren kopia ere erantsi beharko dute».

Sariari dagokionez, aurkeztutako egitasmo onenak 3.000 euroko dirulaguntza jasoko du. Argibide gehiago nahi izanez gero, honako helbidean duzue: www.azpeitia.eus.