Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Jazzaldia, doan eta aire zabalean

Donostiako Jazzaldiaren 55. edizioa hasteko egunak zenbatzen ari garela iragarri du antolakuntzak Kursaaleko atzealdean, aire zabalean eta doan, eskainiko direla 21 kontzertu bertako taldeen eskutik. Espazioak mugatuak izango dira eta terrazen moduan egituratuko dira, mahai eta aulkiekin. Murriztuta bada ere, 8. Txikijazza ere egingo da, lau kontzerturekin.

Zailtasun handiak gaindituta, Trinitate enparantzan, Kursaaleko auditorioan, San Telmo Museoan eta Victoria Eugenia antzokiko espazio itxietan eskainiko diren kontzertuei Kursaaleko terrazetan izango diren 21 emanaldi gehituz osatu du Donostiako Jazzaldiak 55. edizioko programazioa. Xehetasunak atzo eskaini zituen Miguel Martin jaialdiaren zuzendariak eta, azpimarratu zuenez, kontzertu «gehientsuenak» bertako taldeek eskainiko dituzte.

«Hilabete batzuk atzera, egoera oso zaila zela ikusten zenean, Trinitate enparantza salbatzea zen nahia eta, egoerak ahalbidetzen zuen neurrian, beste espazio batzuk eransten joatea. Bide horretan argi genuen Kursaaleko terrazetan eskaini ohi ziren emanaldiak eskaintzea zela beste helburua. Kezkak kezka –eta ez dira gutxi izan, azaldu zuen Martinek–, bi ziren helburuak. Bata, bertako taldeentzat hain garrantzitsua den erakustokia mantentzea. Errealitate bat dira eta asko dute esateko. Beren espazio hori bermatzea lehentasuna zen. Bigarren helburua, jakina, segurtasun eta osasun berme guztiekin egitea».

Eta bigarren helburu hori betetze aldera etorri dira, formatu aldetik, aldaketa nagusiak. Martinek iragarri zuenez, Kursaal atzealdeko bi terrazetan taberna eta jatetxeetan jarraitzen den protokoloa ezarriko da. Alegia, aulkiak eta mahaiak egongo dira, eta 250 pertsonarentzat lekua egongo da terraza bakoitzean. Pertsonak heltzen doazen neurrian okupatuko dira lekuak, bete arte. «Bi metroko distantzia egongo da mahaien artean eta edariak bertara zerbitzatuko dira, ez da barrarik egongo eta jendeak ez du zutitu beharko».

Pertsonen arteko distantziak betetzen direla bermatzeko, gainera, dantza egitea debekatuta egongo da; zutitzea, azken finean. Neurri guztiek zuzen-zuzenean eragingo diete oholtzara igoko diren talde guztiei ere: musika talde bakoitzeko hiru kide baino ez dira igoko agertokira gehienez, eta bateriarik ez da izango, perkutsio soinuek dantza egiteko gogoa sustatzen baitute. Erritmo aldetik, beraz, beste soinu batzuk bilatu dituzte. «Ganberako dei genezakeen formatuan aurkezteko eskatu diegu taldeei, perkusiorik gabe», zehaztu zuen Martinek.

Terrazetako emanaldiak

Lehen kontzertua hilak 21ean izango da, 20.00etan, eta, sei egunez 21 kontzertu eskainiko dira terrazetan. «Programa ezagutzen ditugun musika eta taldeetan oinarritu dugu», erantsi zuen Martinek. Programazioa Randy Greer Trio taldeak zabalduko du; biharamunean pasako dira bertatik Connection Trio (17.00), Around Midnight (19.00), Jaso-Gimenez-Escrich Trio iruindarrak (21.00) eta Randy Greer Trio valentziarrak (bertakoa ez den salbuespena).

Hurrengo egunetan parte hartuko dutenak dagoeneko Jazzaldian aritu den Les Fous, Musikenen ikasketak amaitu berri dituzten musikariek osatutako Los Juanes taldea eta Katapulta zirkuituan ibili den Lemy River dira. «Disko baten grabaketaren erdian harrapatu gaitu itxialdiak eta Jazzaldia bezalako jaialdi batean aritzea pribilegioa da oihartzun handirik ez dugun musikariontzat», adierazi zuen abeslariak. Beasaindik etorriko da Matilda taldea (hilak 25ean, 23.00etan) eta Donostiatik bertatik Sara Zozaya gaztea (hilak 25ean, 19.00etan). Bere diskoa aurkezteko bira erabat etenda, Jazzaldiak egin duen ahalegina eskertu zuen prentsaurrekoan.

Beste bi izen propio ere eman zituen Martinek: Idoia Asurmendi (hilak 26an, 19.00etan) eta Sara Mansilla. «Jazzak eman duen ahots dirdiratsuenetako bat», adierazi zuen Jazzaldiko zuzendariak. Azken egunean eskainiko du kontzertua, 17.30ean, Zurriolako terrazan.

Txikijazza, bi espaziotan

Aurtengo Jazzaldiaren edizioa murriztua izanagatik, duela zortzi urte haurrentzat abiatutako Txikijazza ez dute bertan behera utzi nahi izan aurtengo edizio berezia. Hala, kontzertu batzuk mantenduko dituzte, ez horrela ekimen osagarriak. Kontzertuak bi agertokitan egingo dira: Tabakalerako Kutxa Kultur terrazan, hiru euroren truke; eta Zurriolako terrazan, doan.

Txikijazzaren zortzigarren edizioa uztailaren 23tik 26ra egingo da eta lau emanaldi eskainiko dira, bina espazio bakoitzean. Maskarak derrigorrezkoak izango dira 6 urtetik aurrera eta eserlekuak iritsi ahala esleituko dira. Kursaaleko terrazak 300 pertsona hartzeko gaitasuna du; Kutxa Kulturrekoak, 74. Aurreratu dutenez, familiek soilik sartu ahal izango dute; hau da, gutxienez adin txikiko bat eta heldu bat izan beharko dira.

The Binilo’s, Los Juanes eta Sara Mansillak osatzen dute txikiak jazz musikara gerturatzea helburu duen egitasmoaren programazioa. Sarrerak dagoeneko salgai daude.