Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Zapiak bat! Oasi halakoa!

Kolpea gero! Hauteskundeak izan eta oso gutxira, hara! maskarak derrigorrez jantzi behar, hondartza nudistetan ere bai! Ez dakit nik Zerk ekarri duen Zer. Oasi halakoak! Total, oraingoan bai, zazpiak bat! Zazpietan zapia behar, Zapiak bat! Birusak batzen gaitu; “oronabirusak” gurean segitzen du. “Zutik!” esango luke alderdiren batek.

Tira, botoen harira! Igande gauak eman zuen argazkia. Zenbaketaren arabera, 75 aulkiak bete dira, erroldaren arabera erdiek edo hutsik egon beharko lukete baina… Hortxe diferentzia, Matematika eta Soziologia! Politika ofiziala osasuntsu ez dabilen seinale, birus larregi seguruenik; eta maskara berak ezin denei aurre egin. Are gutxiago, maskarak kanpotik ekarri behar badira.

Ama, ama! Esperoan nago oraindik zertan izango den berri normaltasun berria, maskaratik harago, zaharraren usaina hartzen baitiot nik, momentuz. Ko-gobernantza baino lehenago, gobernantza bera zertan duten jakin minean nago… Eta ea oraingoan haserretu gabe eusten dioten Osasun Zailari! Hortaz, misteriorik ez duena da, bestela mirakulua! Lakuako gobernuaren osaera. Eusko Alderdi Jaurlaritza jaun eta jabe, eta bestea “subsidiario”, gobernuak berak Zaldibarreko horretan egon nahi izan zuen modura, subsidiario. Gogoan!

Legebiltzarrean gauza berriak bai ikusiko, pasilloetan baino ez bada ere. Orain arte ukondoka ibiltzen ziren gobernukideak eta oposiziokoak osoko bilkura batzuetan, eta orain ukondoka ikusi beharko gobernukideak berak konplizitate seinalean. Uda arraroa aurtengoa, hondartzako marmokek ere igarriko! Herrietan hasi naiz kartelak ikusten: “Ez-jaiak”, egitaraua eta guzti… Total, Ongi Etorri Errefuxiatuak batzuk, Ongi Etorri Erre…fusa beste batzuk. Monarkak biran. Ez-monarkak balira sikiera! Maskara bai, sudurrak babesteko. Nolako egurra halako ezpaina… zelan zen?